Erregimen juankarlistak EAE sortu ostean AEKren barnetegi batean euskara ikastea aholkatu zion Kantabriako gizon batek seme gazteari. Berak ordainduko zion ikastaroa. Horrela errazago aurkituko zuen lana euskal administrazio berrian. Bilbon, herritik hur.
Arrazoi zuen gizonak, baina neurri batean. Izan ere, hemen, oraindik, espainiera da ezinbesteko hizkuntza bakarra. Hori iradoki du Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek hedabide honetan: funtzio publikora sartzeko derrigor euskaraz jakin behar izatea ez da garrantzitsua. Euskarazko arreta bermatzea da kontua. Hizkuntzarekin kaka ematen duten euskaldun nekagarriak ez ahaztea, alegia. 2036an izango ez diren arnasguneetako indigenei azken hatsean plazer egitea.
Euskaraz ez jakiteko edo ez egiteko eskubidea sakratua dugu hemen. Aldiz, gaztelaniaz ez jakiteko edo ez egiteko eskubidea ukatu egiten zaigu. Alabaina, linguizidioaren negazionista ugari daude. Ez harritu noizbait Donostiako Udalak diskriminazioaren aurka antolatutako jardunaldi batzuetan halakorik ikusten badugu: lagun latinoz osaturiko antzerki talde batek hizkuntza eskubideak urratzen dizkietela salatzea esketx batean: «Zer da inportanteagoa: euskara ala nire osasuna? Euskara ala nik lana lortzea?».
Hori gertatu da Bartzelonan, baina katalanarekin. Madrilgo egunkari batek auzia aprobetxatu eta «gaztelaniadunek Katalunian dituzten zailtasunak» aipatu ditu. Zailtasunak? Zeinek du arazo gehiago Katalunian bere hizkuntzan bizitzeko? Eta Euskal Herrian? Erdaldunak ala euskaldunak? Hegoamerikarrak ala magrebtarrak? Katalunian eta Euskal Herrian inoiz ez diote inori osasun zerbitzurik ukatu gaztelaniaz mintzatzeagatik. Ez dago kasu bat bera ere, akusazio hori frogatzen duenik. Aldiz, katalanez edo euskaraz egiteagatik... Duela bi aste eskas mediku batek —ezetz asmatu nongoa— Kataluniako Erretinaren Institutuko kontsultatik bota zituen Montserrat Forcada eta haren alaba beti katalanez egin nahi dutelako: «Zuek zarete katalanarenak? Oraintxe bertan kenduko zaituztet nire agendatik!».
«Zeinek du arazo gehiago Katalunian bere hizkuntzan bizitzeko? Eta Euskal Herrian? Erdaldunak ala euskaldunak? Hegoamerikarrak ala magrebtarrak?»
Antzerki lan hori iraina da katalanez egiteko eskubidea bermatua ez dutenentzat. Baina bada zerbait, are larriagoa: mespretxua eta burla da Ameriketatik etorri eta, espainieraz jakin arren, katalana edo euskara ikasi dutenentzat. Antzerkilari horiek hemen bezala jokatzen bide dute sorterrian: erdeinuz begiratzen diete beren hizkuntzari oraindik eusten dioten indigenei. Batzuk haien ondorengoak dira, ordea. Hango kolonizatu zaharrak hemengo kolonizatzaile berriak ditugu.
Jatorri hegoamerikarreko zenbait katalan hiztunek kontra egin diete sare sozialetan. «Gu ere bagara Katalunia, katalanez bizi nahi dugunok; ez aberatsak, ez zuriak, ez pribilegiatuak ez garenok. Halako lanek sona kentzen diete herri desberdin batean aurrerantz joateko egindako ahalegin, bide eta borrokei» (Mateo Cantor, Kolonbia, 27 urte). «Tristezia eta haserrea sentitu ditut lana ikustean. Emigratzeko eskubidea defendatzen dut, duintasunez hartuak izateko eskubidea eta herriek beren hizkuntza babesteko eskubidea ere bai. Katalanak ez du zapaltzen. Niri ateak ireki dizkit. Benetan zapaltzen duena berdintasunik eza da» (Evelin Chuquimarca, Ekuador, 41 urte). X sare sozialean Rapsodia izena duen venezuelarra 2016tik bizi da Katalunian: «Badira pertsonak, hona etorri eta Espainiara heldu direla uste dutenak. Batez ere, hegoamerikarrak. Pentsamendu koloniala eta kolonizatua da. Katalunian katalanez egitea garrantzisua dela ulertarazteko modua aurkitu behar dugu, kolonialisten aldean jar ez daitezen».
Castroko gizona hil egin zen. Mutilak ez zuen euskara ikasi baina, agian, ez du damurik izango. Izan ere, ederki daki —hemengo hainbat lagunek bezala, haiek bestela esan arren—, administrazioan lekua izango duela euskara gabe. Aitak onena nahi zuen harentzat. Haren ustez, euskarak ateak irekiko zizkion semeari. Fuerza Nueva alderdi ultraeskuindar frankistaren boto-emailea zen.