Euskal Herri euskalduna lortzeko «independentzia eraikitzera» deitu du EHEk Durangon

Euskal Herria Euskaraz-ek manifestazio oso jendetsua egin du Durangon. «Orain arte baino gehiago egiteko» eta euskara erdigunean jartzeko eskatu die alderdi politiko abertzaleei.

Ehunka lagun batu ditu EHEren manifestazioak Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ehunka lagun batu ditu EHEren manifestazioak Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Durango
2025eko abenduaren 6a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pankartaren lehen pausoekin batera, «Euskal Herria euskaraz» oihukatu dute eztarri lotsati batzuek, baina, errepidea zapaldu eta berehala, martxa girotzeko lehen txaloen artean, «independentzia» entzun da ozenago, eta, lehen metroetan berotu ahala, «euskaraz bizitzeko, independentzia» aldarrikatu dute. Horixe izan baita gaur EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek Durangon (Bizkaia) egin duen manifestazio nazionalaren mezu nagusia: euskara normalizatzeko eta biziberritzeko, taldeak premiazkotzat dauka Espainiako eta Frantziako estatuetatik askatzea; beraz, «independentzia aldarrikatzera eta eraikitzera» deitu du.  

Eta ehunka lagunek babestuta egin du dei hori. Izan ere, Durangoko Azokaren abagunean EHEk aspaldi egindako manifestaziorik jendetsuena izan da gaurkoa: euskararen larrialdi egoeraren inguruko kezka zabaltzen ari den seinale. Azken asteotan 30etik gora eragileren babesa jasoa zuen protestak, eta nabaritu da sostengua, hasiera-hasieratik: 13:00etan jendetza egon da zain Landako gunearen atarian, pankarta noiz irekiko.

Euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika lelopean ibili dituzte Durangoko kaleak. Independentziaren aldeko aldarriak, gainera, gogortu egin dira protesta Landako etorbidetik irten eta Errondo kalean sartu denean: «Comisiones [CCOO], UGT, euskararen etsai» eta «euskaldunon gainetik ez dira pasatuko» oihukatu dute.

Errondo eta Zumalakarregi kaleak osorik hartu ditu manifestazioak, eta Alde Zaharrerantz sartu da, Santa Ana plazaraino. Bertan, luze aritu behar izan dute txalapartariek, mobilizazioko parte hartzaile guztiak iritsi bitartean jotzen, eta oraindik jende asko falta zen Igor Elortzak euskaldunei pizteko eskatu dienean bertsotan, denetik eta dena egiteko euskaraz, «benetan gura badugu euskal errepublika».  

EUSKARAREN ERREPUBLIKA
Santa Ana plaza bete egin da manifestazioaren amaierako ekitaldian. A. CANELLADA / FOKU

Izan ere, grina, lana, gogoa, borroka beharko ditu euskarak, euskalgintza aldarrikatzen ari den pizkundea gauzatzeko bidean. Euskara eta hiztun komunitatea larrialdian daudela ekarri dute gogora Iraia de la Torre eta Intza Gurrutxaga EHEko kideek, Santa Ana elizaren aterpean; «oldarraldi politiko-judiziala» martxan da, etorkizunerako aurreikuspenak ez dira baikorrak, eta nazioarteko joerek ere ez dute laguntzen: «Kapitalismoak eta globalizazioak eraginda gero eta bortitzagoa den homogeneizazio prozesuak eraso egiten digu. Munduko kultura eta hizkuntza aniztasuna harrigarriki murriztu du, hizkuntza gutxiagotu ugari desagertzeraino».

Nabarmendu dute, era berean, euskararen zapalkuntza «egiturazkoa» dela, eta horren erantzule egin dituzte Espainiako eta Frantziako estatuak: «Bi estatu linguizida eta genozida, gure herria eta hizkuntza hiltzen dituztenak; makineria osoa daukate gure aurka martxan». Hala, agintari politikoei eta instituzio publikoei eskatu diete arduraz jokatzeko: hizkuntza politika «ausartak» egiteko eta «benetako eztabaidak» abiatzeko. Batetik, euskara ofizial izan dadin Nafarroa Garaian, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: «Euskal herritarron hizkuntza eskubideak jaioterriaren arabera aitortzen dizkigute, eta hori amaitu behar da». 

«Oldarraldi politiko-judizialarekin ikusi dugunez, lortutako eskubide asko atzera bota dizkigute; egungo legediek zirrikitu ugari dituzte, eta ez dira nahikoa euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko»

INTZA GURRUTXAGA EHEko kidea

Eta, bestetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ofizialtasunak emandako aurrerapausoak ez kamusteko: «Egungo oldarraldi politiko-judizialarekin ikusi dugunez, lortutako eskubide asko atzera bota dizkigute, eta horrek agerian utzi du egungo legediek zirrikitu ugari dituztela eta ez direla nahikoa euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko». Hortaz, eskaera zehatza egin diete alderdi abertzaleei: «Orain egiten duzuena baino askoz gehiago egin dezakezue: jarri euskara erdigunean, egin politika euskaltzaleak!».

Elementu asko ditu euskarak kontra, baina alde ere bai. «Aurrera egiteko indarra» badela nabarmendu dute Gurrutxagak eta De la Torrek. Euskaltzaleen hauspoa aipatu dute lehenik: «Datuek diote euskararekiko atxikimenduan indartsu gaudela: dagoen hizkuntza gaitasunerako, euskara asko erabiltzen da. Euskaldun askok eta askok euskara erabiltzeko hautu kontzientea egiten dugu egunero; hautu politikoa». Ildo horretan, euskarari arnasa eman diotenak ere oroitu dituzte: «Gaur arte iritsi gara euskaltzaleen ekinari eta lanari esker; batzuek sinistu, amestu eta, batez ere, borroka egin izan dutelako Euskal Herri euskaldunaren alde».

«Euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dugu. Horregatik, bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokan dihardugunon arteko aliantzak indartzea dagokigu»

IRAIA DE LA TORRE EHEko kidea

Euskal Herriko herri mugimendu «plural eta bizkorraz» mintzatu dira gero: «Euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dugu. Horregatik, bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokan dihardugunon arteko aliantzak indartzea dagokigu, desio dugun Euskal Herri askea eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko». Ohartarazi dute, hala ere, eskuin muturra indartzen ari den honetan, diskurtso arrazistak ugaritzen ari direla, baita euskararekin lotuta ere, eta horiei «irmo» erantzutera deitu dute: «Euskara elkarbizitza osasuntsurako tresna da, eta ez bazterketarako edo bereizketarako tresna».

Euskaltzaleak, antolatuta

Hala, txalotu egin dituzte Euskal Herri osoan euskararen alde loratzen ari diren proiektuak eta mugimenduak: Euskararen Egunaren harira Guka mugimenduak asteon Bilbon egindako manifestazio jendetsua; Nafarroan Agerraldia egitasmoak euskarari eman dion «hauspo ederra»; Baionako Etxepare lizeoko ikasleek azterketak euskaraz egiteko aldarrian agertutako sendotasuna... Eta abenduaren 27ko ekinaldia ere ekarri dute gogora: Euskalgintzaren Kontseiluak pizkunde berria irudikatzeko ekitaldia egingo du Bilbon, eta bertan parte hartzeko deia egin dute.

Pizkundea bultzatzeko konpromisoa hartua baitu EHEk, «Euskararen errepublika ipar hartuta». Izan ere, euskaraz bizi ahal izateko, estatu propioa behar du hizkuntzak, Gurrutxagak eta De la Torrek ekitaldian nabarmendu dutenez: «Euskararen errepublikaren beharra, independentziaren beharra aldarrikatzea eta bide hori eraikitzea da gure xedea; independentziarik ezean ez baitugu Euskal Herri euskaldunik lortuko. Hizkuntza zein nazio zapalkuntzaren aurka, tresna politiko propioak sortuz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna». 

Euskararen aldeko manifestazio nazionala

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.