Hauteskundeen atarian, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek euskararen ofizialtasunaren gaia agenda politikoaren «lehen lerroan» txertatzea bultzatu nahi du. Nafarroan euskararen ofizialtasuna onartuko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzeko, hainbat mobilizazio egingo ditu apirilean eta maiatzean, Bada garaia, euskara ofiziala eta kitto! lelopean. «Egoera hau ezin da gehiago luzatu, eta datorren legealdia ofizialtasunarena izan behar da, herritarron eskubideak baitaude jokoan», nabarmendu du EHEk. Mobilizazio nagusia maiatzaren 13an egingo dute, Iruñean. 12:00etan abiatuko da Konstituzio plazatik.
Nafarroan indarrean dagoen Euskararen Legeak —zonifikazioa ezartzen duenak— herritarren hizkuntza eskubideen «zatiketa eta urraketa» eragin dituela salatu du EHEk: «Hiru eremutan sailkaturik jarraitzen dugu, eta, ondorioz, nafar gehienen hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen. Hori gutxi ez, eta, lege horren bitartez, euskararen normalizazioa ekidin nahi da, euskararen diglosia eta mendekotasun egoera luzaraziz». Hori bera salatzeko, iazko abenduaren 15ean ere elkarretaratze bat egin zuen EHEk, lege hori onartu eta 36 urtera.
Horregatik, euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin aldarrikatuko du EHEk datozen asteetan. «Kontuan hartu behar dugu, lehen aldiz, Nafarroako Gobernuaren erakunde aholkularia den Euskararen Nafar Kontseiluak lehen aldiz eta aurkako botorik gabe adierazi duela ofizialtasuna lurralde osoan aitortuko duen lege berri baten beharra», azaldu du EHEk.
Lau mobilizazio
Mobilizazio nagusia Iruñekoa izango bada ere, beste hiru mobilizazio egingo dituzte; «hizkuntza eremu» bakoitzean, bat. Apirilaren 22an abiatuko dute mobilizazio zikloa Bardean (Nafarroa), «ekintza» baten bidez. Apirilaren 29an elkarretaratze bat egingo dute Igantziko (Nafarroa) frontoian, 19:00etan. Maiatzaren 6an egingo dute bestea Tafallako (Nafarroa) Frantzisko Nafarroakoa plazan, 12:00etan.