Ontzat jo dituzte elkartasun adierazpenak. Hala iragan asteetako manifestazio jendetsuak nola Espainiako Vueltaren karira antolatutako protestak. Gazarako elkartasun flotillak lortutakoa «positibotzat» jo dute, «herri mugimenduaren sostengua erdiesteaz gain agerian utzi duelako Israelen inpunitatea, eta arreta Gazan ipini duelako». Horiek guztiak «urrats esanguratsuak» izan direla uste du Gazarako Mugimendu Globalaren Euskal Herriko batzordeak. Eta, hala ere, ez da nahikoa. «Jarraitu behar dugu presioa egiten eta pausoak ematen, palestinarrak bakean bizitzea lortu arte». Argi dute zein den hurrengo urratsa: hilaren 15eko lanuzteak. Mobilizazio deialdi «zintzo» guztiekin bat egin du plataformak, uste baitute denak izanen direla beharrezko.
Gazarako Mugimendu Globalaren Euskal Herriko ordezkariek agerraldia egin dute gaur Iruñeko Plazara gunean, eta bertan izan dira flotillan itsasoratutako zenbait boluntario. Haien izenean hitz egin dute Itziarrek eta Maiak —euskaraz—, eta Arantxak eta Karimek —gaztelaniaz—. Abizenik ez dute eman nahi izan, segurtasunagatik. «Irailean, Euskal Herriko lau ordezkari joan ginen Gazara, Global Sumud Flotilla delakoan. Ontzidian 44 herri baino gehiago egon ziren ordezkatuta, eta Euskal Herrian 50etik gora erakundek babestu zuten».
Kazetariek galdetuta, Mediterraneoan eta Israelgo espetxeetan bizi izandakoa «oso latza» izan zela gogoratu du Karimek, baina begirada Gazan jartzeko galdegin du: «Torturak eta tratu txarrak sufritu ditugu egunero, eta gogoan ditugu oraindik kartzelan dauden ekintzaileak, baina batez ere, han giltzapetuta urteak daramatzaten palestinarrak. Finean, guretzat gogorra izan da, baina palestinarren aldean, pribilegiatuak gara: bueltan gara Euskal Herrian, badugu lo egiteko toki bat, eta baita jan-edana ere. Gure egoera eta haiena ezin dira parekatu».
Ideia horrekin bat egin du Itziarrek ere. «Flotillako hainbat kide preso daude oraindik estatu sionistaren espetxeetan, baina gu ez gara auzi honen protagonistak. Gazan jarri behar dugu arreta: Palestinako milaka herritar daude kartzeletan bahituta, torturatuta eta epaiketaren zain. Geure begiekin ikusi ahal izan dugu sionistak noraino izan daitezkeen bortitzak, eta palestinarrek hamarkadak daramatzate krudelkeria hori pairatzen».
Urriaren 15eko greba
Flotillaren jarduna eta horrek eragindako elkartasun oldea ontzat emanda ere, mobilizatzen segitzera deitu dute ekintzaileek. «Palestinarrek lasai lo egiterik ez duten bitartean, pertsona batzuen bizitzek deus ere balio ez duten bitartean, urrats gehiago beharko dira. Ez da posible hemen, Euskal Herrian bertan, holokaustoaren ekonomia elikatzen segitzea», esan dute. Horregatik, Israelekin eta erakunde sionistekin harremanak eteteko deia egin diete Euskal Herriko erakunde eta enpresei: «Harreman ekonomikoak, jakina, baina baita politikaren, kirolaren, kulturaren edo akademiaren alorrekoak ere. Bada garaia erabakitzeko zer orrialde idatzi nahi dugun Historiaren liburuan».
Estrategia horren barruan, garrantzitsutzat jo dute urriaren 15eko greba deialdia. Gazarako Mugimendu Globalaren Euskal Herriko batzordeak ez du deialdi propiorik egin; horren ordez, dei egin dute Euskal Herriko sindikatuek eta eragile sozialek «zintzoki» egin dituzten deialdi guztietan parte hartzeko: «Euskal Herri osoari dei egiten diogu kalera ateratzeko Palestinaren alde eta sionismoa salatzeko. Mundua gelditu behar dugu, palestinarrak bakean bizitzea lortu arte».
Mobilizazio eta lanuzteez gain, ordea, protesten intentsitatea «koska bat» igotzera dei egin dute flotillako kideek, besteak beste Israelen aurkako boikot ekonomikoa areagotuz: «Historiak erakutsi digu boikot ekonomikoa eraginkorra dela, eta hemen ere sakondu beharko genuke horretan».
Donald Trump AEBetako presidenteak martxan jarritako planaz ere solastatu dira ekintzaileak. «Ustezko bake prozesu horrek ez die bakerik ekarriko palestinarrei», laburbildu du Itziarrek: «Ez da bake iraunkorrik izango errefuxiatu palestinar guztiei etxera bueltatzeko eskubidea bermatu arte, Palestinari autodeterminazio eskubidea aitortu arte. Horrek ekarriko du benetako bakea, eta, bermatzen ez den bitartean, borrokan jarraituko dugu».