Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dira Euskal Herriko herri mugimenduetako hainbat ekintzaile

SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 50. urteurreneko ekitaldietan parte hartzen ari dira.

Euskal Herriko herri mugimenduetako hainbat kide, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. SAHARAKO BRIGADA
Euskal Herriko herri mugimenduetako hainbat kide, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. SAHARAKO BRIGADA
14789412 kepa
2026ko apirilaren 6a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Aberri Egunak «zentzu berezia» izan du asteon Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara joandako Euskal Herriko herri mugimenduko kideentzat, «ofentsiba inperialistak eta joera erreakzionarioen gorakadak ezaugarritzen duten testuinguru betean, herri zapalduen arteko elkartasun internazionalista antolatzeak garrantzi berezia» duelako, haien esanetan. Horregatik, Euskal Herritik milaka kilometrotara, borrokan jarraitzeko deia luzatu dute, «munduko herri zapalduen askapen prozesuak muturreraino eraman arte».

Euskal Herriko herri mugimenduetako hainbat ekintzaile Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dira: otsailaren 27an, 50 urte bete ziren SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik, eta urteurrena ospatzen dabiltza han. «Astebeteko brigada honen helburua Saharako askapen prozesuaren egungo egoera bertatik bertara ezagutzea da, bertan jasotako irakaspenen bitartez Euskal Herriko askapen prozesua elikatzeko asmoz, prozesu honi babes eta elkartasun osoa adieraztearekin batera», adierazi dute.

«Helburua da Saharako askapen prozesuaren egungo egoera bertatik bertara ezagutzea, bertan jasotako irakaspenen bitartez Euskal Herriko askapen prozesua elikatzeko asmoz»

Saharako Brigadako kideak

Atzo goizean, harrera beroa egin zieten ekintzaileei Mojtar Labuehi SEADek EAEn duen ordezkariak, Smara wilaya-n (Mendebaldeko Sahara) dagoen Tifariti daira-ko alkateak eta hamarnaka emakumek: «Ohiturei jarraikiz, datilak eta esnea eskaini zizkiguten harrera ekitaldiarekin hasi aurretik. Saharako banderak astindu eta ‘aberria ala hil’ oihu artean eman zioten hasiera ekitaldiari, eta, ospakizunetara bertaratutako delegazio internazionalistei esker ona adierazi ostean, gatibu dauden preso politikoen aldeko elkarretaratze bat eginda amaitu zuten».

Garai erabakigarria

Brigadako kideek gogorarazi dutenez, «garai erabakigarri batean» dago Mendebaldeko Sahara. Izan ere, 2020an Marokok eraso egin zuen Guergueraten, eta, ondorioz, sahararrek gerra egoera deklaratu zuten, Marokok hautsi egin zuelakoan 30 urte luze iraun zuen bake akordioa —1991n Fronte Polisarioak eta Marokok sinatutakoa—.

Saharar emakumeak, SEADen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldietan. SAHARAKO BRIGADA
Saharar emakumeak, SEADen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldietan. SAHARAKO BRIGADA

Bestetik, 2025ean Donald Trump AEBetako presidentearen ekinbidez, eta besteak beste Espainia eta Frantziako gobernuen babesarekin, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan honako hau proposatu zuten gatazka konpontzeko: Marokoren menpeko autonomia estatutua izan zedila Sahara. «Proposamena onartu ez bazen ere, ustezko autonomia horrek ezeztatu egingo luke Minurso misioaren oinarrietan jasotzen zen erreferendumerako eskubidea», salatu dute ekintzaileek.

«Beraz, zalantzarik gabe, ospakizun bereziak izango dira SEADen aldarrikapenaren 50. urteurrena gogoratzeko egingo direnak. Martiriei eta gatibu dauden preso politikoei aitortza egiteaz gain, desfile zibil eta militarrak egingo dituzte, askotariko ekitaldi kulturalekin batera». Bereziki, Marokoren okupaziopean urteurren hori askatasunez ospatzerik izango ez duten Mendebaldeko Saharako herritarrei buruz mintzatu dira brigadistak, «errefuxiatuen kanpalekuetan dauden herritarrekin batera erresistentzia prozesu eredugarri honetan amore eman gabe eusten baitiete Fronte Polisarioaren printzipio politikoei; hau da, sahararren autodeterminazio eta independentziarako eskubideari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA