Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea

Ana Elena Altuna Larrañaga: «Euskal Herrira datozen migratzaileek beste herritarren eskubide berak behar dituzte»

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak hamargarren urteurrena ospatuko du gaur. Altunak dio herritar guztiek ez dituztela eskubide berak, eta «gizarte orekatua» sortu nahi dutela.

Ana Elena Altuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren egoitzaren atarian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ana Elena Altuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren egoitzaren atarian, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu osoan zabaldu zen Aylan Kurdi haur kurduaren argazkia: Turkiako hondartza batean hilik ageri zen, itota. «Astindu» gogorra sumatu zuen argazkia ikustean Ana Elena Altuna Larrañagak (Eibar, Gipuzkoa, 1957). Horregatik, Ongi Etorri Errefuxiatuak herri plataforma sortu zuen beste kide batzuekin batera; errefuxiatuak babesik gabe zeudela ikusirik, «zerbait egin behar zutelako». Gaur hamar urte bete ditu taldeak, eta, urteurrenarekin batera, lokal berria irekiko dute Bilboko San Frantzisko auzoan. Azaldu du Euskal Herrian zeregin handia dagoela, mugak zeharkatzen dituzten migratzaileak «oso egoera larrian» bizi direlako.

Hamar urte pasatu dira herri plataforma sortu zenutenetik. Nola aldatu da errefuxiatuen egoera Euskal Herrian?

Egoera ez da hobetu. Euskal Herriko egoera Europako politikari loturik dago, errefuxiatuen egoera arazo politikoa baita. Batzuentzat, egoera hoberantz aldatu da: adibidez, errefuxiatu ukrainarrentzat edo venezuelarrentzat. Beste batzuentzat, ordea, ez. Arrazoi politikoen araberakoak dira: Venezuelako migratzaileek laguntza gehiago dauzkate Kolonbiakoek, Irangoek, Afganistangoek edo Palestinakoek baino.

Migratzaileei baliabideak eskaintzerakoan ere desberdintasunak daude?

Alderatu besterik ez dago Gazatik eta Ukrainatik datozenen egoerak. Ukrainarrek harrera ona izan zuten duela lau urte, eta guk arintasun eta erraztasun hori eskatzen dugu besteentzat ere. Gizarte zuri europarra gara, eta buruan hori sartuta daukagu.

«Migratzaileak desberdin tratatzen dituzte bakarrik daudenean edo pertsona zuri batek laguntzen dituenean»

Zer laguntza ematen diezue migratzaileei plataformaren bidez?

Gure helburua da gizartean sentsibilizazioa zabaltzea, eta batez ere kontzientziatzea herritar guztiok ez ditugula eskubide berak. Guk gizarte orekatua nahi dugu, non denok eskubide eta betebehar berdinak izango ditugun. Guk informazioa ematen diegu haien eskubideen eta egin beharreko izapideen inguruan, haurrak eskolatzen laguntzen diegu… Euskal Herrira datozen migratzaileek beste herritarren eskubide berak behar dituzte, eta ez zerbitzu bereziak.

Zer arazo izaten dituzte artatzen dituzuen migratzaileek?

Arazo gehienak langile publiko batzuen aldetik datoz. Batetik, Poliziaren identifikazio arrazistak jasaten dituzte. Bestetik, zerbitzuetan arreta ematen duten langile batzuek arazoak sortzen dizkiete, eta langile horiek ez dute ondoriorik izaten. Esaten da mundu guztia errugabea dela kontrakoa frogatu arte. Migratzaileekin alderantziz da: askorentzat, errudunak dira kontrakoa frogatu arte. Gainera, desberdin tratatzen dituzte bakarrik daudenean edo pertsona zuri batek laguntzen dituenean.

Aylan Kurdiren argazkiak haserrea piztu zuen duela hamar urte. Hortik aurrera, ordea, eskuin muturra goraka doa eta migratzaileen aurkako diskurtsoak gailentzen ari dira. Zergatik?

Azken urteetan hasi dira migratzaileen aurkako diskurtsoak zabaltzen, baina duela hamar urte ere bazeuden eskuin muturrerako joerak, desorekak eta eskubide faltak. Adibidez, Espainiako Atzerritarren Legeak bide ematen die diskurtso horiei. Lege horren eraginez, migratzaileek estatuan bi urteko egonaldi bat frogatu arte ezin dute kotizatu, eta, hori frogatutakoan, lan eta bizileku baimena eskatu dezakete. Horrez gainera, Zupiriak ahalegina egin du atxilotuen jatorria ezagutarazteko, baina zergatik ez dute esaten nork egiten dituen lapurretarik handienak? Edo nork ez dituen zorrak ordaintzen? Interes bera nahi dut dena publikatzeko. Komunikabide batzuek ere zerikusi handia daukate diskurtso horiek zabaltzean.

«Espainiako Atzerritarren Legeak bide ematen die migratzaileen aurkako diskurtsoei»

Nola borrokatu daiteke migratzaileen aurkako gorroto hori?

Denok eskubide eta betebehar berak bermatuta izango ditugun gizartea behar dugu. Horretarako, legeak aldatu behar dira, eta jendeari berdin begiratu behar zaio. Euskal Herrian dauden pertsona orok egiten dituzte ekarpenak, zerbitzu publikoak —hezkuntza, osasun sarea, eta abar— zeharkako zergekin ordaintzen baitira.

Zer-nolako egoera espero duzu hemendik hamar urtera?

Positiboak izan behar dugu. Agian okerrera egingo du, baina guk gure bideari jarraitu behar diogu, gure helburuekin: Euskal Herria harrera herria izatea eta denok eskubide berak izatea. Pentsatzen badugu ez dagoela zer egitekorik, irabaziko digute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA