Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsulta egitekoa zen egunean, irudietako bat izan da gaur EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek erakutsi dutena EAEko hainbat herritan: Euskal Herria bakea bai. Erabakia bai leloa osatu dute milaka herritarrek, alderdi haiek deituta. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko herri kontsulta egitea galarazi izana salatu dute Hitza hitz ekimenean.
Bizkaian, Gernika-Lumon Euskal hitza osatu dute, Zornotzan Herria, Durangon bakea eta Urkiolako gainean bai. Araban, Legution Erabakia eta Gasteizen bai. Ekimen bakoitzean, mila bat herritar bildu dira hitzaren gainean. Beste hainbat lagun ere elkartu da toki bakoitzean.
Antolatzaileen arabera, 20.000 lagun izan dira: Gernika-Lumon 4.000, Zornotzan 3.000, Durangon 5.000, Urkiolan 3.500, Legution 4.000 eta Gasteizen 1.500.
Gernika-Lumon ekin diote lehendabizi, 11:25ean. Gasteizkoa izan da azkena, 12:45etik. Hemen kolore gorri, berde eta txuriko aterkiak altxatu dituzte hitzaren gainean kokatuta zeuden lagunek, goiko helikoptero bidez argazkiak atera ahal izateko. Besteetan ere atera dituzte argazkiak.
13:00etan hasi da haien ekitaldi nagusia, Gasteizen, Foruen plazan. "Euskal Herriak erabakitzeko eta bakean eta aske normalizazio politikoa lortzeko duen ahalmena" aldarrikatu dute agirian. Honek hiru ardatz ditu: bakea, erabaki eskubidea eta elkarrizketa politikoa. "XXI. mendearen hasieran, printzipio demokratikoaren atarian ezinezkoa da aldebakartasunetik eta ukatzearen oinarritik eraikitako politika bat mantentzea, eta are gutxiago, legitimotasuna Espainiako eta Frantziako subiranotasunak soilik aldarrikatzen duenean”.
"Inposaketa, indarkeria eta debekua" gaitzetsi dituzte agirian, eta horiek gaur egun gizartean "ezartzen" direla azpimarratu dute. "Protagonista, baina, euskal gizartea da, eta hala izango da".
Halaber, ETAri indarkeria uzteko exijitu diote. "Bakea zor digu ETAK", esan dute.
Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez irakurri dute agiria Gasteizko eta Nafarroako lau parlamentarik.
Gasteizko ekitaldian izan da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere -Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano, hurrenez hurren-.
politika
'Euskal Herria bakea bai. Erabakia bai' leloa osatu dute milaka herritarrek, EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek deituta
Herri kontsultaren aldeko ekimena egin dute Gernika-Lumon, Zornotzan, Durangon, Urkiolan, Legution eta Gasteizen. 20.000 lagun bildu direla diote antolatzaileek. Gasteizko ekitaldian bakea, erabaki eskubidea eta elkarrizketa politikoa aldarrikatu dituzte. "Inposaketa, indarkeria eta debekua" deitoratu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu