Maria Servini epailea iritsi da Euskal Herrira. Bilboko hotel batean hartu du ostatu, eta handik egingo ditu joan-etorriak frankismoaren biktimen lekukotasunak hartzeko. Asteazkenera arte egongo da Euskal Herrian.
Batetik, Miranda Ebrora joango da (Burgos, Espainia), Felix Padin bilbotarraren kasua ezagutzera; CNTko kidea izan zen, eta faxisten aurkako talde batzuen burua. Atxilotu egin zuten, eta behartutako lanetan aritu zen urteetan. Kontzentrazio esparruetan ere eduki zuten. Bestetik, Gernikako auzitegian (Bizkaia) hartzekoa die deklarazioa Julen eta Elisa Kaltzada neba-arrebei; aita hil zieten fusilatuta, eta Julen bera kartzelan eduki zuten.
Lekukotasunak biltzearekin batera, hainbat bisita egiteko asmoa du Servini epaileak. Agenda zehazten ari dira oraindik, hala ere. Litekeena da Gernikan egitea bisita horietako bat, kaltzadatarrei deklarazioa hartzera hara joan behar baitu. Donostiara joateko aukera ere mahai gainean du, Bakearen Etxera. Hainbat bilera ere egingo ditu.