Kontsumoa

Euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultura kontsumitzen

Euskarazko kultur kontsumoari buruzko ikerketa bat aurkeztu du Elkar fundazioak. Euskaldunen laurdenek ere ez dituzte irakurtzen euskarazko liburuak eta kazetak; euskarazko disko erosleak ez dira herenera iristen. Euskarazko kontzertuetara %47 joaten dira.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko martxoaren 14a
12:22
Entzun

Euskarazko kultur kontsumoa zertan den aztertu dute inkesta baten bidez. Siadeco ikerketa elkarteak egin du ikerketa, Elkar fundazioaren enkarguz. 16 urtetik gorako euskal herritarrak hartu dituzte kontuan, eta 2.500 inkesta egin dituzte.

Datuak aztertzean, kontuan izan behar da euskaldunak gutxiengoa direla Euskal Herrian, %28 inguru. Hori, jakina, giltzarria da euskarazko kultura kontsumitzeko.

1. Hedabideak. Papereko euskarazko hedabideak kontsumitzeko ohitura bost euskaldunetik batek du (%21), eta hiru aldiz gehiago dira erdal prentsara jotzen duten euskaldunak (%59). Telebistari dagokionez, %42k erantzun dute euskarazko telebista ikusten dutela, eta %48k, ez dutela euskaraz batere telebistarik ikusten. Herritar multzo osoarekin alderatuta, euskarazko prentsa kontsumoa %6koa da, eta telebistarena, %15ekoa.

2. Liburuak. Irakurketa ohiturei dagokienez, euskaldunen %23k adierazi dute badutela ohitura euskarazko liburuak irakurtzeko. Beste %19k noizean behin irakurtzen dituzte euskarazko liburuak. Euskarazko liburuen kontsumoa, euskal herritar guztien kontsumoarekin alderatuta, %6koa da ohiko kontsumoa. Euskaldunek erdaraz irakurtzen dute gehiago: hiru aldiz gehiago. Euskaraz ez irakurtzeko arrazoiei buruz galdetu zaie euskaldunei, eta iritzi bat izan da nagusi (%43): erraztasunik edo ohiturarik euskaraz irakurtzeko. Nabarmen atzerago daude bestelako arrazoibide batzuk: gustuko libururik ez izatea (%10), eskaintza ez ezagutzea (%4)...

3. Musika. Euskaldunen herenera ez da iristen euskarazko diskoak erosten dituztenen ehunekoa (%30). Gazteek erosten dute disko gehien, 16-25 urteko euskaldunek. Herritar guztiekin alderatuta, %12 dira euskarazko diskoak erosten dituztenak. Kontzertuetan handiagoa da euskarazkoetara joateko ohitura: ia herritarren erdiak izan dira azken urtean euskarazko kontzertu batean (%47). Gazteen artean handiagoa da portzentaje hori: hirutik bi izan dira euskarazko kontzertu batean.

Datuak eskuan, ondorioztatu dute 150.000 lagun ingurukoa dela euskarazko idatzizko ekoizpenaren inguruan dagoen multzoa. "Horrek ematen duen neurria mugatua da. Euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatu eta landu behar dira sektorearen eta administrazioaren artean", adierazi du Elkar fundazioaren ordezkari Joxemari Sorsek. Euskaraz ez irakurtzeko motibo nagusia erraztasunik edo ohiturarik eza da. "Horrek agerian uzten du euskaldunen ia erdien hizkuntza gaitasuna, kultura eta bizi hizkuntza nagusia ez dela euskara, euskararen gutxitasun egoera".

Musikari dagokionez, Internetetik doan hartzeko joeraz oharatazi du Sorsek: "Gogoeta bat egin beharko litzateke kultur produktuak doan jasotzeko joeraren aurrean. Bada garaia kultura ordaindu egin behar dela balioan jartzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.