Euskal Herria Bizirik-ek kanpaldi bat egingo du maiatzean, «lurraren defentsan» beste jauzi bat egiteko

Hilaren 16tik 18ra egingo dute kanpaldia, Donemiliagako Uribarri Jauregi herrian, Araban. Sareak adierazi du «kaleak bete» ondoren «mendiak hartuko» dituztela orain.

Euskal Herria Bizirik sarearen mobilizazio bat, martxoan, Gasteizen.
Euskal Herria Bizirik sarearen mobilizazio bat, martxoan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 6a
12:35
Entzun 00:00:0000:00:00

«Lurraren defentsa» antolatzeko helburuarekin, Euskal Herria Bizirik sareak kanpaldi bat egingo du maiatzaren 16tik 18ra, Donemiliagan (Araba). Iragarri dutenez, «lurraren suntsiketaren aurka beste jauzi bat» egin nahi dute. «Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko gaitasuna erakutsi» nahi dute, eta «mendiak hartu».

Kanpaldirako Donemiliagako Uribarri Jauregi herria aukeratu dute, eremu horretan «gutxienez bi mehatxu larri» ikusten dituzte eta: AHT abiadura handiko trena eta energia berriztagarrien eskala handiko azpiegiturak. AHTari dagokionez, nabarmendu dute proiektua gauzatzeko asko falta dela oraindik. «Azken 30 urteetan 5.380 milioi euro gastatu diren arren, gaur-gaurkoz Hego Euskal Herri guztian proiektuaren %35 bakarrik eraiki da». Gaineratu dute egitasmoak beharko dituen geltoki, tren eta bestelako baliabideentzat beste 4.000 milioi euro gorde beharko direla euskal Y-an soilik. Adierazi dute Nafarroan aurrekontuaren %8 besterik ez dela gastatu, eta Ipar Euskal Herrian oraindik ez dagoela trena martxan jartzeko aurreikuspenik.

Sarea kritiko mintzatu da eskala handiko berriztagarriei buruz ere. «Berriztagarri faltsuen makroproiektuak Euskal Herri guztian zehar inposatu nahi dizkigute; guztira 155 fotovoltaiko eta 82 eoliko, zehazki». Salatu dute erakundeetatik bultzatzen ari den zabalpen eredua ez dela jendearen beharrei begirakoa; «datu zentroen gehiegizko energia eskaerei, hidrogenoaren ekoizpenari eta esportazioari eta Europarako salmenta espekulatiboari» begirakoa baizik.

Erresistentzia «gorpuztu»

Euskal Herria Bizirik-ek helburu horiekin lotu ditu Azazetako eta Laminoriako (Araba) zentral eolikoen proiektuak, Uribarri Jauregi ondoan eraikiko liratekeenak. Plataformako kideek gogorarazi dute, Labrazako (Araba) parke eolikoak bezala, Azazetakoak Jaurlaritzaren baimen guztiak jaso dituela jada. «Ondorioz, edonoiz has daitezke lanekin». Larritzat jo dute egoera. Laminoriakoak, berriz, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen eraginari buruzko kontrako adierazpena jaso zuen martxoan. «Uribarri Jauregiko ingurunea balio natural handiko eremua izanagatik, agerikoa da korporazio eta instituzioen arteko elkarlanak etekin ekonomikoa lehenetsi duela beste behin». Hori dela eta, iragarri dute Uribarri Jauregiko kanpaldian «irmotasuna eta erresistentzia gorpuztuko» dituztela.

Donemiliagan egingo duten hiru eguneko kanpaldirako, askotariko ekintzak programatu dituzte: mendi eta bizikleta martxak, kontzertuak, hitzaldiak eta erresistentziari begirako tailerrak, besteak beste.

Euskal Herria Bizirik-ek maiatzaren 16tik 18ra egingo duen kanpaldiko egitaraua.
Euskal Herria Bizirik-ek maiatzaren 16tik 18ra egingo duen kanpaldiko egitaraua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.