Marmarka irten da autobus geltokiko denda txikitik, saltzailea ahoa bete hortz utzita. 30 urte ondo pasatuak ditu gizonak. Dendaria beste andre batekin hasi da hizketan: «Euskalduna naizen galdetu dit. Euskaraz ba ote dakidan. Baietz erantzun eta orduan berak: ‘Oso ondo. Los vascos me dan asco'. Horrela». Gizonak «oso ondo» esan du. Euskaraz. Gero iraina bota dio aurpegira: «Euskaldunek nazka ematen didate». Alegia: zu euskalduna zara eta nazka ematen didazu. Higuingarria zara. Emakumea da dendaria, 50 urtetik gorakoa. Zer gertatuko zatekeen morroi horri aurre egin balio? Saltzailea, andrazkoa barik, bi metroko gizon sendo gaztea izan balitz, halakorik esango ziokeen tipoak?
Berbetan segitu du saltokiko andreak: «Eta euskaldunok nazka ematen badiogu, zertan ari da hemen?». Entzule duen emakumearen bikotekideak, gizonezkoak, muturra okertu eta bortitz erantzun du: «Ostiko bat ahoan...». Arrazistak dira hori aditzera eman duten bi herritarrak? Ez dut uste. Erraietatik mintzatu dira, bai, beste pertsona horren arbuioak astinduta. Ez dute esan haren jatorriko herritar guztiek, Euskal Herrian bizi direnek, kanpora joan behar dutela, hemen ez dutela lekurik. Ez. Gizonaren kontra egin dute zuzenean. Egoera horretan berdin antzean pentsatzeko eskubidea izango genuke, ñabardurak ñabardura: hemen gustura ez bazaude, zertan ari zara? Nire etxera bazatoz eta nazka ematen dizudala esaten badidazu, zer erantzutea espero duzu? Ba, alde hemendik. Ez zaitut ikusi ere egin nahi.
Arriskutsua bezain kezkagarria da gizon iraintzailearen portaera, beste jokabide batzuk eragin ditzakeelako bueltan. Erreakzio tribalak. Edo arrazistak, nahiz kasu horretan bi pertsona horiek soilik tipoaren aurka mintzatu diren. Galdera: nor izango litzateke hemen arrazista? Euskaldunok orokorrean nazka eragiten diogula esan duena ala geu, uste dugunok pertsona bakar bat gustura ez badago, eta iraintzen hasten bada, hobe duela hemendik joatea? Bai, ez baitu pentsatuko geuk egingo dugula hanka bera lasai eta gustura bizi dadin. Gainera, nora joan beharko genuke? Hark atzean utzitako herrira?
«Arriskutsua bezain kezkagarria da gizon iraintzailearen jarrera, beste jokabide batzuk eragin ditzakeelako bueltan. Erreakzio tribalak»
Baliteke pertsona horrek esperientzia txarrak bizi izana gure artean. Euskaldun guzti-guztien erdeinua sentitu duzu halako gorrotorik izateko? Ez zuk, ez guk ez genuke zertan persona bakan batzuek egindakoa giza talde oso bat jomugan jartzeko erabili. Soilik norbaitek onargarria ez den moduan jokatu duelako. Esaterako: aldiriko trenetik irten eta tornoetan pasatzeko aurrean duzun neska —ostera ere emakume bat, kasualitatea!— aurrerantz bultzatzen baduzu kolpe zakar batez, tornoa itxi baino lehen zu sartzeko zeure txartela pasatu gabe. Eta neskak «zertan ari zara?» galdetu eta zuk «puta!» oihukatzen badiozu.
Ez espero beste bidaiariek zuri kargurik ez hartzea. Itxuraz bertokoa lirudikeen gizon batekin berdin egingo lukete, dudarik ez. Zuk beste nonbaiteko antz estereotipatua duzu. Horixe arriskua: segituan adituko dira ahotsak, baina ez soilik zure kontra, tamalez: zu bezalako guztien kontra ere bai. Horrela jokatuz zeure jatorriko komunitatearen aurkako aurreiritziak sortzen eta sendotzen ari zara. Bidea errazten diozu eskuin mutur arrazistari eta kalte egiten diezu zuk ez bezala gurean gizabidetsu jokatzen dutenei. Hau da, zeure sorterriko beste pertsona guztiei. Gure herrikideei.
Geure esperientzien seme-alabak gara. Jakin nahi nuke gizon horri zergatik ematen diogun nazka. Hain gaizki tratatzen dugu hemen? Hala bada, zergatik ez doa inguruko beste leku batera? Beharbada gurean baino hobeto egongo ez dela sumatzen duelako? Badut zalantza bat, baina: andreak euskaraz dakiela jakinarazi eta gero bota du gizonak purrustada. Arazorik izan du inoiz hemen lana aurkitu edo laguntza sozialik jasotzeko euskaraz ez jakiteagatik? Nonbaitetik bota dute euskaraz mintzo ez delako? Espainiarrek ere nazka ematen diote edozertarako, baita arnasa hartzeko ere, erdara exijitzen diotelako?