Ofelia Betancor. Unibertsitate irakaslea eta ikerlaria

«'Euskal Y' egitasmoa nekez izango da errentagarria»

BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Fedea fundazioko ikerlaria izateaz gain, Las Palmasko unibertsitateko irakaslea da Ofelia Betancor Cruz (Las Palmas, Kanaria Uharteak, Espainia, 1967), Ekonomiaren Analisirako sailean. Ikerketa ugari egin ditu Fedea fundaziorako, baina orain Gerard Llobetekin batera argitaratu duen txostenak ohi baino oihartzun zabalagoa izan du, argi bezain gordin azaleratu baititu Espainiako Estatuko tren lasterraren ajeak.

Zuen ikerketaren ondorio nagusietako bat da Espainiako eta Herrialde Katalanetako lau igarobide nagusietan eginiko inbertsioa ez dela berreskuratuko.

Igarobide guztietako finantza eta gizarte errentagarritasuna aztertu dugu, eta emaitza da igarobide horietatik bakar bat ere ez dela errentagarria, ez delako inbertsioa berreskuratzen, ez finantza azterketan, ezta gizarte onuren ingurukoan ere. Baina suposa dezagun inbertsioa galdutako gastua dela eta ezinezkoa dela berreskuratzea; gure kalkuluek erakusten dute igarobide guztietan kostu aldagarriak —azpiegituren mantentze lanak eta trenak— estaltzen direla, Madril eta iparraldea lotzen dituen tartean izan ezik.

Horrek esan nahi du igarobide hori itxi egin beharko litzatekeela?

Hasteko, argitu behar dugu igarobide hori aztertu dugula dauden datuen arabera eta pentsatuz oraingo egoera hurrengo 50 urteetan mantenduko dela. Itxi beharko litzatekeen? Ez derrigorrean, irekita manten daiteke, baina soilki baldin eta finantza galerak estaltzeko adinako aurrekontu publikoa badago. Erabaki politikoa da.

Inbertsioa berreskuratuko ez dela kontuan hartuta, esan daiteke abiadura handiarena negozio txarra izan dela?

Egitasmo txarra izan da. Inbertsioak irizpide objektiboen arabera erabaki beharko lirateke, eta hori eskaintzen du egitasmo publikoen kostu eta onuren analisiak. Herrialde eta instituzio askok erabiltzen dute tresna hori. Arazo bat konpontzeko ezartzen diren politiketatik zeintzuk diren onak eta zeintzuk txarrak adierazten du, gizarteari egiten dioten ekarpenaren arabera; eta, gainera, altxor publikoari nolako zama ezartzen dioten kalkulatzea ahalbidetzen du.

Lan horiek egin aurretik, ba al zegoen horien errentagarritasunaren inguruko azterketarik?

Baldin bazeuden, ez dira publikoak, eta guk ez dugu horiek ikusterik izan. Inbertsioak egiteko arrazoiak, gizartearentzat onuragarria izango ote diren jakiten ez denean, askotarikoak izan daitezke, eta batzuk aipatu ditugu gure ikerketan: onura politikoa, lurraldearen kohesioa, herrialdearen ospea eta abar. Okerrena da horrelako argudioek 40.000 milioi euroko kostua ekarri dutela, horrelako inbertsiotzarra justifikatuko duen ikerketarik gabe.

Euskal Y-aren egitasmoa, amaituta ez dagoenez, ez duzue zuen ikerketan aztertu, baina zuk zein iritzi duzu?

Inbertsioaren handia kontuan hartuta, lehenengo urtean hamar milioi bidaiariren gutxieneko eskaria behar da errentagarria izateko, hurrengo urteetan emendatu egin behar dena. Hori, eta Euskal Herriaren populazioaren datuak kontuan hartuta, uste dugu nekez izango dela errentagarria Euskal Y-a.

Zuen txostenean agertzen diren datuen argitara, zein izan beharko luke agintarien jarrera?

Zuhurtasuna. Batzuetan, itxarotea errentagarria izan daiteke. Ikus dezagun eskaerak nolako bilakaera duen, eta azter ditzagun beste aukerak. Ikus dezagun ea AHTaren galerak finantzatzeko erabiltzen dugun diruarekin egin ote daitezkeen gizartearentzat onuragarriagoak diren inbertsioak. Adibidez, zer nahiago dugu, kalitatezko osasun arreta arazorik eta atzerapenik gabe jasotzea, edo AHTan urtean birritan bidaiatzea? Gauzak horrela planteatuta, beste modu batez ikusiko genuke arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.