Euskal curriculuma ardatz

Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek Ikaselkar sortu dute, hezkuntza eta kultura arloan lan egingo duen argitaletxea

Ikastolen Elkarteko eta Elkarreko kideak, atzo, Ikaselkarren aurkezpenean JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azken urteetan izan duten elkarlanean sakonduta, Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak beste egitasmo bat jarri dute abian: Ikaselkar argitaletxea. Ikaselkarrek hezkuntza alorrerako materiala ekoitziko du, euskal curriculumetik abiatuta, baina bere eskaintza integrala izango da, eta, hezkuntzatik harago, kulturaren esparrua ere landuko du.

«Ikaselkar ez da inprobisatutako zerbait, prozesu baten ondorio baizik», azaldu du Iñaki Etxezarreta proiektuaren sorkuntza zuzendariak. «Hogei urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta helburuak bete egin ditugu: euskal curriculumari lotutako katalogo indartsua osatzea irakaskuntza publikoan, ikastoletan eta euskal eskoletan. Baina hezkuntza aurrera doan heinean, erronka berriak daude, eta horiei erantzuteko sortu dugu Ikaselkar».

Argitaletxeko partaideak edizioaren eta hezkuntzaren alorreko agenteak izanik, irakaskuntzan aritzen direnen iritzia jasoko du Ikaselkarreko material didaktikoa argitaratu aurretik. Etxezarretak dioenez, ekoitzi eta argitaratu baino lehen, irakasleei aurkeztuko dizkiete material proposamenak. «Ekarpenak jasota, merkaturatu aurretik aldatu beharreko gauzak aztertuko ditugu. Ez da izango egileek egiten duten ekoizpena; egileek forma eman beharko diote ikastetxeek planteatzen duten edukiari. Ekoizpena eta formakuntza bateratuko ditugu».

Ikaselkarrek 381 tituluko katalogoarekin ekin dio bideari. Haur Hezkuntzan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan erabiltzekoak dira, eta ikasleentzako material zuzena ez ezik, produktu osagarriak ere badira tartean: audioak, ipuinak, puzzleak... Horretaz gain, oinarri tradizionaletan landutako materialaz gain, euskarri digitala dutenek osatzen dute katalogoa, eta Etxezarretak dioenez, etorkizunean bide horretan lan handia egingo du argitaletxe berriak. «Paper eta boligrafoz egiten diren jarduerak euskarri digitalean egiteak informazioa tratatu eta sortzeko beste era bateko estrategiak erakutsiko dizkie ikasleei».

Ikaselkarrek segitu egingo du paperean egindako material didaktikoa ekoizten, baina euskarrietan aldaketa datorrela ondorioztatuta: «Aldaketa modu progresiboan egin beharko da, irakaslearen motibazioa sustatuz. Argi dago, ordea, denborarekin material digitala erabiltzen duten eskola eta irakasle kopurua hazten bada horrek beste jarduera batzuk ekarriko dituela». Bide horretatik, Ikaselkarrek ez du argitaratu bakarrik egingo, eta materiala eskaintzearekin batera, irakasleei aholkularitza eta formakuntza ere emango die. «Ikaselkar ez da argitaletxe soila, irakaskuntzari zerbitzuak emango dizkion enpresa baizik».

Irailean, paperezko materialarekin batera, liburu digitalen lehendabiziko proposamena aurkeztuko dio argitaletxeak hezkuntza alorrari, eta irakasleentzako gida baten bitartez, materiala nola landu eta jardun profesionala nola hobetu irakatsiko die. «Horiek dira datozen urteei begira egingo dugun aldaketa sakonaren aurrekariak», adierazi du Etxezarretak.

Euskara eta euskal kultura

Ikaselkarren ardatza euskal curriculuma izango da. Euskara eta euskal kultura. Baina beste hizkuntzak baztertu gabe. «Hizkuntzen aldetik euskara ardatz duen planteamendu bat egiten dugu, hiru hizkuntza nagusi izango dituena: euskara, Hego Euskal Herrian gaztelania eta Iparraldean frantsesa eta ingelesa».

Horrez gain, planteamendu pedagogiko eta didaktikoa moldatu egingo du Ikaselkarrek. «Ikasteari baino gehiago, ikasitakoa baliatzeari emango zaio lehentasuna. Alegia, teoria hainbat egoeratan praktikan jartzeari. Ebaluazioa zerbait baliatzen dakizula erakustean datza. Betiere ahaztu gabe ahozkotasunak eta idatzikoak duten garrantzia». Etxezarretaren iritziz, hezkuntza euskaldunak «era guztietako baliabideak» izan behar ditu, eta hori da, hain zuzen, Ikaselkarrek eskaini nahi duena, «curriculum euskaldunaren asmo eta gogoak betetzea».

Ikaselkarren datozen urteetarako planifikazioan 2013a urte berezia izango da, izan ere, euskal curriculumak izango duen garapenari erreparatuta, urte horretatik aurrera hasiko dira material berritzaileenak plazaratzen. Alde horretatik, Etxezarretak gogorarazi du kristau eskolek ere bat egin zutela euskal curriculumarekin, baita sare publikoko hainbat zentrok ere, esaterako Sortzen-Ikasbatuaz-ekin lotutakoek.

Barrura eta kanpora begira

Euskal Herriko hezkuntza merkatuari eskainiko dio bere lana Ikaselkarrek, baina beste herrialde batzuetan egon daitezkeen aukerak ere aztertuko ditu. «Momentu honetan gertuen ditugun irakasleekin ez ezik, bestelako ikastetxeekin ere ariko gara. Baita Euskal Herritik kanpo dauden beste eskola sareekin ere. Gure planteamendua ez da mugatuko Euskal Herrira».

Elkar argitaletxea 1973an sortu zen, eta Elkar Fundazioaren parte da. 450 langile ditu, eta hogei enpresa baino gehiago, horien artean bost argitaletxe, hamasei liburu dendako sare bat eta banaketa enpresa bat.

Ikastolen Elkartea, berriz, europar kooperatiba moduan dago eratuta. Guztira, 102 ikastola biltzen ditu, 4.800 langile, 50.400 ikasle eta ikasle horien familiak. Europar kooperatiban bertan 130 profesionalek egiten dute lan. Ikaselkarrek, berriz, 25 bat laguneko lantaldea izango du. Mikel Arrizabalaga izango du argitaratze zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA