Enpresaren idazpurua gaztelania hutsean duten lantokiek eta bezeroak euskaraz artatzen ez dituztenek ez dute isunik jasoko, PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamena aurrera ateratzen bada. Arrazoi horiek direla-eta isunak jartzea aurreikusten duen araua uztailaren 17an da indarrean sartzekoa, baina PSE-EEk aldatu egin nahi du lege hori.
Eusko Legebiltzarrak 2003an onartu zuen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua. 2008an, ordea, legea aldatu zuen, besteak beste «hizkuntza eginbeharrak» betetzen ez dituzten enpresei jarri beharreko isunak zehazteko. Isunak 2008an zehaztu baziren ere, araua uztailaren 17an da indarrean sartzekoa. Izan ere, haren aplikazioa urtebetez atzeratu zuen Eusko Legebiltzarrak iazko uztailean. 2008an eginiko aldaketak ez badituzte bertan behera uzten, 3.000 eta 600.000 euro bitarteko zigorrak ezarriko zaizkie lantokiei. Besteak beste, lantokien tamainaren eta kokapenaren araberakoa izango da ordaindu beharreko diru kopurua.
Jose Antonio Pastor eta Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideek aurkeztu dute legea aldatzeko proposamena. Reyesen arabera, enpresei isunak jartzea jasotzen duen araua ez da egokitzen hemengo «errealitate soziolinguistikora». Baieztapen horren argudio gisa, Reyesek adierazi du euskaraz senideen artean egiten dutenak ez direla herritarren %13ra ailegatzen: «Testuinguru horretan, ez dago isunak jartzea justifikatzeko arrazoirik». Gainera, isunak ezartzea erabakitzean, hizkuntza gaietan PSE-EEk eta EAJk zuten adostasuna hautsi izana egotzi dio Reyesek Juan Jose Ibarretxe buru zuen Eusko Jaurlaritzari.
Gaitzespenik ez sortzea xede
Herritarren artean «gaitzespenik» sortzen ez duten eta horien borondatera «egokitzen» diren euskararen aldeko ekimenak sustatzea da PSE-EEk aurkeztutako lege proposamenaren xedea, Pastorrek ziurtatu duenez. Haren irudiko, euskararen aldeko politikak ezin dira «inposizioan» oinarritu, eta herritarren «atxikimendu askea» bilatu behar dute. Eusko Legebiltzarrak lege proposamena «adostasun zabal batekin» onartzea espero duela gaineratu du legebiltzarkideak.
Isunak jarriz euskararen alde ez egiteaz gain, erabaki horrek bestelako arazoak sor ditzakeela iritzi dio Pastorrek. Ziurtatu duenez, euskaraz ez dakiten beharginek lanpostua galduko dute, hainbat enpresak langile elebidunak beharko dituztela eta. Hizkuntza eskakizunak betearazteko isunen auzia dela eta, PSE-EEk eta Kataluniako PSCk dituzten jokabide ezberdinen zergatiak azaldu ditu Pastorrek. Biek jarrera «ezberdina» dutela esan du, herrialdeetako errealitate soziolinguistikoa ezberdina dela argudiatuz.
Euskara erabiltzen ez duten saltokiei isunik ez jartzeko eskatu du PSE-EEk
Legebiltzarkide Vicente Reyesen ustez, isunak ez dira egokitzen hemengo «errealitate soziolinguistikora»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu