Euskal presoak

Euskal preso gehiagoren hurbilketa iragarri du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak

Angel Luis Ortizek esan du gerturatzeak urtea bukatu aurretik izango direla. "Biktimek ez dute espetxe politika baldintzatzen".

Sare Herritarraren mobilizazio bat, Basauriko espetxearen aurrean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko irailaren 24a
15:16
Entzun

Urtea bukatzerako euskal preso gehiago gerturatuko dituztela iragarri du Angel Luis Ortiz Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak, RNE irrati kateari emandako elkarrizketa batean. Esan du astero aztertzen dituztela kartzeletako zuzendaritzen txostenak, eta gero horiek baloratzen dituztela. "Kasu bakoitza" aztertzen dute, Ortizen arabera, eta zehaztu du ez dutela zerrendarik.

ETAren biktimei errespetua agertu die, baina adierazi du haiek ez dutela "baldintzatzen edo zuzentzen" espetxe politika. Esan du hori Espainiako Gobernuari eta Espetxe Zuzendaritzari dagokiela. "Biktimak izan dira estatuko zigor sistemak gehien ahaztu izan dituenak, baina duela urte batzuetatik biktimaren estatutu bat dugu. Garrantzia ematen zaie, entzuten dira, baina ez dute espetxe politika baldintzatzen".

Pedro Sanchez gobernuburuak ekainean iragarri zuen kartzela politika aldatuko dutela. Dena dela, bi euskal preso baizik ez dituzte ekarri Euskal Herriko kartzeletara: Olga Sanz eta Javier Moreno, biak Basaurira (Bizkaia). EPPKtik kanpo dauden presoak dira. Beste bi gerturatu egin dituzte: Marta Igarriz (Logroñora) eta Kepa Arronategi (Zuerara). Horiez gain, azken asteetan, Altsasuko auziko zazpi presoak Zaballako (Araba) eta Iruñeko espetxeera ekarri dituzte Madril ingurukoetatik.

Joan den astean, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak azaldu zuen euskal presoak "ahalik eta erarik diskretuenean" gerturatuko dituztela Euskal Herrira. Erantsi zuen presoak hurbiltzea baino garrantzitsuagoa dela haiek "gizarteratzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.