Euskal gatazkaren konponbidean esku hartzeko eskatu diote EBri

Gernikako Akordioaren ordezkaritza bat Estrasburgon izan da, Europako Batasuneko agintariei gutun bat helaraztekoEspainia eta Frantziaren ezezkoa jasoz gero bere kabuz ekiteko eskatu diote EBri

Gernikako Akordioaren eta Basque Frienshipeko ordezkariak, Estrasburgon, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2012ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioak euskal gatazkaren konponbidean esku hartzeko eskatu dio EB Europako Batasunari. Hiru eskaera zehatz egin die Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteari eta Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteari. Batetik, Espainiako eta Frantziako estatuei eska diezaietela gatazkaren konponbidean engaiatzeko. Bigarrenik, EBk bere kabuz ekiteko estatu horiek eskaerari erantzun ezean. Eta, hirugarrenik, Espainia eta Frantziari eskatzeko giza eskubideak errespetatzeko, bertan behera uzteko salbuespen neurri oro, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak betetzeko.

Ezker abertzaleko Maite Aristegi, Aralarreko Jon Iñarritu, EAko Lorena Lopez de la Calle eta LABeko Igor Urrutikoetxea Estrasburgon izan ziren atzo, hiru agintari horientzako gutuna helarazteko. Gernikako Akordioaren ordezkariekin batera, François Alfonsi, Ana Miranda eta Tatjana Zdanoka Basque Friendship Euskal Herriko bake prozesuaren alde Europako Parlamentuan sortutako taldeko kideak izan ziren. Friendshipek ere, urriaren 25ean eta Aieteko Konferentziaren urteurrenaren karietara, EBri eskatu zion Euskal Herriko bake prozesuan «modu aktiboan» parte hartzeko, eta Espainiako eta Frantziako estatuak deitu zituen«gatazkaren ondorioei» aurre egitera eta elkarrizketak abiatzera ETArekin.

Europako Parlamentuko prentsa aretoan eginiko agerraldian, Gernikako Akordioaren ordezkariek gogorarazi dute Aieteko Adierazpeneko lehen puntua bete duela erakunde armatuak, bere jarduna amaitzeko erabakia hartuta eta gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko prestasuna agertuta. Gogorarazi dute Espainiak eta Frantziak ez dutela bide horretan urratsik egin, eta salatu bi estatuek konponbidearen kontrako jarrerari eusten dutela, besteak beste, «atxiloketak, torturak eta polizia basakeriak» indarrean mantenduz eta Estrasburgoko Auzitegiarenebazpenak bete gabe jarraituz, Parot doktrinaren kasuan bezala.

Hala ere, ETAren jardun armatuaren amaierak normalizazio politikoa eta bakea lortzeko agertoki «itxaropentsu» bat ireki duela adierazi dute, eta hala ikusten duela euskal gizartearen «gehiengoak» ere. Hori hala, eta Europako Batasunak Bakearen Nobel saria jaso berri duela eta, gatazken konponbide prozesuetan duen «esperientzia eta gaitasuna» euskal gatazkaren konponbiderako ere bideratzeko eskatu dio Gernikako Akordioak EBri. Euskal gatazka «europar gatazka bat» ere badela gogorarazi dio, eta nabarmendu gatazkaren oinarriak politikoak izanik konponbideak ere politikoa izan behar duela.

Espainia, ezezkoan irmo

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak, berriz, adierazi du «Espainian eta eta Espainiatik kanpo» argi utzi behar dela ez dela «ez gatazkarik, ez preso politikorik, ez bake prozesurik». Zaragozan egin ditu adierazpenok Fernandez Diazek, ETAk duela 25 urte hango polizia etxean egindako atentatua gogoratzeko antolatutako ekitaldi batean. ETAren aurkako borrokan Europako Batasuneko kideek eskainitako laguntza eskertu du Espainiako Barne ministroak, eta aurrerantzean ere hala izango den esperantza agertu du.

Bestalde, Euskal Herria, gatazkaren amaiera? izenburupean konferentzia bat egingo dute gaur Finlandiako Parlamentuan. Bertan parte hartuko dute Teemu Sinkkonen ikerlari finlandiarrak, Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta ezker abertzaleko Gorka Elejabarrietak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.