Feantsa erakundeko eskubideen arloko arduraduna

Maria Jose Aldanas: «Europako migrazio politika disfuntzionalen ondorioz etengabe ugaritzen ari dira etxerik gabekoak»

Feantsa gobernuz kanpoko erakundeko kidea da Aldanas: Europako erakundeetan lobby lanak egiten dituzte kale gorrian daudenen eskubideen alde. EHUren udako ikastaro batean parte hartu du aste honetan.

Maria Jose Aldanas, Feantsa erakundeko eskubideen arloko arduraduna. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maria Jose Aldanas, Feantsa erakundeko eskubideen arloko arduraduna. MAIALEN ANDRES / FOKU
kristina martin
DONOSTIA
2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maria Jose Aldanas (Salamanca, Espainia, 1970) Zuzenbidean graduatua da, Feantsako eskubideen arloko arduraduna eta Housing Rights Watch sareko koordinatzailea. Feantsa gobernuz kanpoko erakundeak lobby lanak egiten ditu Europako erakundeetan, martxan jartzen dituzten politiketan neurriak txerta ditzaten etxerik gabekoen eskubideak bermatzeko. Aste honetan, Aldanasek hitzaldia eman du Donostiako Miramar jauregian, Komunitatean eta komunitatetik gizarteratzeko laguntza izeneko EHUren udako ikastaroan.

Zer da etxegabetasuna? Kalean bizitzea?

Etxegabetasunaren kontzeptua modu zabalean hartzen dugu: batetik, kalean eta larrialdietarako harrera zentroetan bizi diren horiek daude, eta egoera hori da ikusgarriena; bestetik, bizitegi bazterketa pairatzen dute etxegabetze arriskuan daudenek edo baldintza duinetan bizi ez direnek ere —pilatuta bizi direlako, edo baldintza txarretan dauden eraikinetan—. Etxegabetasuna ez da egoera finko bat, bizitzako aldi batzuetan gerta daiteke kalean bizitzea, gero lagun baten sofan lo egitea edo alokairuko etxe batean, baina ezin duzunez ordaindu berriro kalera joateko arriskuan egotea. 

Europan gauero 1,2 milioi pertsonak lo egiten dute kalean , Feantsaren datuen arabera. Zeintzuk dira egoera hori gehien pairatzen duten kolektiboak?

Osasun mentaleko arazoak eta adikzioak dituztenak, eta egoera irregularrean dauden migranteak. Horiek dira gaur egun gehiengoa.

«Migrazio fluxuak jarraituko du. Nola kudeatuko dugu? Baliabide guztiak Frontex-en eta zigor politiketan inbertituko al ditugu aurrerantzean ere? Eta zer egingo dugu hemen daudenekin? Linbo batean utzi?»

Migrazio politikak ondorio larriak ditu etxegabetasunean. Zer egin daiteke hori aldatzeko?

Gizarte zerbitzuetan lan egiten duten entitateek arazo larri bat dute: etxerik gabekoentzat dituzten aterpetxe gehienak migrantez  gainezka dauzkate. Egoera irregularrean daudenak, asilo eskaera egin dutenak, bakarrik datozen adingabeak... Europak eta estatu kideek badute asilo eta migrazio politiken eskuduntza, eta horiek egiten ari diren migrazio politika disfuntzionalen ondorioz etengabe ugaritzen ari dira etxerik gabekoak. Gure sarea osatzen dugun erakundeok elkarlanean ari gara Europari eta estatuei eskatzeko politika horiek amaiaraz ditzatela. Izan ere, migrazio fluxuak jarraituko du. Nola kudeatuko dugu? Baliabide guztiak Frontex-en eta zigor politiketan inbertituko ditugu aurrerantzean ere? Eta zer egingo dugu hemen daudenekin? Linbo batean utzi?

Azaldu duzu Europako egungo politika sozialek arreta guztia jartzen dutela etxerik gabekoen larrialdi egoerak kudeatzen. Zuen ustez, hori petatxua besterik ez da. Zein da zuen proposamena?

Etxebizitza eskuragarri gehiago egotea da oinarrizkoena: alokatua dela, partekatua dela... Baliabide hori edukita, pertsona horiei lagundu egiten bazaie arlo sozialean, komunitatearen babesarekin, lortuko da etxe gabeziaren arazoa fenomeno ezohikoa izatea, laburra eta errepikatzen ez dena. Gaur egun, ostera, larrialdi egoerei erantzutean jartzen da arreta; horrela, baliteke etxerik gabekoak erakundeen menpeko bihurtzea, eta, beraz, aukera handia dago haien egoera kronifikatzeko.

«Larrialdi egoerei erantzutean jartzen da arreta osoa; horrela, baliteke etxerik gabekoak erakundeen menpeko bihurtzea, eta, beraz, aukera handia dago haien egoera kronifikatzeko»

Europan arrakasta izan duten eredu batzuk aipatu dituzu. Zeintzuk dira?

Housing First eredua, esaterako, AEBetan sortu zen, duela hogei bat urte, eta Europako herrialde batzuetan erabiltzen ari dira egun. Etxebizitzan du oinarria: kalean dagoen norbaitekin lan egitean, etxebizitza bermatzen zaio lehenik, eta gero hasten da hari lagun egiteko lana, hau da, osasun mentaleko arazoak, adikzioak edo dena delakoa lantzen da. Martxan jarri duten herrialdeetan asko murriztu dute arazoa, eta kasuen %80-90ean ondo gizarteratu dira pertsona horiek.

Housing Led eredua ere egokia dela uste dugu. Etxebizitza partekatuak behin-behinean eskaintzean datza. Eredu horietan, gainera, kontuan hartzen dira kalean daudenen beharrak eta nahiak, denek ez baitituzte behar berak, eta emaitza oso onak lortzen ari dira.

Eredu berritzaile horiek ezartzeko ezinbestekoa al da etxebizitza publiko gehiago egotea?

Garai batean, etxebizitza publikoak sustatu zituzten gobernuek, baina jada utzi diote hori egiteari. Etxebizitza publiko gutxiago sustatzen ari dira orain, eta, gainera, aurretik eginda zegoena pribatizatzen. Etxebizitza eskuragarririk ez egoteak, gainera, eragin negatiboa du erdiko klaseetan ere, gazteengan bereziki. Etxebizitzaren krisia dago Europan, oro har, eta ondorioz, etxe duina lortzea gero eta zailagoa da kolektibo horientzat ere. Eta hori kaltegarria da gizarte osoarentzat. Ez dugu ahaztu behar etxebizitza publikoen eskaintza handia izateak lagundu egiten duela merkatu libreko prezioak jaisten.

Maria Jose Aldanas
Maria Jose Aldanas, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Esan duzunez, Europako erakundeek noiz-eta etxebizitzaren krisiak erdiko klasea jo duenean erreparatu diote arazoari. Beldurra duzue zaurgarrienak zokoratuko dituztela?

Azkenean, erdiko klaseek ematen dute botoa. Eta ondo dago gazteengan eta erdiko klasean arreta jartzea, baina horregatik ez dira kolektibo zaurgarrienen beharrak baztertu behar. Batzuen eta besteen egoera oso desberdina da eta. Gazteek lan egin dezakete eta, zailtasunak edukita ere, noizbait eskuratu ahalko dute etxebizitza, erosita edo alokairuan. Kalean daudenen egoera oso bestelakoa da: alokairu soziala dute etxebizitza lortzeko modu bakarra. Errealitate eta behar desberdinak dira, eta konponbideek ere desberdinak izan behar dute.

«Gazteek lan egin dezakete eta, zailtasunak izanda ere, noizbait eskuratu ahalko dute etxebizitza. Kalean daudenen egoera oso bestelakoa da; alokairu soziala dute etxebizitza lortzeko modu bakarra»

Etxebizitza izatea ezinbestekoa da norbere bizi proiektua garatzeko. Ezintasun hori, norbanakoarentzat ez ezik, gizartearentzat ere kaltegarria al da?

Hemengo gazte asko kanpora joaten dira lan egitera, dirua eta etxebizitza bat lortzeko. Etxebizitza ezin eskuratzeak gazteen migrazioa eragiten du. Gazte prestatuak kanpora joaten dira beren herriaren garapenean ekarpena egin beharrean, eta horrek galera ekartzen dio jatorrizko herrialdeari. Europara datozen migranteekin ere gauza bera gertatzen da. Haien jatorrizko herrialdeetan ere adituen ihesa gertatzen da: formakuntza handiena dutenak, aurrezteko gaitasuna izan dutenak etortzen dira. Beste guztiak —migrante gehienak, gerretatik, gatazketatik eta hondamendietatik ihesi joandako errefuxiatuak— ondoko herrialdeetara joaten dira, ez Europara.

Etxegabetasuna kriminalizatzearen aurka borrokatzen zarete. Zer egiten duzue zehazki?

Gizartearen parte handi batek ez du ulertzen jende hori zergatik dauden egoera horretan. Feantsaren bitartez sentsibilizazio lan handia egiten dugu ulertarazteko inor ez dagoela kalean bere borondatez, eta arazoa ez dela konponduko pertsona horiek espazio publikotik kanporatuz. Ez dute nora joan, eta, leku batetik botaz gero, beste norabait joango dira. Udalekin eta beste erakundeekin sentsibilizazio lan handia egiten ari gara, arauek eta udal ordenantzek pertsona horiek kriminalizatzen dituzte eta. Espazio publikoan jatea eta lo egitea debekatzen dute, baina kalean daudenek bizirik iraun behar dute, eta ezin dute beste inon egin. Egoera benetan konpondu nahi badugu, integrazioa da bide bakarra. Etxerik gabekoekin lan egin behar da, eta baliabideak jarri egoera horretatik atera daitezen. Badakigu baliabide publikoak mugatuak direla, baina gizarteari ulertarazi behar diogu guztiok ditugula eskubideak, eta, kalean egonagatik ere, ezin zaiola inori giza duintasuna kendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.