Euskara teknikaria eta Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietako irabazlea

Ainhoa Delgado: «Euskara eskuragarri dago? Bai. Lehen pantailan? Ez»

Finantza erakundeetako zerbitzu digitaletan euskara erabiltzeko trabak ikertu ditu Delgadok ikerlan batean. Usu, esaterako, euskara bilatu egin behar da: erdaraz pentsatutako munduan. Euskaraz gaitasun urria dutelakoan ere jotzen dute erdarara hiztunek.

Ainhoa Delgado. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ainhoa Delgado. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuk, zergatik ez? Galdera entzun orduko, doinua dator burura: Urko abeslariak —Gabriel Aresti poetaren hitzak erabilita— 1976an egin zuen kantuarena: Guk euskaraz, zuk zergatik ez?. Francoren heriotzaren osteko gizarte egartsuan, esanahiz betetako abestia izan zen, esperantzarako aldarri bat, galdera haren bidez modua izan zutelako milaka euskaltzalek euskarara hurbiltzeko deia egiteko beste hainbat herritarri. Globalizazioak eta digitalizazioak erruz antzaldatu dute mundua ordutik, erantzun berriak behar dira, baina funtsezko galderak egiteko premiak lehengoan dirau, eta justu itaun horixe erabili du Ainhoa Delgado euskara teknikariak (Ermua, Bizkaia, 1972) mundu digital honetan euskara erabiltzeko dauden trabak aztertzeko egin duen ikerketaren izenburuan: Zuk, zergatik ez? Hizkuntza-hautua finantza-entitateen zerbitzu digitaletan. Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietako iazko deialdiko lehen saria lortu du. Caixabank, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Laborak Kutxa, BBVA eta Bankoa Abancaren zerbitzu digitalak aztertuta egin du, eta Hegoaldeko bostehun euskaldun ingururi galdera eginda. Ondorioen artean, beste galdera bat: «Zergatik ibili behar behar dugu beti borrokan euskara erabiltzeko? Zergatik eskatzen digute beti borroka hori leku guztietan?».

Euskara eremu digitaletara eramateko ahaleginak egin dira, eta erabileran dago orain erronketako bat. Finantza entitateen eremuan aztertu duzu zuk gaia. Sei entitate aztertu dituzu, euskarazko arta eskaintzen dutenak guztiak ere, eta bostehun euskalduni baino gehiagori egin diezu galdera. Zer ondorio atera dituzu?

Datu zehatzak lortzea ez da erraza. Finantza entitateek eurek ere ez dute jarraipenik egiten; oso entitate gutxik egiten diote jarraipena sistema digitaletako euskararen erabilerari. Laboral Kutxak urtero egiten ditu kutxazainetako neurketak, eta eragiketa guztien %15 inguru egiten dira entitate horretako kutxazainetan euskaraz. Gero, online bankan-eta, neurketak egitea askoz ere zailagoa da; nabigatzailearen araberakoa izaten da, gainera, askotan hizkuntza hautua, eta hor neurketak egitea oso zaila da. Laboral Kutxak egin izan ditu, adibidez: haiek aitortzen dute ez direla oso zehatzak, baina gutxi gorabehera erabiltzaileen %3k erabiltzen dituzte zerbitzu horiek euskaraz. Kutxabankek iaz egin zuen neurketa bat, eta %4-edo izan ziren. 

Erabilera apala da. Zuk gaiari buruz galdera egin diezu euskaldunei. Nola ulertu hori? Zer esan dizute? 

Askok aitortu dute euskara erabiltzen dutela, baina ez dakit guztiz egia-egia den. Izan ere gero, askotan, aurrez aurre eskatzen diezu: «Mesedez, sar zaitez zure aplikazioan, eta ikusi zer hizkuntzatan daukazun». Eta pentsatzen dute euskaraz daukatela, eta ez daukate. Eta esaten dizute: «Nik nire banketxeari esaten diot euskaraz nahi ditudala gauzak». Ja, baina gero deskargatu dituztenean, gaztelaniaz deskargatu dituzte. Zerbitzuak euskaraz erabiltzen dituen jendea: horiek dira euskaldun kontziente eta aktiboak. Hitz horiek askotan errepikatu ditut ikerketan. Sistema digitalak euskaraz erabiltzeko, benetan euskaldun kontziente eta aktiboa izan behar duzu. Normalena da gaztelaniaz jasotzea informazioa: mundu digitalean hori da ohikoena, horrela erabakitzen dutelako enpresek, garatzaileek. Hori izan da galdetegian, gainera, gehien aukeratu duten erantzuna. Zergatik ez duzu erabiltzen euskaraz? «Gaztelaniaz agertzen zaidalako». 

«Sistema digitalak euskaraz erabiltzeko, benetan euskaldun kontziente eta aktiboa izan behar duzu»

Eta auzitan ez delako jartzen...

Eremu digitalean, oso modu naturalean egiten dugu erdaraz. 

Ikerketan, hizkuntza hautuan eragina duten faktoreak aztertu dituzu. Zein dira?

Arrazoi batzuek norbanakoarekin daukate zerikusia: norbanakoaren gaitasunarekin, jarrerarekin. Gaitasun aldetik, askok esan dute: «Nik, diru kontuetan, nahiago dut gaztelaniaz». Horren atzetik zer dago?

Hiztun askoren gaitasuna urria da.

Hori da. Erraztasun handiagoa baldin badaukat erdaraz hitz egiteko, logikoena da zerbitzu horiek erdaraz kontsumitzea. Hori hor dago. Terminologia kontuetan-eta ez dugunean geure burua oso trebe ikusten, azkenean, beldurra daukagu, konplexuak ditugu. Hor ere badaukagu lan bat egiteko. 

«Terminologia kontuetan-eta ez dugunean geure burua oso trebe ikusten, azkenean, beldurra daukagu, konplexuak ditugu. Hor ere badaukagu lan bat egiteko»

Ikerketako ondorioetako bat: gazteen artean urria da euskararen aldeko hautua.

Ingurune digitalean bai, eta zerbitzu hauei dagokienez ere bai. Nik uste dut natibo digital izatearekin lotuta dagoen kontu bat ere badela: ohituta daude hainbat hizkuntzatan nabigatzen, eta gaztelaniaz etortzen baldin bazaie informazioa...

Betor, ezta?

Hori da. Eta horrela erabiltzen dute, bai.

Beste zer faktore hartu behar dira kontuan?

Legeriarekin lotutako kontuak ere hor daude. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Dekretua hor dago, finantza entitateak ere eraginpekoak dira, eta betetzen dute? 2014an egin zen neurketa bat, eta haiek ziren alor sozioekonomiko pribatuan gehien betetzen zuten entitateak, baina erdiek bakarrik betetzen zuten. Ordutik, ez da egin neurketarik. Eta, pentsa, saltoki handietan-eta egoera txarragoa da oraindik. Baina badaukagu dekretu bat, ez da betetzen, eta ez da ezer gertatzen. Horrek ere konponbidea behar du.

Zuk aztertu dituzun sei entitateek eskaintzen dute zerbitzua euskaraz, baina modu erraz eta eskuragarri batean egin daiteke euskararen hautua?

Euskara eskuragarri dago? Bai. Lehen pantailan? Ez. Batzuetan, bai; gehienetan, ez. Eta, adibidez, zera gertatzen da: zuk nabigatzailea gaztelaniaz baldin badaukazu, online bankara sartzen zarenean gaztelaniaz aurkituko duzu informazioa, eta zeuk aldatu beharko duzu. Lehen esan dut: modu kontziente eta aktibo batean egin beharko duzu aldaketa. Gauza bera mugikorrarekin ere: normalean, erosten ditugunean, gaztelaniaz konfiguratuta egoten dira.

Eta gaztelaniara eramaten zaituzte...

Ingurune digitalak beti eramaten zaitu gaztelaniaz erabiltzera dena. Entitateen egiteko moduak ere eragina dauka. Adibidez, finantza entitate batek ez badu erabiltzen euskara modu presentzialean, bere irudian ez badu erabiltzen, nekez erabiliko du bezero batek sistema digitaletan euskara. Era berean, finantza entitateetan bezero fitxa egitean hor hizkuntza aukera egoten da, baina gehienetan galdetu ere ez dute egiten. Gutxiengoa dira hala egiten dutenak. Zer gertatzen da orduan? Dena gaztelaniaz jasotzen duzula sistema digitaletan. 

«Kontsumitzaile eta erabiltzaileen dekretu bat izatea oso ondo dago, baina ez badauka inongo ondoriorik ez betetzeak, bada, horrek ekarri gaitu ekarri gaituen lekura»

Zer bide landu daitezke hor hobera egiteko?

Denok daukagu zeregina. Norbanakoak badauka zeregina: erraztasun handiagoa izateko, erabili behar egin behar duzu, eta kontziente izan behar duzu, aktibo izan behar duzu. Kontzientzian eragin behar dugu. Oso lotuta dago hori Euskalgintzaren Kontseiluak egindako azken ekitaldiarekin: pizkundearekin. Aktibo izan behar dugu, eta egin egin behar dugu. Baina badaude beste muga batzuk ez dutenak errazten erabilera, eta horiek beste batzuen ardurak dira. Erakunde pribatuek eta administrazioek hor bat egin behar dute, eta aurrera egin behar dute. Esaterako, lege aldaketa bat behar da: kontsumitzaile eta erabiltzaileen dekretu bat izatea, adibidez, oso ondo dago, baina ez badauka inongo jarraipenik eta inongo ondoriorik hori ez betetzeak, bada, horrek ekarri gaitu ekarri gaituen lekura. Eta diskurtsoak ere landu behar ditugu; enpresa batentzat euskara kudeatzeak onura bat eduki behar du, eta hori ulertarazi behar zaie. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA