ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek larunbatean Egunkaria-ren epaiketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin diete herritarrei. Agiri bateratua atera du gaur euskal gehiengo sindikalak. 17:00etan hasiko da manifestazioa, Aita Donostia plazatik.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko auzipetuek "euskara eta euskal kulturaren defentsan egin izan duten lana" azpimarratu dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk, eta haien absoluzioa eskatu dute. Epaiketa "erabateko
zentzugabekeria
juridikoa" dela iruditzen zaie.
"Egunkaria itxi eta bere arduradunak auzipetzea ez zen gertaera isolatua izan; Estatu espainiarraren norabide antidemokratiko eta errepresiboa indartu egin zen PPk eta PSOEk sinatutako itun antiterroristarekin eta itun hori praktikan jartzetik eratorrita eta bultzatutako salbuespenezko neurri eta legeekin. Erakunde politiko, gizarte erakunde eta komunikabideen aurka hainbat jarduera judizial irekitzea ekarri du horrek", diote agirian.
EAJk bere aldetik jakinarazi du Iñigo Urkullu EBBren lehendakaria buru izango duen alderdiaren ordezkaritza Egunkaria-ren aldeko larunbateko manifestazioan izango dela.
EAko zuzendaritzak ere jakinarazi du Bilbon izango direla.
Dei gehiago
Kontseiluak atzo egin zuen Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia. Lokarri, Udalbiltza, ezker abertzalea, Aralar, Ezker Batua, Bai Euskal Herriari, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Zutik-eko Gorripidea ildoa eta Ezker Gogoak ere dei egin dute. Hamaikabat eta Alternatibako buruzagiek ere jakinarazia dute manifestazioan parte hartuko dutela.
Bihar Bilbon, komunikabideen arloko babesa jasotzeko elkarretaratzea egingo dute, EITBren egoitzaren aurrean, 12:00etan.
Epaiketa, hasita
Asteartean hasi zen Egunkaria-ren itxierako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek asteartean deklaratu zuten, eta ETArekin loturarik ez zutela izan nabarmendu zuten. Fiskalak ez zien galderarik egin -kasua artxibatzeko eskatu zuen bere garaian-. Atzo guardia zibilak mintzatu ziren epaileen aurrean, eta ez zuten Egunkaria-ren eta ETAren ustezko harremanez frogarik aurkeztu. Urtarrilaren 12an izango da hurrengo saioa.
Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute auzipetuentzat.
egunkaria auzia
Euskal gehiengo sindikalak ere etziko manifestazioan parte hartzeko deitu du
'Egunkaria'-ko auzipetuek "euskara eta euskal kulturaren defentsan egin izan duten lana" azpimarratu dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk, eta absoluzioa eskatu dute. Bilbon izango da larunbat honetako mobilizazioa, 17:00etan hasita. EAJ eta EA ere joango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu