Hemeretzi pertsona atxilotu dituzte, 34 emakume prostituitzera behartu dituztelakoan

Operazioa zabalik dago oraindik, eta ez dute baztertzen beste atxiloketa batzuk ere egitea.

Ertzain batzuk, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Ertzain batzuk, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko ekainaren 4a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak hemeretzi pertsona atxilotu dituzte, eta prostituzioan aritzera behartutako 34 emakume askatu. Atzo egin zuten operazioa. Talde kriminal bateko kide izatea egozten diete atxilotuei: polizien arabera, atzerriko emakumeak erakartzen zituzten gezurrak esanez, eta, behin emakumeak Hego Euskal Herrira iristean, prostituitzera behartu. Sare sozialetan eskaintzen zituzten emakumeak, eta taldearen etxeetan edukitzen zituzten.

Ertzaintzak guztira hamar pertsona atxilotu ditu Bilbon, Gasteizen, Basaurin eta Zornotzan (Bizkaia); Espainiako Poliziak, berriz, bederatzi, Irunen (Gipuzkoa), Iruñean, Logroñon (Errioxa, Espainia), Santanderren, Zaragozan (Espainia) eta Figueresen (Girona, Herrialde Katalanak). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, emakumeak batetik bestera eramaten zituzten, eta prostituzioan aritzen ziren etxeak zaindu. Ertzaintzak hamalau emakume askatu ditu, eta Espainiako Poliziak, hogei. 

Ertzaintzak aurrena Espainiako Poliziaren esku utzi ditu emakumeak, «kudeaketa administratiboak egiteko». Gero, Emakundera eta gobernuz kanpoko erakunde espezializatuetara bideratu ditu. Operazioa zabalik dago oraindik, eta ez dute baztertu beste atxiloketa batzuk ere egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.