Datorren uztailaren 22tik 25era izango da, BECen, informatikako profesional eta zaleek antolatzen duten bilera handia. Hainbat egunetan, informatikarekin zerikusia duten ekintzak egingo dituzte. Gainera, urteurrena dela eta, ekintza bereziak izango dira, hala nola berrikuntzak, sorpresak, opariak eta zozketak. Bisitariek, parte hartu ez arren, Opengune eremu irekira sartzeko aukera izango dute. Bertan, eskaintza zabala edukiko dute: doako hitzaldi eta tailerrak, standak, 3Dtan inprimatzeko makinak, errealitate birtualeko gunea eta irudiak 360 gradutan proiektatzen dituen zinema esferikoa, besteak beste.
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat haurrek gidatutako auto elektrikoen lasterketak izango dira, Kid’s Kit-Car Greenpower elkarteak antolatuta. Makinak gidatzeaz gain, ikasleek taldean lan egingo dute kotxeak diseinatu eta eraikitzeko, irakasleekin eta parte-hartzaileekin batera. Jardueraren helburua da partyan zehar hamar kotxe elektriko diseinatu, eraiki eta gidatzea. Lasterketa mota horren xedea izango da energia kopuru berarekin bira kopuru handiena ematea, eta hori lortzeko autoen kontsumoa optimizatu beharko dute taldeek.
Euskal Encounter topaketa espainiar Estatuko informatika eta bideo-joko zaleen bilkura handi eta zaharrena da, eta edizio honetan elkarren artean konektatutako ordenagailu-sare erraldoia izango du, segundoko 40 giga simetrikokoa ikonexio-abiadura izango du (datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste 40). Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera egongo da BECen, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideojokoak ardatz dituzten dozenaka ekintza eta lehiaketarekin. Ekintza horiek burutzeko, etxeetako konexio-abiadura nabarmen gaindituko dute parte-hartzaileek, eta antzeko topaketek eskaintzen duten abiadura ere soberan gaindituko da.