Euskal Herriko hiru gazte hil dira Espainian, pasabide batetik erorita

Santanderko hondartza bateko egurrezko pasabidea hautsi egin zen atzo, eta bost gazte hil ziren. Tartean daude Barakaldoko 19 urteko bi neska eta Balmasedako 21 urteko mutil bat. Arabako neska bat zaurituta dago.

Atzo arratsaldean hautsi zen pasabidea. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Atzo arratsaldean hautsi zen pasabidea. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 4a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santanderko (Kantabria, Espainia) kostaldeko El Bocal izeneko eremuko egurrezko pasabide bat hautsi egin zen atzo arratsaldean, eta bost pertsona hil ziren, pasabidetik erorita. Horietako hiru euskal herritarrak dira, Bizkaikoak, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak baieztatu duenez: Barakaldoko bi neska, 19 urtekoak, eta Balmasedako mutil bat, 21 urtekoa. Elvillarreko (Araba) 19 urteko neska bat zaurituta dago; hipotermiak jota erreskatatu zuten. Gainerako hildakoak Espainiako bi neska dira, 20 eta 22 urtekoak. Litekeena da beste bat ere hil izana ezbeharrean, 20 urteko neska espainiar bat desagertuta baitago oraindik.

Pasabideak kostaldeko bi lur zati lotzen ditu, amildegi bat gainditzeko. Zazpi gazteak El Bocal eta Espainiako Ozeanografia Institutuaren arteko ibilbidea egiten ari ziren. Egurrezko pasabidea puskatu eta gero, haren gainean zeuden gazteak arroketara eta itsasora erori ziren. Larrialdi zerbitzuek 16:45 aldera jaso zuten istripuaren berri. Suhiltzaileak, itsas salbamendua, helikoptero bat, anbulantziak eta poliziak joan ziren bertara. Lau neskak aurkitu zituzten aurrena, eta 20:00ak aldera topatu zuten Balmasedako mutila. Nesketako batek zauri larriak zituen eta Valdecillako ospitalera eraman zuten. Bertan hil zen.

Bizirik dagoen bakarra Elvillarreko 19 urteko neska bat da. Hark eskatu zien laguntza inguruan ziren bi txirrindulariri, eta haiek deitu zuten larrialdi zerbitzuetara. El Bocal inguruan bertan artatu zuten aurrena, hipotermia zantzuak zituelako. Valdecillako ospitaleko ZIU zainketa intentsiboetako unitatean dago, Santanderren bertan. Haren egoera egonkorra da eta hiltzeko arriskutik kanpo dago.

Lanbide Heziketako ikasleak

Zazpi gazteak Kantabriako Medio Cudeyo herriko La Granja de Heras Lanbide Heziketa zentroko ikasleak ziren. Ikasleek notak jaso zituzten atzo, eta Erasmus programan parte hartu behar zuten ikasleei agur esan nahi zieten. Nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan espezializatutako ikastetxea da La Granja de Heras. 500 ikasle eta 70 irakasle baino gehiago ditu. Gurutze Gorriko laguntza psikosozialerako talde bat ari da ikaskideak eta irakasleak artatzen. 

Desagertuta dagoen neska bilatu nahian ari dira goizetik. Minutu bateko isilunea egin dute eguerdian Santanderko udaletxearen aurrean. Espainiako Polizia ari da arduratzen ikerketaz, istripua gertatu zenean guardian zegoen epaileak hala aginduta.

Epaileak onartu du jada identifikatuta dauden hildakoen gorpuak senideei ematea. Gaur arratsaldean emango dizkietela espero dute, Gema Igual Santanderko alkateak zehaztu duenez. «Biktimen momentu da», alkatearen iritziz.

Hugo Moran Espainiako Ingurumeneko Estatu idazkariak atzo gauean nabarmendu nahi izan zuen «azkarregi» zela istripuaren arrazoiei buruz hitz egiten hasteko. Baita «arriskutsua» ere. Eskatu zuen ez hasteko arrazoiei buruz espekulatzen, «horrek hildakoen senideen eta lagunen mina areagotuko baitu».

Hala ere, istripua gertatu eta gero, herritarrek jakinarazi dute pasabidea oso egoera txarrean zegoela. 2014an jarri zuten, eta 2017tik ez zuten berritu. Santanderko kostaldeko ibilbide baten zatia da. Pasabidea egurrezkoa da, baina burdinazko pieza batzuen bidez dago lotuta lurrari. Berez, kostako ibilbidea eta pasabidea Espainiako Kosta Zuzendaritzaren eskumena dira. Zuzendaritza hori Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren mende dago.

Espainiako Gobernuak 2016an onartu zuen kostaldeko ibilbidea bukatzeko eta berritzeko proiektua. Obrak hasi eta gero, baina, geratu egin zituen, bizilagunak proiektu horren kontra zeudelako. Kostaldeko bidearen aldeko herritarrek begiratoki eta pasabide guztiak kentzeko eskatu zuten, haiek ez zetozelako bat kostaldeko ibilbide tradizionalarekin. Pasabideak ez zituzten kendu, ordea. 2017tik berritu ere ez.

Jaurlaritza, familiekin harremanetan

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi du familiekin harremanetan daudela, laguntza eskaintzeko. «Jaurlaritzaren izenean gure atsekabea eta dolumina adierazi nahi diegu», esan du Zupiriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!