Europako Abokatu Demokraten Elkarteak (AED) urtarrilean egin zuen azken batzar nagusia Amsterdamen. Azkenaldian munduan gertatzen ari den «defentsaren kriminalizazio dinamika berria» izan zuten hizpide nagusi, horixe baita, Europako abokatuen ustez, egungo arlorik kezkagarrienetarikoa. «Karga politiko handia duten prozesu judizialetan abokatua jartzen da jomugan», ondorioztatu zuten batzarrean. Hori ikusirik, abokatuen elkarteko Defentsaren Defentsarako Batzordeak txostena kaleratu du munduan gertatzen ari diren kasurik larrienekin. Euskal Herriko abokatuen egoerak bereziki kezkatu ditu Europako abokatuak, eta plazaratu duten txostenean horien kasuak aipatu ditu. Europa osotik aipatu dituen kasu bakarrak izan dira, gainera, euskal abokatuenak.
2010. urtea «bereziki gogorra» izan dela dio abokatuen elkarteak. Kurdistan, India, Tunisia eta Egipton izandako eskubide urraketak azaldu ditu lehenik urteroko txostenean. Europari dagokionean, Espainia hartu du salaketen gune bakartzat. Sei atal aztertu ditu; guztiak, euskal auziei dagokienak. Horietako lau ataletan, euskal abokatuen kasuak aztertu ditu, horiek jasaten duten «jazarpena» salatzeko. Haien lana oztopatzeko «akusazio arbitrarioekin» atxilotu ere egiten dituztela ohartarazi dute.
Sakabanaketa
Sakabanaketa politika eta Espainiako agintarien ukazioa salatu du lehenik Europako Abokatu Demokraten Elkarteak. Elkarteko Defentsaren Defentsarako Batzordeko lehendakari Hans Gaasbeek bertatik bertara ezagutu zuen, gainera, txostenean salatutakoa. 18/98 auziagatik preso duten Miriam Campos abokatua bisitatzera Alacanteraino joan zen Gaasbee, eta, «Madrilgo aginduak» medio, ez ziotela bisita egiten utzi kontatu du txostenean. Campos, «sakabanaketa deitzen dioten eta preso politikoei ezarri ohi dioten politikaren ondorioz», bere herritik oso urruti dutela salatu du, eta bere senide zein lagunei «zailtasun handiak» jartzen dizkietela hurkoa bisitatzeko.
Torturak aipatzen ditu txostenak, bigarrenik, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak azalduta. Torturatzaileei bi urte eta erdi eta lau urte eta erdiko zigorrak besterik ez zizkiela jarri jasotzen du.
Atxilotutako abokatuen kasuak biltzen ditu ondoren txostenak. Arantza Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza aipatu ditu lehenik. Hiru abokatuak atxilotu, bost egunetan inkomunikatuta izan eta espetxeratu zituztela euskal presoen abokatuak izateagatik ETAri laguntza ematea egotzita. Inkomunikazio aldian haien abokatuek ez zutela atxilotuen berririk izan salatu du. Gero espetxeratu egin zituztela, haien herritik oso urruti.
Alfonso Zenonen egoera ere bereziki larritzat dute AEDko kideek. Torturen berri emateagatik Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak salaketa jarri ziola eta auzibidean duela ohartarazi dute.
Haritz Escudero eta Haizea Ziluaga abokatuak atxilotu zituztela ere salatu dute, eta inkomunikatuta izan zituztela ere bai.
Joseba Agudo eta Iñaki Goioagaren kasuetan, haien eskubideak errespetatzeko eskatuz auziaren arduradunei gutuna idatzi ziela azaldu du AEDk.
AEDko kide den Eskubideak elkarteak azaldu duenez, hedapen handia izaten dute halako txostenek. Izan ere, elkartea osatzen duten antolakunde guztien artean banatzen da, eta 6.000 afiliatu ditu Europa osoan. Gainera, aurrera begira gaien jarraipena egiteko oinarria da, bai eta nazioartean aurkeztuko diren salaketena ere.
Aurrerantzean ere euskal abokatuen aurkako «jazarpenen» aurrean adi egongo dela adierazi zuen AEDk Amsterdameko batzarrean, eta abokatu horiek bere lana «modu askean» egin ahal izateko laguntza emateko konpromisoa hartu zuen.
Euskal abokatuek jasaten duten «jazarpena» salatu dute Europako letratuek
AEDren azken batzar nagusiak konpromisoa hartu du legelari horiek lana «modu askean» egin dezaten laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu