Euskal Herrian sexu esplotaziorako sare bat atzeman du Poliziak egunotan: hemeretzi pertsona atxilotu dituzte, eta prostituzioan aritzera behartutako 34 emakume askatu. Bada, Sexu esplotazioari aurre egin! lelopean mobilizatzera dei egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak: Iruñeko Udaletxe plazan eginen dute gaurko elkarretaratzea, 20:00etan; bihar, berriz, Bilboko Arriaga plazan bilduko dira 18:30ean, eta Gasteizko Farol Handian 20:00etan.
Sare sozialen bidez egin dituzte adierazpenak: «Mundu osoan zehar milioika emakume egunerokoan sexualki esplotatuak eta bortizki zapalduak dira zenbaiten irabazi ekonomikoak bermatzeko. Eta gertakari horrek gurean ere sexu esplotazioaren errealitatea zein den argi erakusten du». Erran dutenez, guztiek kalitatezko bizi baldintza berak izateko, prostituzioa amaitzeko bidean lan egin behar da: «Sexu merkatuaren aurka borrokatuz, merkatu horren konplize orori aurre eginez, eta egoera horietan dauden emakumeekin batera euren bizi baldintzen alde borrokatuz».
Esplikatu dutenez, emazteki anitzek bizirik iraungo dutela bermatzeko jo behar izaten dute prostituziora, eta bertze anitz «esplotazio sareetan kateatuta iristen dira prostituziora». Nabarmendu dute, gainera, gehienetan emazteki etorkinak izaten direla, egoera zaurgarrian daudela eta.
Hori ikusirik, beharrezkotzat jo dute prostituzioa amaiaraztea, azpimarratuta hori egiteko «forma bakarra» sistema kapitalista suntsitzea dela: «Kapitalismoak sortzen dituen desberdintasun sozialak amaitzeko eta, horri lotuta, emakumeon gainean eraikitako objektu sexual iruditeria amaitzeko».