Klima aldaketa

Euskal herritarren CO2 isurketak Europako Batasunekoen gainetik daude

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzak 8,7 tona CO2ko isurketak eragin zituen 2016an; Europako Batasuneko 28 herrialdeetako herritaren batez bestekoa 8,5koa izan zen.

Autoak ilaran batean. ARP
inaki petxarroman
2018ko martxoaren 2a
18:14
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak EAEko Berotegi Efektuko Gas-Isurketen 2016ko Inbentarioa aurkeztu du gaur. Jaurlaritzak nabarmendu du isurketak jaitsi egin direla 2015etik, %4ko hain zuzen ere. 1990ko datuekin alderatuz gero, berriz, %12 gutxitu dira murrizketak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, guztira,18,9 milioi tona CO2 baliokide isuri ziren atmosferara 2016an; 1990an, berriz, 21,4 milioi tona izan ziren. Jaitsiera hori, esate baterako, txikiagoa da Europako Batasunak 1990etik 2016ra egin duena baino, 28koek %23 gutxitu baitituzte berotegi efektuko gasak epe horretan.

Gainera, per capita isurketetan ere euskal herritarrak Europako batez bestekoaren gainetik daude oraindik. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzak 8,7 tona CO2 isuri baitzituen atmosferara (Nafarroan, 8,6), Europako Batasuneko herritar bakoitzak baino pitin bat gehiago (8,5).

Sektoreetan, Jaurlaritzak nabarmendu du ia guztietan egin duela behera berotegi efektuko gasen isurketa orokorrak. Garraioa salbuetsi du joera horretatik, baina. Izan ere, 2015ean baino %5 gehiago izan dira sektore horrek eragindako isurketak. Eta, esate baterako, 1990koekin alderatuz gero, ia bikoiztu egin dira sektore horren isurketak.

Jaurlaritzak adierazi du "konpromiso irmoa" duela klima aldaketa eragiten duten arrazoiak murrizteko. Europako Batasunaren barruan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako isurketak guztizkoaren oso proportzio txikia direla aipatu du Ingurumen Sailak. Hain zuzen ere, EBkoen %0,5a dagozkio hiru herrialde horietako herritarrei; alabaina, populazioari begiratuz gero, EBko populazioaren %0,4a da. Europako Batasunak helburutzat du 1990koen aldean %40 gutxitzeko CO2 isurketak 2030erako. Jaurlaritzak ere %40 gutxitu nahi ditu 2030erako, baina 2005ekoak erreferentzia gisa hartuta. Kontuan eduki behar da 2005ean EAEn 25,5 milioi tona C02 isuri zirela atmosferara, 1990an baino 4 milioi tona gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.