Euskal Konfederazioak Behotegiren dimisioa jarri du mahai gainean

Departamenduak izan duen jarrera argitzeko eskatu dio euskalgintzak EEPko lehendakariari, eta «jukutrietan» aritu bada kargua uzteko. EEPren aurrekontua igotzeko proposamena «trufa hutsa» dela salatu dute.

Euskalgintzak deitutako protesta, departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Euskalgintzak deitutako protesta, departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko uztailaren 7a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Argibideak eta dimisio eskaera. Euskal Konfederazioak Maider Behotegi EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria jarri du jomugan Baionan egin duen protestan. Erakundearen aitzinkontuaren inguruko negoziazioetan Behotegik ordezkatzen duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduak izan duen jokaera argitzeko eskatu diote, eta «jukutriarik» izan bada bere kargua utzi dezala.

Dozenaka euskaltzalek agerraldia egin dute departamenduak Baionan duen egoitzaren aitzinean —alboan da EEP beraren egoitza—. Euskarari trufarik ez lelopean, EEPren aitzinkontuaren inguruan sortu den egoera salatu dute, eta aldarrikatu hizkuntza politikak «ausardia eta baliabideak» behar dituela euskarari etorkizuna bermatzeko. 

Duela bi aste iragarri zuen Frantziako Estatuak 100.000 euro gehiago besterik ez zuela gehituko EEPren aurrekontura. Euskal Elkargoak biharamunean erantzun zuen, ultimatuma emanez: mehatxu egin zuten, «baldintza hauetan» uko eginen diotela EEP osatzen duen hitzarmena izenpetzeari. «Frantziako Estatuak 100.000 euroko emendatzea iragarri ondotik, ororen buru 400.000 euro besterik ez dira mahai gainean. Aitzinkondua 2017tik izoztua egon ondoren, %10 baizik ez da igoko, hots, 2017tik izan den inflazioaren azpitik! Fitsik ez! Deus ez! Trufa hutsa!», salatu du Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko zuzendaritzako kideak.

«Estatuaren purruskak eskertu, eta besteei hein bereko ekarpena egin dezaten galdegin die, lotsarik gabe. Eta, gainera, justifikatu du erranez instituzioen baliabideak mugatuak direla eta euskarari ematea beste batzuei kentzea litzatekeela»

PEIO JORAJURIAEuskal Konfederazioko kidea

Azken egunetan, Jean Jacques Lasserre departamenduko presidentearen itzala aipatu du batek baino gehiagok, emendatzerik izan ez zedin Parisen presio egiten aritu dela erranez. Hori seinalatu du Konfederazioak ere. Behotegi departamenduko ordezkari gisa denez EEPn, egoera argitu dezala eskatu diote. «Departamendua jukutrian aritu bada, berehala dimisioa eman dezan galdegiten diogu».

Frantziako Estatuaren iragarpenaren ondotik Behotegik izan duen erreakzioa gaitzetsi du euskalgintzak. «Estatuaren purruskak eskertu, eta besteei hein bereko ekarpena egin dezaten galdegin die, lotsarik gabe. Eta, gainera, justifikatu du erranez instituzioen baliabideak mugatuak direla eta euskarari ematea beste batzuei kentzea litzatekeela. Onartezina da euskararen politika publikoen sustatzaile nagusi izan behar duen ordezkariak halako adierazpenak egitea».

(ID_15124235) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Euskal Konfederazioko manifestazioa, Roland-Barthes plaza (departamenduaren aitzinean),...
GUILLAUME FAUVEAU

Joan den astean jakinarazi zituen EEPk euskalgintzako eragile nagusiek 2025ean izanen dituzten diru laguntzak. «Aitzinkondua iazko bera bada ere, harriduraz eta kexaz ikusi dugu euskalgintzako eragile nagusiei diru laguntzak apaldu dizkietela iazkoarekin konparatuz, inolako azalpenik eman gabe, eta euskalgintzaren prekarizazioa normalizatu nahirik», salatu dute gaur. Izan ere, iazko diru laguntzetan, inflazioaren araberako gehigarri bat aurreikusi zuen EEPk; aurten, ez.

Desagertze arriskuaren abisua

Herritar andanak hartu du parte euskalgintzak deitutako mobilizazioan. Tartean izan dira EH Baiko zenbait hautetsi, hala nola Peio Dufau diputatua, Annie Poveda departamenduko hautetsia eta Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapeza, eta baita EAJko zenbait arduradun ere, Jean Telletxea IBBko ordezkaria tartean zela. Euskal Herri osoko hainbat eragiletako ordezkarik ere parte hartu dute protestan. 

«Larrialdian gaude: neurriak laster hartzen ez badira, desagertze baten kronikara joan gaitezke. Eta desagertze horrek egile jakin batzuk izango ditu»

IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseilua

Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak «guztiz kezkagarritzat» jo du EEPrekin gertatzen ari dena. «Badakigu edozein hizkuntzaren normalizazio eta biziberritze prozesuetan zer garrantzitsuak diren hizkuntza bat sustatzeko eta berreskuratzeko politika publikoak, eta badakigu horren alde ez egitea hizkuntza hori eta hiztun komunitate hori zigortzea eta kondenatzea dela», adierazi du. «Larrialdian gaude: neurriak laster hartzen ez badira, desagertze baten kronikara joan gaitezke. Eta desagertze horrek egile jakin batzuk izango ditu».

Jorajuriak salatu du Frantziako Estatuak eta gainerako instituzioek euskararen kontrako politikak sustatu dituztela hainbat hamarkadatan, hura desagerrarazteko; eta EEP ez dela gai izan egoera hori iraultzeko. Euskararen Erakunde Publikoa sortu zelarik, Ipar Euskal Herriko biztanleen lautik bat zen euskalduna; hogei urte berantago, biztanleen bostetik bat baizik ez. «Denak euskararen alde dira omen, denek euskararen alde ahalegin oro egiten dute omen, baina, aldi berean, euskara peko errekarako bidean da». 

Urteak dira Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean plangintza zifratu bat eta helburu zehatzak dituen bide orri bat galdegiten duela. Iazko ekainean lortu zuten azkenean, EEPk eta Audap hirigintza agentziak 2025erako prospektiba lana aurkeztu baitzuten. Bi hipotesi landu zituzten: hiztun kopurua %26ra eta %30era heltzea. «Gainbehera ez da fatalitate bat Ipar Euskal Herrian, eta euskara goranzko bidean ezartzea posible da. Orain, badakigu hori nola egin, baina, horretarako, estatuak, eskualdeak, departamenduak eta elkargoak orain arte baino ahalegin handiagoa egin beharko dute euskararen alde».

Bi urteko «gibel egitea»

Deigarria da nolako bilakaera izan duen azken bi urteetan aitzinkontuari buruzko eztabaidak. EEPren buxeta bikoiztea eskatu du Euskal Konfederazioak azken urteetan, hizkuntza politikan jauzi bat egin behar zela argudiatuta. 2023ko uztailean egin zuten EEPren biltzar nagusian, beharrak zehazteko dokumentu bat prestatu zuten, eta ebatzi aurrekontuari 2,6 milioi euroko ekarpen osagarria egin beharko litzaiokeela; hau da, partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago jarri beharko lituzkeela. Adostasunik ez zenez, kopurua 300.000 eurora apaldu zuten iazko abenduan. Eta azkenean 100.000 euro ematea erabaki du Parisek.

«Estatuko ordezkari den suprefeta Paristik 300.000 euro lortuko zituela erranez aritu zen; Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioetatik, bakoitzetik 100.000», esplikatu du Jorajuriak. «Joan den martxoan, Maider Behotegi lehendakariak gidatu delegazioa Hezkuntza Ministerioan izan zen. Biziki baikor itzuli ziren denak EEPren finantzaketari buruz, Hezkuntza Ministerioak eskatuak zitzaizkion 100 000 euro gehigarriak emanen zituelako. Baikor agertu zen Max Brisson senataria ere, alderdikide duen Retailleauren Barne ministeriotik beste 100.000 lortzekotan zelakoan, eta Kultura Ministerioan ere baiezkoa lortuko zutelakoan». Baina azkenerako ez da hala izan: «Gibel egitea» eta «porrot politikoa», Euskal Konfederazioaren hitzetan.

Euskararen Erakunde Publikoko administrariei eta instituzioetan Ipar Euskal Herria ordezkatzen duten hautetsiei eskatu diete iazko ekainean EEPk aurkeztu bide orria berriz hartu eta berehala emendatu ditzatela hizkuntza politikak ezinbestekoak dituen baliabideak. «Eta hala izan dadin, borrokatzeko prest izanen gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.