Asteburuan Baionara iristen denerako, 5.800 kilometroko bidea izango du egina Alternatiba itzuliak, bost estatutan barrena; nagusiki, Frantzian. Lau hilabetez, eta herriz herri, klima aldaketaren arriskuez eta hari aurre egiteko alternatiben garrantziaz ohartarazi du itzuliak, bizikletaz egin duen ibilbidean. Itzulia gaur iritsi da Euskal Herrira. Biarnotik (Okzitania) sartu da Zuberoan, eta Maule izan du lehenengo geltoki. Bertan hitzaldia antolatu dute, Klima, berantegi al da? Zehazki ekiteko, alternatibak eta erresistentziak izenburupean. Klima aldaketari orain aurre egiteko beharra nabarmendu dute, haren ondorioak sahiesteko denbora amaitzear dela ohartarazita.
Itzulia Ainhize-Monjolosetik (Nafarroa Beherea) eta Ezpeletatik (Lapurdi) igaroko da bihar, eta ostiralean Donostiarako bidea hartuko du, Beratik (Nafarroa) barrena. Donostian, harrera egingo diote bizikleta martxari, 18:00etan, Katalunia plazan. Handik bizikleta martxa egingo dute Gipuzkoa plazara. Zubietako erraustegiari eta Donostiako metroari buruzko erakusketa bana izango da bertan.
Larunbat goizean, kostaldetik iparraldera jarraituko du itzuliak Baionaraino, eta Lapurdiko hiriburuan egitarau oparoa prestatu dute Alternatibari amaiera emateko. 17:15ean, ekitaldia izango da. Ezinezkoa saiatu, ezin pentsatuzkoa sahiesteko lelopean. Ekitaldian hitzaldia egingo dute Edgar Morin soziologo eta filosofo frantsesak, Vandana Shiva idazle eta militante ekofeministak eta Valerie Masson-Delmonte paleoklimatologoak, bideo bidez. Igandean, berriz, hitzaldi eta mahainguru ugari izango dira Baionan. Baita klima aldaketari aurre egiteko alternatiben "herrixka" ere. Asteburu osoan, "besta giro herrikoia" izango dela aurreratu dute, eta kontzertu ugari eta kale animazioa izango dira. Egitarau osoa Bizi Mugimenduaren webgunean ikus daiteke.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Alternatiba itzulia "abiapuntu berri bat" izango da klima aldaketaren kontrako mugimenduarentzat, "ekintzen indartzea" ekarriko duela iritzita. Nabarmendu dutenez, komunitate zientifikoaren eta gizartearen deiadarrak biderkatzen ari dira, "hondamendi klimatikoen" ugaritzearen aurrean, eta "urte eskas batzuk" besterik ez dira geratzen "norabidea aldatu" eta "aldaketa klimatikoa mugatu" ahal izateko.
Alternatiba Baionan izango den asteburu berean, IPCC klima aldaketari buruzko gobernu arteko aditu taldea bilduko da Hego Korean. Talde horrek txosten bat aurkeztuko du 1,5 graduko beroketa klimatiko globalak zein ondorio izango dituen zehazteko. Horrez gain, beroketa maila neurri horretatik behera mantendu ahal izateko politikak proposatuko ditu. "Baionatik, ia 200 pertsonalitatek eta bertan izanen diren hamarnaka milaka herritarrek beren erantzuna igorriko dute txosten horri buruz eta atxiki behar diren ondorioetaz", adierazi dute Alternatibako antolatzaileek.
[youtube]https://youtu.be/SZ4c0QJYVqc[/youtube]