Guardia Zibilak ustez Euskal Herrian kokaina sartzen zuten zortzi pertsona atxilotu ditu gaur Madrilen. Ertzaintzaren laguntzarekin egin du ikerketa, eta operazioan 40 kilogramo kokaina atzeman dituzte. Polizia iturrien arabera krema poteetan eta elikagaietan ekartzen zuten droga, Perutik.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ikerketa 2010. urtearen amaieran abiatu zuten, Bilbon trafikatzaile batek zenbait droga salmenta egiten ari zelako susmoarekin. Ustezko trafikatzailea Donostian bizi zen, eta horri segika iritsi ziren poliziak taldearengana, Madrilera. Perutik droga ekartzen zutenei harrera egitea omen zuen taldeak.
Taldeko buruak 61 urte ditu, eta horrek Limako senide eta lagunekin prestatzen zituen bidaiak. Droga behin Madrilera iritsi ondoren, Euskal Herrira ekartzen zuten; Herbehereetara eta Alemaniara egindako bidalketak ere atzeman dituzte, Madriletik. Ertzaintzaren arabera, hilero 300.000 euro inguru bidaltzen zituen taldeak Hego Ameriketara. Atxilotuak familia bateko kideak dira, eta guztiak Madrilen atxilotu dituzte.