«Euskadi munduan proiektatzeko» baliabidetzat du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies ikerketarako zentroa. «Euskadiren etorkizuna Basque Country da», adierazi du. Eta, Agirre Lehendakaria Center-ek, horixe sustatuko duela dio. «Euskadiren iragana eta etorkizunaren arteko zubia» izango da egitasmoa, lehendakariaren hitzetan.
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia du buru ikerketarako zentroak. Ibarretxerekin batera, Columbia eta George Mason unibertsitateak izan dira lehen sustatzaileak, eta EHU gehitu zaie proiektura. Atzo aurkeztu zuten egoitza nagusia AEBetan izango duen proiektua. «Giza garapen iraunkorreko euskal ereduari buruzko ikerketa programa» dela azaldu zuten, eta, «ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren agendak integratzearen bidez» landuko duela giza garapena.
Fundazio bat ere sortu du zentroak, euskal diasporarekin harremanak lantzeko. Kutxabank-ek lagundu du proiektua, eta babesle gehiago izango dituen esperantza azaldu dute sustatzaileek.
«Euskal Herria, euskal kultura eta euskara munduko plazan ipintzea» du helburu Ibarretxek. «Orain», arlo akademikoaren bidez egin nahi du. Ikerketen bidez. Zehazki, euskal kasuari eta giza garapen iraunkorrari buruz ikertzea eta berrikuntzan sakontzea izango ditu helburu. Hori guztia, «hazkunde ekonomikotik giza garapen iraunkorrera joateko».
Zientzia guztiak uztartuta egingo da hori, Peter Coleman Columbia Unibertsitateko kideak azaldu duenez:zientzia, matematika, fisika, ekonomia eta politikaren ikuspegitik aztertuko dute giza garapen iraunkorra.
«Euskadi Basque Country izan dadin» sustatzeko zentroa
Ibarretxe izango du buru Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies ikerketarako zentroak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu