«Kultura eta ondare honen arrisku eta zaugarritasun egoera kontuan hartuta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak babes neurri gisa proposatzen du elementua babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatzea». Gaur Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argitaratu duen ebazpenaren helburu nagusia hori da: babes handiagoa ematea euskarari, eta babes maila jakin hori emateko prozesua abiaraztea. Eskabide hori «hizkuntza minoritario eta minorizatu baten testuinguruan» ulertu behar dela jaso dute ebazpenean: «Unescok euskara hizkuntza zaurgarri gisa katalogatu izanak azpimarratu egiten du hizkuntza babestu eta zaindu beharra».
Kultura Sailak prentsa ohar baten bidez azaldu du izendapenak euskarari «prestigio handiagoa eta aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa» emango diola, euskal kulturaren transmisiorako duen «funtsezko eginkizuna» aitortuko delako «ondarearen ikuspegitik ere». Halaxe esan du: «Aitortza honen gakoa ez da euskara hizkuntza gisa soilik aitortzea, baizik eta euskarak euskal kultura sortu, transmititu eta birsortzeko duen gaitasuna aitortzea. Hau da, euskararen bidez belaunaldiz belaunaldi transmititzen den kultura ondarea ere aitortzea». Aurrekariak ere gogora ekarri ditu: «Kategoria berean dago bertsolaritza, 2024an Euskadin babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatu zen lehen ondare elementua».
Kultura Sailaren arabera, behin ebazpena argitaratuta, hori bideratzeko informazio publiko eta entzunaldia aldia ireki da orain: hogei egun iraungo du. Epe hori amaituta, espedienteak izapidetzen jarraituko du, eta behin betiko izendapena gobernu kontseiluak emango du, dekretu bidez. Prozeduraren helburua euskarak etorkizun sendoago bat izatea dela argudiatu du: «Ondare kulturala ez da iragana bere horretan kontserbatzea, iraganari etorkizuna ematea baizik: jasotzen dena bizi, berritu eta hurrengo belaunaldiei transmititzea».
Zailtasunak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bereziki, euskararen biziberritzean aurrerabideak egin direla jaso dute espedientean, euskararen gainerako herrialdeetan baino aurreratuago dagoela, baina zailtasunak ere agerian utzi dituzte. Eta arazo nagusia zein den zehaztu dute. «Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabilera eraginkorraren arteko desoreka. Izan ere, komunitate eramaileak ahaleginak egin arren, hizkuntzaren erabilerak ez du bere ezagutzaren erritmo berean aurrera egin, eta euskara gizartean normalizatzea oraindik egiteke dagoen erronketako bat da», onartu dute. «Horri aurre egiteko, euskara funtzio sozial guztietan erabiltzeko gai diren hiztun osoak eta hizkuntza kontzientzia aktiboa behar dira».
Jaso dute, halaber, globalizazioak, digitalizazioak eta sozializazio modu berriek zailtasun erantsiak ekarri dituztela. «Irismen globaleko kultura erreferenteen gero eta hedapen handiagoak nabarmen murrizten du tokiko eta komunitateko testuinguruei lotutako kultura adierazpenen presentzia soziala, eta identitateak ikasteko eta eraikitzeko moduak eraldatzen ditu». Hizkuntza minorizatuen kalterako dira eraldaketa sakon horiek, eta euskararen biziberritze ahaleginetan ere igartzen da hori. «Zaildu egiten du euskarak hedatzen dituen ezagutzak, kontakizunak, adierazpenak eta kultura balioak transmititzea».