Euskara «alor pribatutik» ateratzeko, ofizialtasuna eskatu dute Erriberan

Nafarroako Erriberako euskaltzaleek dei egin dute ofizialtasunaren aldeko manifestaziora, Tuteran, apirilaren 9an

Erriberako euskaltzaleak atzo Tuteran elkartu ziren manifestaziorako deia egiteko. BERRIA.
Iruñea
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Erriberan euskaraz hitz egitenentzuten da, baina alor pribatuan. Batzuetan, edozein administraziotan zerbitzua eskatzera goaz, eta euskaraz egiten badugu, erantzun txarrak jasotzen dituzu». Alizia Iribarren Erriberan Euskaraz elkarteko kidea da. Atzo, Nafarroa osoan euskararen ofizial egitearen aldeko manifestua aurkeztu zuten, eta atxikimenduak biltzen hasi dira. Argi dute: «Euskara nafar guztion hizkuntza da». Beraz, Erriberan ere hizkuntza ofiziala izan behar duela diote. Apirilaren 9an manifestazioa egingo dute Tuteran.

Bigarren mailako herritarrak sentitzen dira Nafarroako Erriberako euskaldunak. «Hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigu», adierazi du Iribarrenek. Oztopoz betetako errealitatea aurkeztu du: umeek ez dute euskaraz ikastetxe publikoetan ikasteko eskubiderik, eta administrazioan zerbitzu oro gazteleraz jaso behar dute. «Nahi eta nahi ez, legeak hala agintzen du». Bestelako egoera bat nahi lukete; lan deialdi publikoetan lehiatzeko, esaterako, eremu euskalduneko nafarren baldintzak nahi lituzketela dio Iribarrenek. Herritar orok, hain justu, hizkuntz eskubide berberak izan behar lituzketela dio. «Baztandar bat ni bezain nafarra da, eta, horregatik, nik, nafar moduan,euskalduna izateko eskubide bera dut. Iparraldekoak ez dira euskaldun bakarrak, eta hizkuntzaren arloan haien eskubide berberak izan behar ditugu».

Euskararen Legea duela 25 urte onartu zuten Nafarroan,etaherrialdea hiru hizkuntz eremutan banatu; orduz geroztik da Erribera eremu ez euskalduna. «Nola da posible, herrialde bakar batean, hiru arau egotea lege bakar baten barruan?». Iribarrenekgogora ekarri du horrek eragina duela «pasaia linguistikoan». «Dena gaztelaniaz idatzita dago, eta hori aldatzea nahi dugu».

Gero eta euskaldunagoa

Izan ere, Erriberan, gero eta euskaldun gehiago daudela azaldu du. «Duela 25 urteko egoerarekin alderatuz, aldatu dela esan dezakegu. Ikastola sortu zen, eta umeak euskaldundu dira, helduak euskalduntzeko eskolak ere badaude, eta kalean euskara gehiago entzuten da». Dena dela, euskara etxean geratzen dela gaineratu du Iribarrenek; lagun artean hitz egiteko hizkuntza da. Administrazioan, bereziki, erabateko basamortuan bizi dira. «Behin eskabide ofizialak euskaraz egiteko eta jasotzeko proposamena egin genuen, eta legea eskuetan zutela, ezinezkoa zela esan ziguten». Udal gehienek, beraz, Euskararen Legearen «aitzakia moduan» erabiltzen dutela gaitzetsi du. «Legea aldatu arte ezin dutela ezer egin diote».

Otsailaren 17an Euskararen Legea aldatzeko proposamena bozkatu zen Nafarroako Parlamentuan, baina ez zen proposamena onartu. «Egia esan, ez genuen itxaropenik. Gobernu honekin ez da euskara Nafarroa osoan ofiziala izango». Euskararen ofizialtasuna eskatzeko tresna bakarra aldarrikapena dela aitortu du Iribarrenek: «Lege proposamen bat egiteko milaka sinadura jaso behar dituzu. Lan handia da, eta gaur egun parlamentua osatuta dagoen moduan, Euskararen Legea aldatzeko edozein proposamen atzera botako dute».

Nolanahi ere, euskarari jartzen dizkioten «oztopo guztiak» kentzeko garaia dela irmo azaldu nahi du Erriberan Euskaraz elkarteak. «Euskaraz bizitzeko eskubidea, bizitzaren arlo guztietan euskaraz egin ahal izateko, aldarrikatzeko eta ozen eskatzeko garaia da». Horregatik egin dute apirilaren 9ko manifestazioan parte hartzeko deia.Nafarrak garelako, Erriberan Euskaraz lelopean aterako dira kalera. Manifestazioa Tuterako Antso Azkarraren plazatik abiatuko da, 12:30ean. Euskara elkarteen eta alderdi politikoen atxikimendua jasotzen ari da deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.