Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa egingo dute Bilboko Konpartsek eta Sarek abuztuaren 22an

Nabarmenduko dute badela garaia 'etxera' aldarriak erreibindikazio huts izateari utz diezaion eta «guztion lorpen» bihur dadin. Mobilizazioaz gain, herri bazkaria, ekitaldia eta kontzertua izango dituzte Bizkaiko Etxera Egunean.

Etxera Egunaren berri emateko, Bilboko Konpartsek agerraldia egin dute gaur Arriaga plazan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Etxera Egunaren berri emateko, Bilboko Konpartsek agerraldia egin dute gaur Arriaga plazan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko abuztuaren 12a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarria lau haizeetara ozen oihukatzeko, Bilboko Konpartsek eta Sare Herritarrak Bizkaiko Etxera Eguna egingo dute datorren asteko ostiralean, Aste Nagusiaren barruan. «Hamarkadak daramatzagu presoak etxeratzeko eskatzen, eta benetan uste dugu badela garaia etxera aldarriak erreibindikazio huts izateari utz diezaion eta lorpen bihur dadin», adierazi dute Algara konpartsako Eider Cortezonek eta Hontzak konpartsako Galder Antonek gaur, abuztuaren 22ko ekitaldien berri emateko egindako agerraldian.

Cortezonen eta Antonen hitzetan, horrekin ez lukete soilik presoek eta euren senideek irabaziko, «jendarte guztiak» baizik: «Izan ere, lorpen horrek benetako elkarbizitza agertokietara hurbilduko gintuzke, eta horrek herri honek behar duen benetako bakea ere helburu gauzagarriagoa bihurtuko luke». Manifestazio «girotsuarekin» emango diote hasiera Bizkaiko Etxera Egunari: 13:00etan bilduko dira Plaza Eliptikoan, eta udaletxera abiatuko dira. Horren ostean, herri bazkaria egingo dute txosnagunean. Ekitaldi xume batekin eta Loita Amada talde galiziarraren kontzertuarekin emango diote amaiera egunari.

Konpartsakideek adierazi dute «parranda, musika eta dantza egunak» izango direla Aste Nagusikoak, «lagunekin topa egiteko egunak eta milaka une edo momentu bizitzeko egunak». Baina zera erantsi dute: «Ezin dugu ahaztu urteetako gatazkak ondorio larriak utzi dituela gure herrian eta oraindik ere ondorio horiek sufritzen ari diren herritarrak dauzkagula Bilbon zein Euskal Herrian». Horiek horrela, salbuespen legeen kontra eta gatazkak utzitako ondorioak gainditzearen alde oihu egiteko bildu dira gaur Arriaga plazan.

«Aurrera besterik ez»

«Marijaia ez dugu inoiz atzeraka ibiltzen ikusiko; aurrera besterik ez du egiten, eta auzotar eta herritarrekin elkartzea du bere jomuga nagusia», nabarmendu dute Cortezonek eta Antonek. Zeren, geldirik egongo balitz, Marijaiak ez luke Bilbo «jaiz, alaitasunez eta berdintasunez aseko», eta Aste Nagusia ez litzateke «jaia izango, ez litzatekeelako elkarbizitza guztiz bermatua egongo».

Cortezonek eta Antonek esan dute gauza bera gertatzen dela euskal preso, iheslari eta deportatuek pairatzen duten salbuespenezko egoerarekin. Azaldu dute gizarteak «gatazkaren zauri mardulenak» gainditu dituela, eta urteak daramatzala «elkarbizitza eta konponbide demokratikorako prozesuaren bidean murgilduta». «Presoen etxeratze prozesua oztopatzea helburu duten salbuespen legeak, gure Marijaiari bidea oztopatzeko asmoz bide erdian paratzen direnak bezala aritzen dira; eta guk ez dugu oztopoz eta trabaz beteriko Bilbo edo Euskal Herririk nahi». Salbuespen legeen kontra eta euskal preso, iheslari eta deportatuen alde, Bizkaiko Etxera Egunean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.