Korrika 15

Euskara bizi dela eta biziko dela aldarrikatu dute Korrikaren amaieran

Hala azpimarratu zuten atzo Iruñean Xabier eta Miren Amuriza aita-alaba bertsolariek, bien artean idatzi baitute aurtengo Korrikako mezua. Euria etengabe atzetik segika izan duen arren, inoizko jendetsuenetakoa izan dela agertu dute antolatzaileek.

2007ko apirilaren 2a
11:08
Entzun
Hilaren 22an Karrantzan (Bizkaia) abiatu eta atzo Iruñean amaitu zen Korrika 15. Tartean, 2.360 kilometro eta milaka euskaltzale euskararen alde lasterka.

Zehazki, Iruñeko Gaztelu Plazan amaitu zen, Xabier eta Miren Amuriza aita-alaba bertsolariek elkarrekin idatzi zuten mezua elkarrekin irakurri zutenean. Euskara bizi dela eta biziko dela aldarrikatu zuten. Euskararen transmisioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du AEK-k Korrika 15en, eta hari horri jarraiki osatu dute Amuriza aita-alabek aurtengo mezua. Transmisioaren ideia hori nabarmendu nahian, Karlos Santisteban idazleak eta haren alaba Eiderrek eraman zuen lekukoa lehen kilometroan, Karrantzan, amurizatarrek idatzitako mezua gorde eta segituan. Harrezkero, 2.360 kilometro egin ditu mezuak lekuko barruan, atzo berriro ere Xabier eta Miren Amurizaren eskuetara itzuli zen arte.

Lasterketak iraun duen ia denbora guztian bezala, atzo ere euria izan zuen lagun Korrikak. Hori, ordea, ez zen eragozpen izan milaka lagun Iruñean batzeko eta Korrika jai giro paregabean amaitzeko. Taconerako ekitaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten eguraldi txarragatik, baina Alde Zahar guztian zabaldu zen festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.