AEB Ameriketako Estatu Batuetako Idahoko hiriburu Boisen ospatzen ari diren jaialdian, euskal kultura, euskara eta identitatea aldarrikatu dituzte Euskal Herritik joandako zenbait ordezkari politikok, eta diasporarekin lotura estutzearen alde egin dute.
Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakariak gogora ekarri du Euskal Herrian erroak dituzten estatubatuarrek nola eutsi dioten euskal kulturari han, eta «konexio» hori mantentzearen alde egitera deitu du.
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak ere Boiseko jaialdia goraipatu du: «Beste behin, Boise Euskal Herriko hiriburu bihurtu da zenbait egunez, eta jokaleku honetatik euskaldunok munduari esaten diogu zer garen, zein diren gure kultura, hizkuntza eta ohiturak».
«Kulturen arteko fusioa» nabarmendu du, berriz, PSEko Estibaliz Cantok. Eta PPko Ainhoa Domaikak, bestalde, euskal ohiturei nola eutsi dieten nabarmendu du.