Laster beteko da urtebete Kontseilua osatzen dugun euskalgintzako eragileok adierazi genuenetik euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Azaldu genuen asko eta agerikoak direla azken hamarkadetako susperraldi aroa eten den zantzuak. 2023an argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoak, esaterako, erakusten du Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa jaitsiz doala oraindik. Edo Nafarroan hamar ikasletik seik ez duela bere eskola bizitzan euskararekin inolako harremanik. Euskararen aldeko hizkuntza politika sendoenak egiteko aukera izan den Euskal Autonomi Erkidegora etorrita, gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Autonomia Erkidegokoa ez ezik, Euskal Herri osoko joera ere bada gero eta gutxiago direla euskaraz erdaretan baino errazago egiten duten hiztunak. Zifretara etorrita, hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak —kasu askotan euskara erabiltzeko posibilitate murritza da erabilera handitzeko muga handiena—.
Zoritxarrez, larrialdian gaudela esateko arrazoiak areagotu egin zaizkigu ordutik hona: joan den uztailean aurkeztu zuen UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) Siadecok bere enkarguz egindako proiekzio demolinguistikoa, eta hizkuntza politiketan aldaketa handi bat gertatu ezean beltza da panorama. Proiekzio horren arabera, 2036an, 11 urte barru, Hego Euskal Herrian ez da arnasgune beterik geratuko; hau da, euskararen erabilera %80tik gorakoa den herririk. Eta arnasgune erasanak ere —%60-%80ko erabilera— desagertze bidean egongo dira: biztanleen %0,2 besterik ez da biziko eremu horietan. Orokorrean, arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta % 0,2 izan daitezke 2036an. Proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geratuko da.
Eta bada proiekzio horretan oso kontuan izateko beste aurreikuspen bat. Izan ere, hiztunak irabazteko joera hazkorra eten egingo da Nafarroan, proiekzioaren arabera. Zifretara ekarrita, 2001ean biztanleen %12,1 ziren euskaldunak herrialde horretan, %14,9 2021ean, baina noranzkoa aldatuko duen hizkuntza politika sendorik abian jarri ezean atzera egin eta %11,8koa izango da Siadecoren arabera 2036an.
Laburbilduz, azken hamarkadetako suspertze aroa amaitu eta atzeraldiaren arriskua handia da. Hau da, etorkizuna dago jokoan.
Honek guztiak, azken buruan, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen minorizazio egoeraren berri ematen digu, egiturazko arazo baten berri. Arestian agerturiko kopuru eta joerak ulertzeko ezin baita ahaztu euskara ez dela ofiziala bere lurraldearen zati handi batean: Nafarroa gehienean, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan (Ipar Euskal Herrian) ez du ofizialtasunik. Hau da, gutxieneko berdintasun eta nor izatearen aitortzarik. Horrenbestez, eremu horietan ez dago euskararen aldeko hizkuntza politikak segurtasunez eta iraunkorki egiteko aukerarik.
Era berean, azken bolada jadanik luzeko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan euskaldun izendatutako eremuko koofizialtasuna zalantzan jartzen ari da, minorizazioa gainditzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak eraisten ari baita. Desofizializazio prozesu betean gaude.
Larritzeko osagai guztiak ditugu, beraz. Esan bezala, etorkizuna jokoan da. Baina Kontseilua osatzen dugun eragileok argi dugu itxaropenerako garaia dela. Iazko Euskararen Egunean adierazi genuen gure gain hartzen dugula larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa. Horretan ari gara. Bide horretan uste dugu ekarpen handi bat dela iragan irailaren 26an Donostian, Batuz Aldatu dinamikaren ildoan, aurkeztu genuen Hizkuntza Politikarako Itun Soziopolitiko berriaren eskaintza. Euskal Herri osoko 110 eragile sozialen adostasuna bilduta aurkeztu genuen euskararen etorkizuna bermatzeko oinarria jartzen duen hizkuntza politikarako proposamena. Ordutik beste dozena bat erakunde eta elkartek egin dute bat ekimenarekin. Kontseiluaren konpromisoa da euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta normal erabiltzeko eremuak sortzea eta garatzea oinarri dituen proposamen honen inguruko adostasuna bilatzea, lantzea eta zabaltzea gizarte eremuko ahalik eta eragile gehienekin. Indar horrek ekarriko du hizkuntza politika sendo bat.
Eta bide horretan ezinbestekoa da, euskara kinka larrian izan den beste momentu batzuetan bezala, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Izan ere, euskarak eta euskal hiztun komunitateak izan ditu lehenago ere larrialdi gorriko uneak, behin betiko itzaltzeko arrisku momentuak. Eta euskaltzaleen eskutik etorri da aldi bakoitzean Pizkundea. Milaka euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetatik. Eta, batik bat, milaka euskaltzale horiek une kritikoetan elkarrekin aritzeko eta egiteko izan duten gaitasunetik.
Argi dago: euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa.
Hain zuzen ere, zabaldu nahi dugun itxaropen mezuaren parte da abenduaren 27an Bilbao Arena —Miribillako kirolgunea— euskaltzaletasunaren bilgune handi bihurtzea. Etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea.
Horretarako lehen gune bihurtu nahi dugu abenduaren 27ko ekitaldia. Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa. Euskal kulturaren ezinbestekotasunaz jabetzeko gune ere izango da egun horretan Miribilla.
Handia da gure historia garaikidean euskaltzaleon bulkadaz egindakoa. Baina ekinaldi berri baterako unea da, euskara lehen lerrora ekarri eta benetako jauzia eragitekoa.
Egin dezagun lehen urratsa abenduaren 27an, bil gaitezen eta piztu dezagun euskaltzaletasuna, euskarari pizkunde berria emateko. Etorkizuna dago jokoan, euskaltzaleon garaia da!