Zatikatuta eman dituzte seigarren inkesta soziolinguistikoaren datuak. Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak urrian aurkeztu zituzten, eta Nafarroakoak, urtarrilean. Gaur eman dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako emaitzen berri, eta, horiekin batera, Euskal Herri osokoak ere aurkeztu dituzte.
Baionan izan dira erakundeetako ordezkariak. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren izenean, Mathieu Berge presidentea; Eusko Jaurlaritzatik, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburua; eta, Nafarroatik, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi.
Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak aztertuta, hona gako nagusi hauek.
Ezagutza. Gora ari da euskaraz badakiten herritarren proportzioa gutxinaka. Azken inkestaren arabera, %28,4 dira euskaldunak, 2011ko inkestan baino 1,4 puntu gehiago. Lehen inkesta soziolinguistikotik, 1991tik, sei puntu pasatxoko igoera izan da. Euskaldunen kopurua batez ere gazteen artean ari da handitzen. Hor nabari da benetako aldaketa. 16-24 urte bitartekoak hartuta, adibidez, 1991n %22,5 ziren euskaldunak, eta, orain, %55,4. Eskolaren bidez ikasi dute euskara gehienek, bigarren hizkuntza gisa. Euskaraz aritzeko erraztasunari begiratuta, aldeak nabari dira: adin horretako euskaldunen erdiek baino gehiagok, %56k, euskaraz baino aiseago egiten dute erdaraz.
Erabilera. Euskararen erabilerari erreparatuta, erroko berritasunik ez dago. %16,5ek egiten dute euskararen erabilera trinkoa —euskara erabiltzen dute erdara adina edo gehiago—. Aurreko inkestan baino 0,4 puntu handiagoa da portzentaje hori, eta 1991n baino hiru puntu eskas handiagoa. Adinari begiratuta, badaude aldeak: orain 25 urte, batez ere adinekoek erabiltzen zuten euskara, eta, orain, 34 urtetik beherakoek. Adin talde gazteetan, bostetik batek dio euskara erabiltzen duela erdara adina edo gehiago. Esparruka begiratuta, batez ere eremu formaletan handitu da erabilera —osasun zerbitzuetan eta udaletxeetan—, baina etxeko erabilera geldialdian dago, 1991ko portentaje berberean: %15,6.
Jarrerak. Euskararen aldeko jarrera zabaltzen ari da pixkanaka: euskal herritarren %56 ageri dira euskararen erabilera bultzatzearen alde, eta %16 aurka. Badira, hala ere, joera diferente batzuk. Nafarroan, aurkakotasuna areagotu egin da aurreko inkestatik oraingora, nahiz eta ez den 1991ko kopuruetara iritsi; Ipar Euskal Herrian, igotzen ari da erdian daudenen portzentajea —ez alde, ez aurka—.