'egunkaria auzia'

Euskal zinemak 'Egunkaria libre!' esan du, Kursaalen

Auziaren aurkako elkarretaratzea egin dute aktoreek, zuzendariek, ekoizleek eta gidoigileek gaur, Donostian. "Auzi hau astakeria da eta bertan behera utzi dezatela eskatzen dugu". Beste hainbat lagun ere izan da bilkuran. Gaur zortzi kirol arlokoen ekimena izango da.

2009ko irailaren 25a
20:27
Entzun
Ramon Agirre, Egoitz Lasa, Asier Hernandez, Ainhoa Aierbe, Jose Ramon Fachado, Mikel Beraetxe, Iñake Irastortza, Arantxa Gurmendi, Teresa Calo, Anartz Zuazua eta Tesa Andonegi aktoreak, Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Asier Altuna, Patxi Barco eta Eneko Olasagasti zuzendariak eta Angel Amigo eta Jose Luis Rubio ekoizleak bildu dira, besteak beste, gaur eguerdian, Donostian, Egunkaria auzia-ren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzean. Egunkaria libre! lelopean, Kursaal atarian egin dute bilkura, egunotan Donostiako Zinemaldia dela probestuz. Euskal zinemako kideek beraiek eduki dute pankarta, auzipetu batzuekin batera.

"Auzi hau astakeria da eta bertan behera utzi dezatela eskatzeko elkartu gara hemen", esan du Ramon Agirrek, denen izenean.

Miraz Bezar zuzendari kurduak eta Hakan Karsak aktore kurduak ere hartu dute parte bilkuran. Zinemaldian eman duten Min dît / The Children of Diyarbakir filmeko zuzendaria eta aktorea dira.

Aldiz, Mikel Olaziregi Donostiako Zinemaldiko zuzendaria ez da izan.

Egunkariaren Alde Elkarteak deitu du ekimena, eta denera 150 bat lagun bildu dira. Han zeuden, halaber, Egunkaria-ko auzipetuak, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Pello Zubiria eta Jaime Otamendi kazetariak -hedabideetako kide ugari zegoen-, Fermin Muguruza eta Arkaitz Martinez musikariak, Joxe Agustin Arrieta, Jesus Mari Olaizola Txiliku eta Joxe Manuel Odriozola idazleak, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Euskara eta Kultura diputatua, ordezkari politikoak (Aralarretik, kasu, Jon Abril koordinatzailorde eta Egunkaria-ko langile ohia izan da)... Ordu laurdena iraun du elkarretaratzeak.

Hurrengo ostiralean kirol arlokoen ekimena izango da.

Epaiketa, aste batzuk barru

Azaroan hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte haien aurka, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.

Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen hasi dira, gizartea mobilizatzeko asmoz. Herri batzordeak sustatu nahi dituzte, epaiketarako dirua bildu, mobilizazioak antolatu...

2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.