Auzolana, kooperatibismoa eta euskara. Hiru kontzeptu horiek behin baino gehiagotan azaleratu dira elkarrizketan. Kirolari profesional eta Osasunako kapitain izateagatik egin zen ezagun Oier Sanjurjo (Lizarra, Nafarroa, 1986), baina futbolaren elitean emaniko urte guztietan ez ditu ezkutatu euskararen aldeko konpromisoa eta militantzia. Engaiamendu horri segida eman nahi dio orain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaritzan.
Osasunako kapitain izateari utzi zenion 2022an, eta Nafarroako ikastolen lema hartu duzu.
Txikitatik bizi izan dut ikastolako giroa: zer den ikastola bat hutsetik sortzea, nolako zailtasunak izan genituen... Garai hartan, Lizarran euskaldun izatea txiki sentitzea zen. Gutxiengoan egotea. Eta hala da, oraindik orain. Baina, era berean, txikitasun horrek indartu egin zuen euskararekiko maitasuna. Militantziaren ikuspegi horrek eta laguntzeko gogoak bultzatuta erabaki nuen pausoa ematea.
Urrats logikoa izan da, beraz.
Bai, beste salto bat da. Auzolana, kooperatibismoa, elkarlana... horiek dira, funtsean, ikastolen ardatz edo ezaugarri nagusiak. Eta nik oso barrenean izan dut beti filosofia hori. Etxean jaso nuen hasieran, baina baita ikastolak emandako heziketari esker ere, eta beti saiatu naiz irakaspen horiek aplikatzen. Banuen beharra hori guztia besteekin partekatzeko, eta, nire bizitzaren beste fase batean sartua naizen honetan, garai egokia iruditu zitzaidan erronkari heltzeko.
Zer da ikastola zuretzat?
Munduari begiratzeko eta mundua ulertzeko ikuskera berezi bat. Hori da ikastolak eman didana. Are gehiago Nafarroako zonifikazioa aintzat hartuta: hiru eremutan zatituta dagoen lurralde honetan, euskaldunok beti sentitu gara bigarren mailako herritar. Eta hala gara, hein batean. Eremu mistoko udalerrietan, esate baterako, barru-barruan eraman dugu sentimendu hori beti. Baina horrek ematen dizu barne indar moduko bat: elkarlanerako eta gauzak aurrera ateratzeko grina. Kooperatibismoaren ikuspegi hori lantzen da ikastoletan, eta uste dut, etorkizunari begira, gero eta indar handiagoa hartu beharko lukeela. Gizartean antolatzeko eta funtzionatzeko eredu oso interesgarria da.
Auzolanarena?
Bai. Ikastolena mugimendu erraldoi bat izan zen, herriak auzolanean sortua. Guraso ausart horiek etorkizunean pentsatuz egin zuten lan. Eta guk, orain, badugu ardura hori ere, gure ondotik etorriko diren belaunaldiei ikastola sare hobe bat uzteko.
«[Ikastolen Elkartean] ahaleginak egiten ditugu kanpotik datozenak ere euskarara hurbil daitezen; hori da euskal kulturak behar duen etorkizuna»
Gizartea asko aldatu da Lizarra ikastolan estudiatu zenuenetik: demografia, bizimodua, komunikazioa... Erronka handia al da egungo errealitatera egokitzea?
Bai. Neure buruari jarri dizkiodan helburuen artean, garrantzitsuenetako bat da hori. Argi dut gizarte aldakor batean bizi garela, eta ikastolek ere egokitu beharra dutela. Azken urteetan, adibidez, digitalizazioak aldaketa bortitz bat eragin du, besteak beste hezkuntzaren esparruan. Ikastolok ere gaurkotu beharko dugu, erantzun egoki bat eskaini nahi badugu. Eta horrez gain, bestelako aldaketa batzuei ere erreparatu beharko diegu. Jaiotza tasaren jaitsiera nabarmenari, esaterako. Bilakaera horri matrikulazioan eustea, horra etorkizunean izanen dugun beste erronka itzel bat.
Baduzue kezka?
Bai, bada kezka puntu bat, baina, era berean, edalontzia erdi betea ikusteko joera dut. Zeren ikastolok hastapenetik egin dugun bidea ez baita batere erraza izan. Trabaz betetako ibilbidea izan da, eta gaur egun ere halakoxea da. Horretara ohituta gaude, eta aurrera eginen dugu, orain arte bezala.
Euskara nola hurbildu atzerritar jatorriko familiei. Hori da azken urteetan euskalgintzak ozendu duen beste kezka bat.
Bai, argi dago hori Nafarroako errealitatea dela, eta ikastolen sareak ez du eztabaida horretatik aldendu nahi. Are gehiago: esango nuke saiatzen garela kanpotik datozenengana gero eta gehiago hurbiltzen. Argi dago, dena den, hizkuntza hesi bihurtzen dela askotan, eta horrek zaildu egiten duela prozesua. Hego Amerikatik datozen familiek, bereziki, gaztelania ama hizkuntza izanik, errazago jotzen dute gaztelaniazko ikastetxeetara.
«Ikastolek euskaraz ikasteko aukera bermatzen dute, administrazioa iristen ez den tokietan. Hori, gaur-gaurkoz, ikastolen sareak bakarrik berma dezake»
Hala ere, administrazioak ere ez du euskarara hurbiltzeko bidea errazten. Jatorria atzerrian duten familia ugarik ez dakite euskarazko hezkuntza existitzen denik ere...
Gu sinetsita gaude euskarazko murgiltze eredua onuragarriena dela, eta ahaleginak egiten ditugu kanpotik datozenak ere euskarara hurbil daitezen. Azken finean, hori da euskal kulturak behar duen etorkizuna. Hemen jaiotakoek ez ezik, kanpotik datozenek ere ezagutu ditzatela bertoko hizkuntza eta kultura. Bizi dezatela euskara guk bizi dugun bezala.
Azkenaldian, egitasmo ugari sortu dira Nafarroako 'eremu ez-euskaldun' deritzon horretan: Erriberan Euskaraz, Agerraldia, D eredu publikoaren aldeko mugimenduak...
Euskara hedatzen hasia da hegoaldean, baita historikoki gehiago kostatu den eremuetara ere, baina helburua ez dugu lortuko egun batetik bestera: tantaz tanta beteko dugu edalontzia. Administrazioak euskarazko hezkuntza eskaini beharko du horren aldeko eskaria dagoen herri guztietan, baina nik oso argi dut ikastolek ere badutela zeresana eta zeregina. Badute rol garrantzitsua euskararen sustapenari dagokionez, euskaraz ikasteko aukera bermatzen baitute administrazioa iristen ez den tokietan. Hori, gaur-gaurkoz, ikastolen sareak bakarrik berma dezake.
Elkarren osagarri ikusten dituzu ikastolen sarea eta D eredu publikoa, beraz?
Euskararen alde ari garen eragile eta erakunde guztiok, sare publikoak eta ikastolak, norabide berean egin behar dugu arraun. Euskara indartzea, horixe da gu guztion helburua, eta horri lotu behar gatzaizkio. Indarra egin dezagun denon artean.
«Oso gutxi dira euskal erreferenteak, eta inportantea da gazteek ikustea futbolean ere badirela bestelako ereduak, euskaraz bizi garenak»
Osasunako jokalari zinen garaian ere, behin baino gehiagotan agertu zinen pankartaren atzean, hizkuntza eskubideak aldarrikatzen. Garrantzitsua al da erreferente euskaldunak izatea?
Oso garrantzitsua. Futbolari profesionala izan nintzen urteetan, oso argi nuen eredu nintzela haur eta gazte askorentzat, eta horrek zer pentsatua eman zidan. Gaur egun, oso gutxi dira euskal erreferenteak edozein esparrutan, eta inportantea da haurrek eta gazteek ikustea futbolean ere badirela euskaldunak, euskaraz bizi garenak eta euskara maite dugunak. Nire ustez, horrek hauspo ikaragarria ematen ahal die gaztetxo horiei, konplexurik gabe euskaraz bizitzeko, oztopo guztien gainetik. Eta euskal erreferenteez ari garela, uste dut ezinbestekoa dela arlo digitalean ere halakoak sustatzea. Ea jendea animatzen den edukiak euskaraz sortzera eta horiek zabaltzera.
Hizkuntzaren ikuspegitik, zaila izanen da Jagoba Arrasatek eta zuk zeuk Osasunan utzitako hutsunea betetzea, ezta?
Ulertzen dut kexa hori, eta bat nator, hein batean. Jagoba eta biok batera ibili ginen Osasunako entrenatzaile eta jokalari, garai bertsuan, eta agian horregatik gehiago nabari da hutsunea orain. Dena den, Patxi Puñal kapitainak taldea utzi zuenean ere, jende askok esaten zuen ez zegoela hura bezalako erreferenterik. Baina haren atzetik heldu ziren beste batzuk, eta orain ere antzera gertatuko da. Norbaitek agur esaten duen bakoitzean, beste norbaitek hartzen du lekukoa. Edo kapitainaren besokoa, kasu honetan. Oraintxe, Osasunan baditugu Aimar Oroz, Jon Moncayola, Unai Garcia... Euskaldunak dira denak, eta segituko dute bidea egiten eta Osasunaren barruan euskarari tokia ematen.
Klubaren hizkuntza politika ere ezberdina da gaur, duela hamar urtekoaren aldean.
Bai, jauzi handia egin du Osasunak. Nire garaian jada hasiak ziren zenbait paradigma hausten, eta bilakaera handia nabaritu dut euskararen gaineko jarreran eta normalizaziorako neurrietan. Azken finean, gizartean gertatu den prozesu bera antzeman dezakegu Osasunan ere. Eremu batean zein bestean, elkarbizitza da normalena. Batzuek euskarari dioten alergia hori ez da nabari gure egunerokoan. Errespetua eta bizikidetza gailendu dira.
Nafarroako Ikastolen Elkarteak 50 urte beteko ditu datorren urtean. Hasiak al zarete urteurrena prestatzen?
Egia esan, ez. Oraindik ez diogu merezi duen arreta eskaini kontu horri. Ikasturtea bukatu nahi dugu lehenbizi, eta horren ostean, buru-belarri ariko gara Paz de Ziganda ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez festa prestatzeko lanetan. Hori dugu oraintxe egutegian gorriz markatua. Guretzat, Nafarroa Oinez ezinbesteko eguna da euskara plazara ateratzeko. Horren ostean hasiko gara urteurrenean pentsatzen.