Euskal Hirigune Elkargoak larunbatean berrituko du kontseilua: orduan hautatuko dituzte lehendakaria eta lehendakariordea, ondoko agintaldiko lanak bideratuko dituztenak. Aurtengoa mugarritzat daukate Batera plataformako kideek, Euskal Elkargoaren ezagupen instituzionaletik estatus bereziko lurralde kolektibitate batera jauzia egiteko. «Kontseiluak agintaldi honetan engaiatu beharko du; abagunea ezin da huts egin».
Euskal Elkargoaren egoitza nagusiaren aitzinean, gaur goizean, Batera-ko kideek dei egin diete hautetsiei agintaldi berriko lehen egunetatik Ipar Euskal Herriaren garapen instituzionalaren alde egiteko. Eta plazaratu dituzte herriko bozen kanpaina garaian landu duten galdetegiaren emaitzak. Denera, lau bilkura publiko egin zituzten herrietako hautagaiekin, eta, erran dutenez, «baikor izateko arrazoiak» ematen dituzte ikerketako ondorioek.
Ipar Euskal Herriko 43 herritako 54 zerrendatako 257 hautagairen erantzunak jaso dituzte; haien arteko 39 zerrendaburuak ziren. Honako hauek dira emaitzak: 175 hautagai «osoki ados» agertu dira lurralde kolektibitate bat sortzearekin, 44 «alde», eta 28k ez dute iritzirik eman; ordea, bakar batek ere ez du egin estatus bereziko lurralde kolektibitatearen kontra. Batera-koen ustez, datu horiek ahalbidetzen diete pentsatzea «hautetsien gehiengoa» garapen instituzionalaren aldekoa dela.
Emaitza horiei pisu gehiago emateko, gainera, erreferentzia egin diote joan den urtean Ifop zundaketa institutuak egin zuen ikerketari. Orduko emaitzek adierazten dutenez, herritarren %62 lurralde kolektibitatearen alde daude.
Lehen aldia izan da Batera-k hautagaiak zuzenki interpelatu dituena, eta haien «gogoetak zertan diren jakiteko» bide eman die. Datuez beste, erran dute «erantzun aberatsak eta ekarpen berriak» jaso dituztela, datozen hilabeteetako lanetan lagungarri izango zaizkienak, seguru aski.
Hain zuzen, berretsi dute «2017an sortutako elkargoa izugarrizko aitzinamendua» izan zela, baina orain estatus hori ez dela gehiago nahikoa. Aldaketa konkretuak galdegiten dituzte orain, eta prozesu horren abiapuntua eztabaidan kokatu dute: «Eztabaida iragatea, hori da eskatzen dugun lehen gauza». Behin gaia mahai gainean ezarririk, orduan iritsiko da eskakizun zehatzen garaia: «Gaiaz arduratuko den hautetsi bat ofizialki izendatzea, lantaldea sortzea, baliabideen esleitzea —ekonomikoak, teknikoak, zerbitzuetakoak— eta azterketa kabinete baten misionatzea».
Batera prest agertu da «Elkargoak hartuko dituen engaiamenduetan laguntzeko», eta azaldu du «aktibazio sozialaren fasea» dela ondoko urratsa, ez baita nahikoa izanen hautetsien lana: «Jendarte zibilaren babesa behar du dinamikak, Ipar Euskal Herriko elkarte, sindikatu, kultur eta ekonomia arloena». Aktibazio horren lehen hitzordua maiatzaren 9an emana dute, Itsasuko (Lapurdi) Sanoki gelan eginen duten biltzar nagusian.