Asteazkenean izan zen azken kasua: Santi Aragon euskal presoaren aitari —84 urte ditu— ez diote utzi Logroñoko (Espainia) espetxean semea bisitatzen —joan eta etorrian 280 kilometroko bidaia da—. Etxerat elkarteak salatu duenez, gauza bera gertatu zitzaion duela hilabete batzuk ere: drogen kontrolerako txakur batek "markatu", eta miatu egin beharko zutela esan zioten. Aragonen aitak ez zuen trabarik jarri horretarako, baina ondorengo jarrera "iraingarria" izan zela salatu du Etxerat-ek: "Erabat biluztera derrigortu zuten, eta, bata bat eman zioten arren, jokaera iraingarria izan zen hura, ez baitzizkioten bere duintasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatu". Azkenean, ez zioten ezer aurkitu. Atzo, berriz gertatu zen gauza bera: "Egoera iraingarria eta aurreko aldiko urduritasuna berriz ere jasateko prest ez zegoenez, euskal preso politikoaren aitari bisita ukatu zioten".
Beste bi euskal presoren senideen bisitak ere bertan behera utzi dituzte azken egunetan. Hilaren 24an, Granadako (Espainia) kartzelan —1.680 kilometroko bidaia da joan eta etorria—. Imanol Minerren senideak geratu ziren bisitarik gabe, "funtzionarioen arabera, haietako batek sartzeko baimenik ez zuelako". Egun berean, Txuma Altaberen senide bat geratu zen bisitarik gabe, Castelloko (Herrialde Katalanak) espetxean —1.100 kilometroko bidaia da joan eta etorrian—, "bisita baino ordubete lehenago iritsi ez zelako". Etxerat-ek azaldu du, "beti bezala", ordu erdi lehenago heldu zela.
Egoera horiek salatzeaz gain, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak azaldu du "espetxe politikak senideei eragindako kalteak indarrean jarraitzen" duela, eta dei egin dio gizarteari euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzera, "behingoz denon artean egungo espetxe politika eta horrek sortzen duen sufrimendua amaitzeko".