Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Bilbon urte luzez martxan egon den «erdalduntze makina» matxuratzeko beste pauso bat eman nahi du Guka euskaltzaleen mugimenduak. Maialen Gagok (1996, Bilbo) eta Liher Barrantesek (1983, Mungia) baieztatu dutenez, Bizkaiko hiriburuan badaude makina hori trabatzeko erreminta eskuan daukaten euskararen militante ugari. Horiei guztiei dei egin diete, egun horretan Plaza Eliptikoan bil daitezen, 19:00etan. Erdalduntze makina gelditu! lelopean, manifestazioa egingo dute, euskararen kontrako joeraren buru direnei hortzak erakusteko.
Euskalduntze prozesua atzeraldian sartzeko arriskuan dago Bilbon?
LIHER BARRANTES: Atzeraldian sartzeko arriskuan baino gehiago, euskararen kontrako korronte batean sartuta dago Bilbo. Urteetan etenik gabe funtzionatu duen erdalduntze makina bat martxan dago.
MAIALEN GAGO: Ezagutzak apur bat gora egin du azken hamarkadan, eta %30ean dago. Erabileran, ordea, ez da aldaketarik izan: %3an dago.
Zer alorretan dauka eraginik handiena erdalduntze makina horrek?
BARRANTES: Hainbat eremu identifikatu genituen Guka sortzeko egindako hausnarketan, eta horiei jarri diegu arreta: aisialdi eskaintza erdalduna, euskara ikasteko zailtasunak, hezkuntza ez-formal erdalduna, euskararen kontrako diskurtsoak, eta komunikabide sistema erdalduna. Baina horrek ez du esan nahi erdalduntze makinak batean edo bestean daukanik eraginik handiena: eguneroko bizitza euskaraz egin ahal izateko behar den horretan guztian dauka eragina.
GAGO: Askok euskaldunen eta euskaltzaleen gain jarri ohi dituzte euskarak aurrera egiteko dituen zailtasunak. Iñaki Iurrebaso soziolinguistak dioenez, ordea, hiztun gehienak bizi dira erdara nagusi den eremuetan, hamarretik bederatzi. Euskaraz bizi nahi badute, haize kontra joan behar dute; hau da, behera egiten duten eskailera mekanikoetan gora egin nahi izango balute bezala.
Gainera, Bilbon euskararen kontrako korrontea ez da ausazkoa. Baten batek sortu du erdalduntze makina, eta olioztatzen ari da.
«Euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra egiten dutenak ari dira erdalduntze makina olioztatzen, baita erdaraz soilik pentsatzen duten horiek ere»
LIHER BARRANTES Guka Bilboko euskaltzaleok mugimenduko kidea
Nortzuk ari dira erdalduntze makina olioztatzen?
BARRANTES: Erdalduntze makina olioztatzen ari direnak ez dira euskaltzaleak. Makina hori martxan mantentzen ari direnak beste batzuk dira. Baina ez soilik erakunde publikoak eta alderdi politikoak. Izan ere, euskararen kontrako oldarraldiaren barruan, ikusi izan dugu hainbat sindikatu korronte horren alde egiten ari direla. Egunerokoan euskararen kontrako diskurtsoak zabaltzen dituztenak eta euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra egiten dutenak ari dira makina hori olioztatzen, baita erdaraz soilik pentsatzen duten horiek ere. Hala ere, ondo baino hobeto dakigu makina hori gelditzeko indar handiagoa egin behar dutenak zeintzuk diren.
Bilbon ba al dago militante nahikoa erdalduntze makina hori trabatzeko erreminta eskuan daukatenak?
GAGO: Euskararen aldeko taldeez gain, hamaika arlotako jendea ari da lan horretan: besteak beste, euskara hutsean aritzen diren aisialdi taldeetako kideak, euskaraz entrenatzen dabiltzan kirol taldeetako jokalariak eta trebatzaileak, eta ekitaldiak euskaraz egiten dituzten kultur espazioak. Horiek guztiek ere sekulako ekarpena egiten diote euskalgintzari, eta abenduaren 3ko manifestazioan hori ere agerian utzi nahi dugu.
BARRANTES: Horrelako eragile gehiago nahi ditugu euskararen kontrako korronte horri aurre egingo dion korronte handiago bat sortzeko.
Abenduaren 3a aldarrikapen egun bilakatu nahi duzue. Nola zehazki?
GAGO: Bilbon euskararen aldeko jarduera asko egiten diren arren, azken urteetan ez da aurrerapauso nabarmenik egon. Hartara, aldarrikapenek ere izan behar dute lekua Euskararen Egunean. Erdalduntze makina gelditzeko egunero lanean ari diren guztiak batu nahi ditugu abenduaren 3an, eta indar metaketa horren erakustaldia egin. Bide batez, argi utzi nahi dugu erdalduntze makina olioztatzen ari direnak ere badaudela.
Euskararen Eguneko Bilboko manifestazioa mugarri izan daiteke?
BARRANTES: Orain arte gertatu ez den zerbait gertatuko da abenduaren 3an Bilbon: euskararen egoera erdigunean jarriko duen manifestazio bat egingo dugu, eta hori bera aurrerapauso bat ematea da.
«Gaur-gaurkoz euskara hutsean aritu ez arren euskaltzaleak diren elkarte eta norbanakoak ere gonbidatu nahi ditugu manifestaziora»
MAIALEN GAGO Guka Bilboko euskaltzaleen mugimenduko kidea
GAGO: Baina, lehen aipatutako eragileez gain, gaur-gaurkoz euskara hutsean aritu ez arren euskaltzaleak diren elkarte eta norbanakoak ere gonbidatu nahi ditugu manifestaziora. Izan ere, kontua ez da gaur non gauden, baizik eta nora joan nahi dugun. Nahiko genuke euskararen egoera aldatzeko jarrera erakusten ari diren horiek ere manifestaziora etortzea.
BARRANTES: Gurekin nahi ditugu euskaldun izateko aukerarik ematen ez duen hiri honetan euskararen aldeko hautua egiten duten guztiak.
Hala ere, mobilizazioz gainezka egongo da abendua, ezta?
GAGO: Euskararen aldeko mobilizazio ugari izango dugu abenduan. Abenduaren 3an Bilbon egingo dugun manifestazioaz gain, hilaren 6an mobilizazioa izango da Durangon, EHEk deituta, eta Ikamak euskararen aldeko greba egingo du 11n. Eta ezin ahaztu Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako egindako deialdia ere.