Euskal Herrian 441 pertsona hil dira koronabirusak jota, eta 8.647 daude gaixo

Atzotik beste 39 pertsona hil dira, eta 422 gaixotu. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du «joera aldaketa bat» ikusten dela.

Bilboko kale bat hutsik, konfinamendu egun batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 31
14:58
Entzun

«Joera aldaketa bat». Hori erakusten dute, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, gaur koronabirusaren inguruan eman dituen datuek. 442 pertsona gehiago gaixotu dira Euskal Herrian, eta beste 39 hil. Orotara, 8.647 pertsonari erasan die gaitzak, eta birusa zuten 441 pertsona hil dira.

Aldeak daude lurraldearen arabera. Oraindik ere, Bizkaiak du kutsatu kopururik gehien. Hain zuzen, 3.102 gaixo daude, horietako 1.255 ospitalean. Nafarroan, 2.305 pertsonak daukate gaitza, eta 1.035 daude ospitalean. 2.105 gaixo daude Araban, eta 379 sartu behar izan dituzte ospitalean. Azkenik, Gipuzkoan daude gaixo gutxien: 1.113k daukate gaitza, eta horietako 377 daude ospitalean. Ipar Euskal Herriko datuak jakitea zaila da, baina 21 pertsona daude Baionako ospitalean, eta zuberotar bat Pauekoan (Okzitania).

Hildakoei dagokienez ere, Bizkaiak du kopururik handiena: 148 pertsona hil dira, atzo baino hamabost gehiago. Araban, berriz, 133 dira hildakoak (+10); Nafarroan, 113 (+11) eta Gipuzkoan, 44 (+3). Horrez gain, jakinarazi dute Baionako ospitalean bi lagun hil direla gaitzak jota, eta zuberotar bat ere hil zen Paueko ospitalean.

«Hobekuntza bat»

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak eta Josu Erkoreka bozeramaileak prentsaurrekoa eman dute, gobernu kontseiluaren ondoren. Murgak esan du, «tentu handiz» ibili behar bada ere, «hobekuntza bat» egiazta daitekeela datuetan. «Azken datuei erreparatuta, badirudi Euskadi ordoki batean sartu dela, kasuen goranzko joera hautsi baita». Hala ere, nabarmendu du hurrengo egunetako bilakaeraren zain egon behar dela, ezin delako baztertu gorakada bat egotea. Osasun sistemaren egoeraz ere aritu da Murga. Haren hitzetan, ZIU zainketa intentsiboetako unitateko oheen «betetze maila handia» bada ere, osasun sareak oraindik ere ahalmena du eskariari erantzuteko eta pertsona guztiak «baldintza onetan» artatzeko.

Erkorekak alor ekonomikoaz hitz egin du. Iragarri du enpresentzako 500 milioi euroko «finantzaketa lerro berri bat» onartu dutela, Elkargirekin eta finantza erakundeekin batera. «Osasunak daukan lehentasun erabatekoa lanarekin uztartu nahi izan dugu». Ziurtatu du osasuna babestuz gero ona litzakeela ahaleginak egitea lana eta jardun ekonomikoa ahalik eta neurririk handienean mantentzeko. «Eusko Jaurlaritza osasunaren eta lanaren alde egon da». EAJren eta PSE-EEren arteko harremanak ere izan ditu hizpide. Ziurtatu du gobernu kontseiluan «adostasun osoz» gauzatu direla proposatutako gai guztien gogoetak. «Ez da eztabaidarik izan». Espainiako Gobernuarekin izandako harremana ere aipatu du: «Gobernuak berak barkamena eskatu badu, argi dago aitortuta daukala eta kritikak bere oinarria eta funtsa zeukala».

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak ere datuak azaldu ditu komunikabideen aurrean. Nabarmendu du kasu kopuruen hazkundea moteltzen ari dela, eta atzo, osasun zentroak lanera itzuli zirenean, berretsi egin zela. «Zuhurtzia izan behar dugu, baina jarraitu egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.