Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak dio bozetara aurkeztutako alternatiba guztiak «faltsuak» direla

Taldeak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, eta «antolatzeko eta borrokatzeko» deia egin.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean. EHKS
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean. EHKS
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 19a
11:30
Entzun

Apirilaren 21eko hauteskundeetarako aurkezten diren alternatiba guztiak «faltsuak» direla ohartarazi du EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Haien erranetan, erakundeetan ez baitago «erabakitzeko benetako ahalmenik». Hala, adierazi dute beraiek «langile klasearen eskubide politiko eta ekonomikoak» defendatzeko eginen dutela lan, eta «antolatzeko eta borrokatzeko» deia egin dute.

Gasteizen egin du agerraldia,Eusko Legebiltzarraren aurrean. Ane Ibarzabal eta Peio Ormazabal izan dira bozeramaileak, taldeko bertze hainbat kide zituztela atzean. Ibarzabalek hartu du hitza lehenbiziko, eta kritiko mintzatu da hauteskundeen inguruan: «Etengabeko hauteskunde kanpaina batean murgildu gaituzte, eta politikagintza guztia hauteskundeetara mugatu dute». Bide horretatik, erran du egunerokoan gehien eragiten duten gaiak ez direla bozkatzen, eta, gainera, «nazioz gaindiko erabakiguneetatik inposatu egiten» direla. Euskal Autonomia Erkidegoko trantsizio energetikoari, hezkuntzari edo arlo monetarioari lotutako politikak jarri ditu adibide.

Ibarzabalek gehitu du «oligarkiaren agendarekin» hautagai guztiek bat egiten dutela, eta, EH Bilduri erreferentzia eginez, alternatiba guztiak «faltsuak» direla. «EH Bilduk bere burua alternatiba gisa aurkezten jarraitu badezake, orain arte [Eusko] Jaurlaritzan egotea egokitu ez zaiolako jarrai dezake», borobildu du. Bide horretatik, erran du EAJk eta koalizio subiranistak «alderdi bateraezinen» itxura eman nahi dutela, baina EAEtik kanpo «etengabe» elkarrekin lan egiten dutela. «Biek ala biek erdi mailako klase nazionalaren interesak ordezkatzen dituzte, euskal enpresa munduaren interesak ordezkatzearekin batera».

Parte hartzea oinarri

Bien bitartean langileen bizi baldintzek «okerrera» egiten dutela azpimarratu du Ibarzabalek, nahiz eta Hego Euskal Herriko gobernuek «kontrakoa dioen propaganda egin». Hala, EHKSk kalera eramanen ditu herritarren errealitate horrekin lotutako gaiak: osasungintza, etxebizitza, lan baldintzak, ingurune naturalaren suntsiketa eta gerra.

Ormazabalek, berriz, argi utzi du «hauteskunde fartsaren aurrean» EHKSren hautua zera izanen dela, «militantzian eta zuzeneko parte hartze politikoan oinarritutako kultura hedatzea». «Urte gehiegi daramatzagu esperantzak hauteskundeetan jarri behar direla entzuten, eta egoerak okerrera baino ez du egin». Hala, argi dute langile klasearen onurak «mobilizatzeari eta antolakuntzari esker» izan direla. «Guk norabide horretan egingo dugu lan: instituzio burgesen itxurakeria agerian utziz eta langile klasearen eskubide politiko eta ekonomikoak kalean defendatuz», borobildu du Ormazabalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.