Europako Parlamenturako hauteskundeak. Pernando Barrena. Orain Errepublikak-eko hautagaia

«Europari planteatu nahi diogu arazoa Espainia dela, ez katalanak eta gu»

Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da EH Bildu Europako bozetarako, eta Barrenak aukera du aulkia lortzeko. Uste du estaturik gabeko nazioek beste aukera batzuk izango dituztela.

JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Pernando Barrena (Berriozar, Nafarroa, 1965) ez zihoan Orain Errepublikak-eko zerrendan, baina, Josu Juaristiren afera dela eta, haren ordez sartu da. Aukera handia dauka europarlamentari ateratzeko. Sortuk 2013an eratze kongresua egin zuenetik, harentzat eta EH Bildurentzat nazioarteko lanean ibili da.

Azkeneko urteetan Espainian eta Katalunian asko ibili zara. Gertutik ezagutu duzu ERCren lana, eta orain harekin aliantza eratu du EH Bilduk.

Duela urtebete pasa guk ERCri esaten genion, ikusita zein diren estatuko eta Europako testuinguru politikoak, bilatu behar genuela elkar hartzeko modu bat, fronte demokratikoa eratzeko.

ERCren garai elektoral on batean egin duzue bat.

Bai, baina sei talde gaude koalizioan, eta seiok gaude gorako joera batean. ERCren kasuan oso nabarmena da; Kataluniako abertzaletasunean lidergoa hartu du.

ETA desegiteke balego, posible izango al zen koalizio hau?

Duela bost urteko hauteskundeetan, saiatuta ere, koalizio hau ez zen egongo. ETA gero desarmatu zen, 2017an, eta iaz, desegin, eta oraingo baldintzek ahalbidetu egin dute aliantza hau osatzea. Pozik egoteko modukoa da.

Europako Parlamentuan talde berean egongo al zarete?

Lan ildo bera izango dugu, planteamendu politiko amankomunak garatuko ditugu, baina Orain Errepublikak-eko eurodiputatuak talde desberdinetan egongo gara: ERC, ALE taldean, eta EH Bildu, GUE-NGLn.

ERCk eramango al du lema?

Interes berak ditugu, eta egitasmoa elkarrekin eramango dugu aurrera. Espainiako Estatuarekiko proposamen haustaile bat daukagu, baina oso ondo dakigu zer zoru zapaltzen dugun, eta ez dugu ameskeriarik planteatuko urratsei dagokienez.

Zertara zoazte Europara?

Europari planteatu nahi diogu arazoa ez garela katalanak eta euskaldunok, arazoa Espainiako Estatua dela, bi naziooi subjektu izaera ukatzen digulako eta, ondorioz, erabakitzeko eskubidea.

Kataluniako erreferendumaren ondoren, Europako Batasuneko inor ez zen haren alde busti.

Guk dakiguna da nazioarteko komunitateak oso ongi hartzen dituela gure posizio eta eduki demokratikoak; gobernuez, instituzioez, alderdiez... ari naiz, eta oso ideologia desberdinetakoez. Gure azterketak eta irtenbideak guztiz demokratikoak dira, eta tradizioz eta bokazioz bat datoz Europaren ezaugarritzearen izaerarekin. Guk esaten dugunean Euskal Herria subjektu politikoa dela, etalibreki eta demokratikoki erabakitzea dagokiola, inor gutxik esaten dizu horren kontrako ezer. Euskal Herrirako eta Kataluniarako planteatzen dugun prozesu demokratikoak, gainera, arrakasta izan du Europako bestetokietan, eta nazioarteak badaki.

Baina aitortza ofizialik ez da izan Kataluniako kasuan.

Estatuak daude, eta estatu horiek harreman eta interes politikoak, diplomatikoak eta ekonomikoak dituzte Espainiakoarekin Europako esparruan. Gauza askotan oso harrapatuta daude. Hala,ez dira gai sentitzen bazkideharen aurka joateko.

Zer behar da, beraz?

Nazioarteko komunitateak agindu demokratiko zabal bat eskatzen du, eta hori da bototan %50etik gora egotea eta denbora batean eustea. Independentzia aldarrikatzean funtzionatzen hastea ere exijitzen du. Ez naiz eztabaidan sartuko, baina bi irizpide horiek ez dira gertatu Katalunian.

Zer etorkizun daukate estaturik gabeko nazioek Europan?

Brexitaren ondorioz, aukera berri batzuk zabalduko dira. Eskozian beste erreferendum bat egingo dute, eta Irlandaren batasunerako ere egingo dute bat, [1998ko] Ostiral Santuko akordioari jarraikiz; Galesen independentziaren aldeko manifestazio handi bat izan da. Belgikan ere izango dira mugimenduak, Flandrian. Kataluniako prozesuak ere emango ditu fruituak; orain bada desenkontru egoera bat han, baina ziur asmatuko dutela bide orri adostu bat osatzen. Beraz, eztabaida baten bitartez, mahai gainean jarriko da Europako Batasunaren arkitektura. Prozesu eratzaile bat ireki nahi dugu. Ez bazaio eusten estaturik gabeko nazioen auziari, ez da gaindituko herritar gehiengo zabal batek EBrekiko duen urruntasuna. Nik uste dut euskal herritarrak bagarela europazaleak, baina horrek ez du esan nahi edozer gauza irensteko prest gaudenik.

EAJrekin elkarlanean aritzeko asmorik ba al duzue?

EH Bilduk Europan ere herri gisa aritzeko asmoa du, geure eskaintza ideologikoarekin, noski. Guretzat garrantzitsua da euskaldunon ahalik eta ordezkaritza zabalena izatea Bruselan. Inkestek diote EAJk zailtasunak izan ditzakeela eurodiputatu bat lortzeko, baina ni ez nintzateke poztuko eskuratuko ez balu.

Euskal Herrian zer babes eskura dezake Carles Puigdemontek?

Haren alde bozkatzea oso duina izango dela iruditzen zait, baina ez dut uste Euskal Herriko ezkerreko independentistentzat aukera erakargarri bat denik.

Bestela, zer ardatz dituzue?

Alor sozialak, ekonomikoak eta fiskalak hirukote garrantzitsua osatzen dute Europan, eta elkarrekin tratatu behar dira, gizarte justuago eta solidarioago bat lortu ahal izateko. Inor ezin da bazterrean utzi. Ezin da jarraitu politika neoliberalek ezarritako hazkunde mota honekin. Klima aldaketari aurre egiteko politikak egin behar dira ekonomian ere. Austeritaterako hartutako neurrien ondorioak, berriz, oraindik ez dira desagertu: hezkuntzan, osasun arloan, gehien behar dutenen babes eremuan... Neurri zehatzak behar dira horri guztiari buelta emateko.

Esaterako, zer?

Hori guztia ordaindu ahal izateko, zerga politika eraginkorra behar da. Neurri bat: Europako zergak sortu behar dira, baina ez langileok ordaintzeko, baizik eta fortuna handia dutenek ordaintzeko, gaur egun ez dutelako ordaintzen edo ez dutelako behar adina pagatzen. Iruzur fiskala amaitu egin behar da.

Indartsu dago ultraeskuina.

Diskurtso asko daude ultraeskuinaren eta xenofobiaren aurka, baina, gero, eskuin muturrak eragindako presioaren ondorioz, zentro-eskuinak haren politikak egiten ditu. Kasu nabarmena da migratzaileena: animaliak bezala tratatzen dituzte. Politika modu hori borrokatuko dugu.

Europan zer eredu duzue?

Gauzak beste era batera egin daitezke, ezkerreko muturreko planteamenduetara iristeke. Europako ipar parteko herrialdeetan badira politika sozial eta unibertsal eredugarriak. Gu baino aurreratuago dauden herrialdeekin alderatu behar dugu geureburua, ez atzetik daudenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.