Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Eduardo Maura. Elkarrekin Podemos

«Euskal Herrian kultura aldaketa gertatu da, sakonekoa»

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Abenduan bezala, oraingoan ere Eduardo Maura (Bilbo, 1981) Espainiako Kongresuko diputatu izateko aukeratu dute Bizkaiko hautesleek. Pozik dago bere koalizioak Euskal Herrian lortu dituen emaitzekin, ez hainbeste Espainiakoekin. Azken horiek baloratzeko «denbora» eta «azterke- ta sakona» beharko direla uste du.

Nolako balorazioa egiten duzue Euskal Herrian lortu dituzuen emaitzen inguruan?

Nafarroan, UPN-PP gailendu zaizkigu, baina abenduan lorturiko emaitza harrigarriak berretsi ditugu, bigarren diputatuari eutsita. EAEn, berriz, emaitzak sendoak dira, eta homogeneoak lurraldeen arabera. Ezarriak genituen hainbat helburu bete ditugu, esaterako, Bilbon EAJk atera zigun aldea murriztea, eta Hernanin [Gipuzkoa] praktikan berdinketa teknikoa lortzea.

Zein izan da zuen arrakastaren gakoa?

Gogoeta nagusia honako hau da:ez da beharrezkoa Podemosek [Espainiako] Estatuan emaitza onak lortzea, Euskadin Ahal Dugu-k emaitza onak lortzeko. Euskal politikak berezko logikak ditu, bere gako bereziak, eta hori gertatu da orain. Eta beste gogoeta bat, aurrekoarekin lotuta: beste indar batzuekin bat egitea beti da onuragarria eta Podemosen ezaugarria da, baina aztertu behar da zergatik leku batzuetan funtzionatzen duten, eta beste batzuetan ez. Andaluzian, adibidez, ez du funtzionatu. Eztabaida ez da bat egin edo ez, baizik eta nola.

Hego Euskal Herrian 428.000 boto lortu dituzue. Dena dela, joan den abenduan Ahal Dugu-k eta IU-Ezker Anitzak ateratakoak batuz gero, emaitza ia450.000 boto ziren.

Oso zaila da jakitea 20.000 boto horiekin zer gertatu den, baina uste dut gakoa dela parte hartzearen jaitsiera. Seguru asko, boto horiek abstentziora joan dira, etxean gelditu dira, baina uste dut Euskadin baino gehiago beste leku batzuetan aztertu behar dela hori.

Haserretuen mugimendua eta M-15eko mobilizazioak lurrikara baten modukoak izan ziren Espainian, baina Euskal Herrian askoz oihartzun txikiagoa izan zuten. Orain, berriz, mugimendu horren espiritua jasotzen duen alderdiak zailtasunak ditu Espainian aldaketa eragiteko, baina lehenengo indarra da Euskal Herrian. Ez da bitxia?

Eguneko galdera da hori, nik ere askotan pentsatu baitut horretaz. Uste dut M-15 bi egon zirela, bat plazetakoa, eta beste bat etxeetan gertatu zena, eta Euskal Herrian lehenengoak ez zuen horrenbesteko indarra baina bigarrenak bai; kultura aldaketa bat gertatu da, sakonekoa eta apurka-apurka gauzatuz joan dena. Uste dut EAJk eta ezker abertzaleak ez dutela jakin hori interpretatzen.

Aurrera begira, urrunago al dago orain aldaketarako gobernua Espainian?

Emaitzen arabera, argi dago Rajoy indartuta atera dela, eta hori albiste txarra da, nik beti pentsatu baitut Euskal Herriarentzat hauteskunde hauen gakoa zela Rojoyk ez gobernatzea. Rajoyk EAJ aipatu du balizko bazkide gisa: EAJk Bizkaian galdu duen diputatua erabakigarria izango zatekeen horretan, PP eta Ciudadanosen diputatuekin batera gehiengo osoa lortuko zutelako. Orain, diputatu bat falta dute horretarako. Agian, Elkarrekin Ahal Dugu-k sekulako mesedea egin dio aldaketa politikoari Bizkaian EAJri diputatu bat kenduta.

Eta, orain, nola ikusten dituzue Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak?

Oso hauteskunde desberdinak izango dira. EAJk du aukera handiena, eurak egon baitira gobernuan, baina baldintzak daude gehiengo sozial berria eratzeko. Galdera da zenbateko indarra izango duen, eta udazkenerako gauzatuko ote den. Orain, zalantza bakarra ez da izango EAJk norekin egingo duen gobernu ituna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.