Errefuxiatu saharar bat ito da Euskal Herrira iristeko ahaleginean

Mohamed Laminek Antzuola zuen helmuga. Han egin dute bera gogoratzeko elkarretaratzea, gaur, 19:30ean, herriko plazan.

Gaur Antzuolako herriko plazan egin duten elkarretaratzea. BERRIA
Gaur Antzuolako herriko plazan egin duten elkarretaratzea. BERRIA
14789412 kepa
Antzuola
2026ko otsailaren 6a
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milaka etorkini gertatu bezala, Iberiar penintsulara bidean Mediterraneo itsasoa zeharkatzen saiatzen ari zela hil zen Mohamed Lamin sahararra, duela egun batzuk. Euskal Herria zuen helmuga, Antzuolan (Gipuzkoa) eskuratu nahi baitzituen sorterrian lortu ezin zituen bizi baldintza duinak. Laminen heriotza gaitzesteko, elkarretaratzera deitu zuten Antzuolako bizilagunek eta ekintzaileek, gaur arratsalderako. Herriko plazan batu dira, 19:30ean. Batetik, zera nabarmendu nahi izan dute: «Gure artean inor ez da ilegala». Bestetik, Saharako gatazkan Espainiako Gobernuak duen «konplizitatea» salatu dute.

«Tristura handia ez ezik, amorrua eta ezintasuna ere eragiten digu heriotza horrek, Saharako errefuxiatuak kanpalekuetan abandonatuta dauzkatela berresten baitu», adierazi du Saharako Lagunen Elkarteen Federazioak. Antzuolako herritarrei esker izan dute Laminen heriotzaren berri, eta gaurko deialdia zabaltzea erabaki dute, «ahal eta nahi dutenak Mohameden ingurukoei babesa adieraztera etor daitezen une latz hauetan». Federaziokoek ere doluminak helarazi dizkiete itotako sahararraren lagun eta senideei, Adnan Dahi Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidentearen bitartez.

«Tristura handia ez ezik, amorrua eta ezintasuna ere eragiten digu heriotza horrek, Saharako errefuxiatuak kanpalekuetan abandonatuta dauzkatela berresten baitu»

Saharako Lagunen Elkarteen Federazioa

Honako hau azpimarratu nahi izan dute: «Gertaera tragiko honek are gehiago indartzen du gure konpromisoa: saharar herriarentzat lan egitea eta borrokatzea, eta eskatzea behin betiko irtenbide justu bat, autodeterminazio eskubidea eta Espainiako Estatuaren abandonuaren amaiera».

Etsipena eta arriskua

Dahik jakinarazi duenez, duela hiruzpalau egun ontziratu zen Mohamed Lamin ontzi batean, Aljerian. «Ekaitza dagoenean irten ohi dira ontziak, Marokoko kostazainekin topo egitea zailagoa delako», azaldu du. Laminen laguna zen, unibertsitatean elkar ezagutu baitzuten, Aljerian.

Dirudienez, Espainiako kostaldera heltzear zirela, uretara salto egin, eta ito egin zen. Horrelako bidaietan ohikoena hori da, itsasertzera iritsi baino lehen patroiak jauzi egiteko agintzea. Hala ere, Dahik ez dauka horren argi: «Buruko minarekin zegoen, ondoezik. Agian uretara erori zen. Gainera, ez dut uste igeri egiten zekienik», aipatu du Dahik. Ontzian zihoazenak hari laguntzen ahalegindu ziren, baina alferrik. Lamin izan zen zendutako etorkin bakarra. Hain zuzen, pateran harekin zihoan aljeriar baten ahotik jakin du zer gertatu zen Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidenteak.

«Askotan saiatu zen bisa lortzen, baina oztopoak jarri zizkioten behin eta berriro. Dirudienez, erabakirik arriskutsuena hartu zuen bere helburua lortzeko»

PILAR ETXANIZ Antzuolako herritarra

Dahik nabarmendu duenez, «etsipenak» bultzatu zuen Lamin patera horretan sartzera, ez baita ohikoena saharar errefuxiatuek horrelakorik erabiltzea penintsulara heltzeko. «Besteak beste, Espainiaren Aljeriako Kontsulatua bisa ukatzen ari zaio hainbati, eta gehienek denbora luzea daramate horren zain». Pilar Etxaniz Antzuolako bizilagunak zehaztu duenez, zendutako etorkina «askotan saiatu zen bisa lortzen, baina oztopoak jarri zizkioten behin eta berriro». «Dirudienez, erabakirik arriskutsuena hartu zuen bere helburua lortzeko», deitoratu du hark.

Lamin Gipuzkoako udalerri horretako familia baten lagun mina zen. Herrian gertatutakoaren berri izan zutenean, hainbat bizilagun elkartu ziren, eta gaur elkarretaratzea egitea erabaki: «Itsasoak irentsi egin duela edo istripu bat izan dela esatea litzateke errazena. Baina arrazoi sakonak daude gertatu denaren atzean», adierazi du Etxanizek.

Erantzukizunak eta elkartasuna

Etxanizek Marokoko Gobernua jo du egoeraren erruduntzat, 50 urte igaro baitira Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. «Sahararren hainbat baliabide xahutzen jarraitzen du, baita haiei autodeterminaziorako eskubidea ukatzen ere», gehitu du antzuolarrak. Espainiako Gobernuari, berriz, «sahararrak saltzea» egotzi dio.

Dahi ere horri buruz mintzatu da. Saharako herriarentzat «irtenbide justua» proposatu beharrean, Espainiako Gobernua «etsaiarekin lerratu» da, salatu duenez. «Pedro Sanchez gobernuburuaren jarrera aldaketak min handia» egin dio saharar herriari: «1975ean, Sahara Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen Espainiako Gobernuak, eta, 2022an, bigarren labankada sartu zion, Marokok proposatutako autonomia plana onetsiz». Izan ere, plan horrek ez du aitortzen saharar herriaren autodeterminazio eskubidea. «Hori da gerora etorri diren arazo guztien sustraia».

«2022an, labankada bat sartu zion Espainiako Gobernuak Saharari, Marokok proposatutako autonomia plana onetsiz. Hori da gerora etorri diren arazo guztien sustraia»

ADNAN DAHI Gipuzkoako Sahararren Elkarteko presidentea

Biek ala biek Espainiako Gobernua «konplizetzat» jo dute. Ildo berean, Atzerritarren Legea txarretsi du Etxanizek, «jendeari oztopoak jartzen baitizkio libreki mugitzeko».

Laminen senide eta lagunei elkartasuna adierazi diete antzuolarrek, gaur egin duten elkarretaratzearen bitartez. Horretaz gain, aldarrikatu nahi izan dute «gure artean inor ez dela ilegala». Izan ere, zera uste du Etxanizek: «Eskubideak ukatzeak azkenean hil egiten du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.