Goizeko 8:30ak aldera alde egin dute Guardia Zibilek Martin Ugalde Kultur Parketik miaketak egin ondoren. Atxiloturiko langileen ordenagailuak eraman dituzte, baina 'Berria' egunkariaren erredakzio nagusia irekita dago.
'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera bezala Juan del Olmo Espainiako Entzutegi Nazionaleko epaileak agindu du 'Berria', 'Kontseilua', 'Plazagunea', 'Graficas Lizarra'... enpresak dauden Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea miatzea eta zortzi lagunak atxilotzea.
Halaber, Zalbaltzen enpresaren egoitza eremiatu dute Donostiako Ibaeta auzoan, eta ordenagailuetako disko gogor guztiak eraman dituzte handik. 4:30ak baino lehen joan dira guardia zibilak Zabaltzeneko egoitzara, eta Jose Mari Sors eta Xabier Legarra atxilotuta eraman dituzte bertara. Sors 6:45ak arte eduki dute han, eta Legarra 8:30ak arte. Ordu horretan alde egin dute.
Zabaltzenen egoitza osoa miatzeko baimena zuten guardia zibilek. Ordenagailu guztien disko gogorrak eraman dituzte Sors eta Legarrerekin egindako miaketan. Horrek lan egiteko aukerarik gabe utzi ditu hasieran Zabaltzeneko langileak. Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko gainerako enpresetan ez dira sartu guardia zibilak eta horietako langileek ez dute arazorik izan lanean jarraitzeko.
Goizeko 10:00etan bilera egin ondoren, lankideei eta atxilotu guztiei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak egitea erabaki dute langileek. 11:00etatik 12.00etara egin dute lehena, eta 17:00etatik 18:00etara bigarrena. Aurrerantzean, atxilotuak askatu bitartean, egunero 14:00etatik 15:00etara kontzentrazioa egingo dutela iragarri dute. "Hau Euskal Herriaren aurkako erasoa da, eta Euskal Herriari egindako eraso guztietan aurrean aurkiko gaituzte", adierazi du langileen bozeramaile batek.
'Egunkaria'-ren aurkako operazioa
Euskalgintzaren aurkako polizia operazioa