EUSKAL ESTATUAri buruzko IRITZIA

Euskal estatuak baditu datuak

'Euskal Estatua irudikatzen' azterketari buruzko hitzaldia eman dute EHUko Parte Hartuz-eko kideek, Donostian. Aldekotasunak eta kontrakotasunak aletu dituzte. Bideoa: solasaldia osorik (BERRIA TB). [youtube]https://youtu.be/pOzlMf-OzDc[/youtube]

enekoitz esnaola
2016ko maiatzaren 12a
09:12
Entzun

Aurreneko aldiz galdetu da euskal estatuaz, eta, beraz, badira datuak, datu batzuk. Azpimarra daitekeen bat: azterketak dioenez, Euskal Herrian %40,7 euskal estatuaren alde agertu dira. Oinarri handia litzateke kontuan hartuta, adibidez, Eskozian eta Katalunian duela urte batzuk prozesu independentistak hasi zituztenean askoz herritar gutxiago zeudela estatu propioaren alde. Horretaz eta bestelakoez aritu dira Euskal Estatua irudikatzen lan soziologikoaren lau egile Donostian, hitzaldi-solasaldi batean: Julen Zabalo, Mila Amurrio, Iker Iraola eta Ane Larrinaga EHUko Parte Hartuz ikerketa taldekoak —Ipar Hegoa fundazioa ere izan da lanaren egile—. Norabideak antolatu du saioa, eta 70en bat lagun bildu dira San Telmo museoan —Berria.eus-ek zuzenean eman du saioa—.

Erabakitzeko eskubidearekin gertatzen den bezala, batik bat gazteak, ikasketak dituztenak, euskaldunak eta abertzaleak azaldu dira euskal estatuaren alde, azterketaren arabera, baina Zabalok zehaztapen bat egin du: «Abertzaletasuna eta euskal estatua ez dira parekideak. Posible da abertzaleak haren kontra egotea». Inkestan ez dute galdetu Euskal Herriaren independentziaz, uste baitute jendeak pentsatzen duela «independentzia abertzaleen kontu bat» dela. «Jendeak euskal estatuaz beste era batera pentsatzen du; agian, ongizatean pentsatuta», esan du Zabalok.

Amurriok esan du jendea «nazio identitateagatik eta demokraziagatik» ere badagoela euskal estatuaren alde, eta, oro har, «iritzi diote hura lortzea epe luzeko kontu bat» izango dela, «eta, Espainiaren eta Frantziaren jarreragatik, oztopoz betetakoa».

Euskal estatuaren alde %40,7 agertzeaz gain, %35,3 kontra agertu dira. Errealitate administratiboka, EAEko %42,5 azaldu dira alde, eta %32 kontra; Nafarroan, %40 alde eta %41,8 kontra; eta Ipar Euskal Herrian, %28,3 alde eta %46,2 aurka.

Jarrera aldakorrak

«Eta zergatik daude euskal estatuaren kontra beste batzuk?», galdetu du Iraolak. «Haien sentimendu nazionalagatik; espainiar eta frantziar sentitzen direlako». «Arrazoi pragmatikoak» ere badituzte aurka egoteko, «pentsatzen baitute egitura berriak ezegonkortasuna ekarriko lukeela. Legedi aldetik egitasmoa egingarria ez dela ere badiote». Beste faktore garrantzitsu bat, Iraolaren esanetan: «Kontra daudenek diote ondo gaudela bizi maila aldetik». Marko autonomikoari ere balioa ematen diote.

Baina Iraolak adierazi du euskal estatuaren kontra direnen artean badela jende asko «jarrera aldakorra» lukeena. «Baiezko botoa emateko haien arrazoiak politika sozial garatuagoak edota ongizate handiagoa izatea lirateke. Ondorioz, euskal estatuaren gaia ez da jarrera ideologikoa soilik, alde edo kontra zauden. Jarrera alda daiteke». Inkestan parte hartu duten %21 inguruk aitortu dute ez dakitela zer erantzun, edo ez dute erantzun. «Ez dute jarrera argirik», azaldu du Iraolak. «Baina, haien artean ere, aldeko joera hartzeko arrazoiak politika sozialak eta ongizatea lirateke».

2014ko udazkenean egin zituzten Euskal Estatua irudikatzen lanerako inkestak, Euskal Herri osoan: 2.007 inkesta, «%2,2ko errore tartearekin eta %95,5eko konfiantza mailarekin». 400 inkesta egin zituzten Araban, 402 Gipuzkoan, 401 Bizkaian, beste horrenbeste Nafarroa Garaian eta 403 Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan. Azterketa Euskal Herri osoan egin izanari ere garrantzia eman diote EHUko Parte Hartuz taldeko kideek.

Bi eremu bereziki landu zituzten: euskalgintza-kulturgintza eta enpresaburuak. San Telmoko saioan, batez ere, aurrenari buruz eman dituzte azalpenak, Larrinagaren eskutik. «Euskalgintzan, euskal estatua ezinbesteko tresnatzat jotzen da euskara berreskuratzeko», esan du lehenik, baina gero azaldu du han bi diskurtso daudela gaur egun: «Batetik, batzuen ustez, estatugintzan uztargarri dira nazio kulturala eta gizarteko askotariko gehiengoaren nahiak. Beste batzuek nazio kulturala lehenesten dute estatu eraikuntzaren aurretik. Izan ere, euskalgintzan batzuek diote estatugintzan egun ez ote den euskara utzi bigarren mailan, erdigunetik kanpo, eta eszeptizismo bat sortu da».

Zabalok motz-motzean enpresaburuez aipatu duenez, estatuaren alde daudenek iritzi diote hura «bideragarria eta onuragarria» izango litzatekeela.

Datorren ekainaren 5ean, datu gehiago azalduko dira euskal estatuaz, hari buruzko galdeketak egingo baitituzte 34 herritan: Goierrin, Azpeitian eta Debagoienean (Gipuzkoa), Aramaion (Araba) eta Ispasterren (Bizkaia). 150.000 lagun bizi dira udalerri haietan. Antzeko herri kontsultek segida izango dute azaroan, baita hurrengo urtean ere. 2014an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) egin zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.