Beriain mendiaren magalean, Nafarroan, prestaketa lanetan ari dira etenik gabe. Astebete geratzen da Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdia hasteko Lakuntzan, eta lan asko dago egiteko. Bero sapa da, baina Hatortxu Rockeko gune nagusian elkartu dira hainbat ordezkari manifestu bat aurkeztera. Mezu bat nabarmendu dute: «Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko garaia da. Luzeegi gertatzen ari da jada konponbiderako bidea. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugu».
Hatortxu Rock datorren ostegunean hasi, eta igandean amaituko da. Hain zuzen ere, jaialdiaren amaieran, uztailaren 27an, 13:00etan, ekitaldi bat egingo dute Lakuntzan bertan, eta hara joateko deia egin diete Hatortxu Rockera joango direnei eta euskal herritar orori. Presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratu behar direla nabarmendu dute: «Eta etxean diogunean hitz horren esanahi zabalean diogu. Etxean, bai, baina bizitza duina aurrera eramateko baldintza guztiak beteta. Etxebizitza, lana eta osasuna».
Manifestua 22 eragilek babestu dute, eta horietako batzuk bertan izan dira gaur, Beriain gunean. Eragile eta elkarte hauek bat egin dute agiriaren edukiarekin: Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ernai, Ikama, Xuti, Gazte Abertzaleak, Bilgune Feminista, AEK, LAB, ELA, Steilas, Hiru, EHNE, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH.
Boluntarioen ekina
Aurten 26 urte beteko dira lehen Hatortxu Rock egin zenetik. 1999ko abenduaren 25ean antolatu zuten lehena, Berriozarren. Hator hator neska-mutil etxera leloa aukeratu zen lehen aldi hartarako. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eta haien senideen «tresna gehigarri gisa» jaio zen, eta elkartasun jaialdi horrek aurtengoa izango du azken aldia. Bitarte horretan, 30 aldiz antolatu dute.
Azkena izanik ere, ez du elkartasun izaera galdu. Horren adierazle da 7.049 txanda antolatu direla, eta gaurko deialdia baliatu dute azpimarratzeko oraindik ere hutsuneak daudela. Hala, dei egin dute parte hartzera: «Beste hainbat lagun beharko ditugu».
Hala gogorarazten du manifestuak berak: «Borrokaz eta elkartasunez betetako 26 urte eta 30 aldi beteko ditu, sakabanaketaren aurka eta errepresaliatuei ahalik eta gehien laguntzen. Baina, hori bai, leloan agertutako helburua lortzeko azken pausoa falta dela jakinik».
Manifestuaren babesleek uste dute presoak-eta era duinean bizi ahalko direnean egingo duela aurrera Euskal Herriak, «bakean eta elkarbizitzan». Hori izango da uztailaren 27ko ekitaldian egingo duten aldarria, eta bertan parte hartzera dei egin diete alderdi, sindikatu, eragile, herri mugimendu eta norbanako orori. Etxera izango du lelo nagusi. «Etxerako aldarria ozen» entzun dadila nahi dute.