Beste estutu bat eman dio Espainiako Gobernuak hezkuntza erreformari: euskara «espezialitateko» ikasgaitzat jo du plan berrituan Jose Ignacio Wert ministroak. Gaztelania eta atzerriko hizkuntzak baino atzerago ageri da zerrendan, ordu kopuruak ere zehaztu gabe. Murgiltzea ezbaian jarri du, euskara eta gaztelania «orekaz» erabili behar direla adieraziz.
Urtea bada PPren gobernuak erreforma iragarri zuela, eta Espainiako Kongresuko bidea hasiko du aurki. Helburua da ikasturtea amaitu aurretik onartzea, datorrenean bertan martxan jartzeko. Aurretik, erkidegoekin bilera egin zuen Wertek atzo. Hegoaldetik, han ziren Marian Ozkariz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea eta Jose Iribas Nafarroako kontseilaria. Akordiorik ez, eta hilaren 19an bilduko dira.
Aurrez aztertu gabeko dokumentu bat aurkeztu zien Wertek. Bezperan igorri zien Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Onartzeko prestatutako dokumentua da. Orain, bilerarako eguna 19rako jarrita, EAJk izango du zeresana. Isabel Zelaa (PSE-EE) ez da egongo. Ordurako izendatua beharko luke Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriak.
HIZKUNTZAK
Murgiltze eredua, zalantzan
Orain arteko planetan ez zen ageri irakats hizkuntzei buruzko aldaketarik. Egia da, ordea, azken boladan alor hori begitan hartuta aritu dela ministroa —ikasle katalanak «espainiartzeaz», adibidez—, eta lege proiektuan xedapen gehigarri bat sartu du orain.
Finean, hiru agindu ageri dira hizkuntzei buruzko xedapenean. Bat: gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatu behar da, eta gaztelania jakiteko betebeharra ere bai. «Beharrezko neurriak hartu behar dira ikasle guztiek gaztelania uler dezaten eta zuzen mintza daitezen, ahoz eta idatziz». Bi: beste hizkuntza ofizial bat badago —kasurako, euskara—, ezin da baztertu gaztelania. «Administrazioek, hizkuntz normalizazioari begira, eman ahalko diote beste tratu bat hizkuntza koofizialari; arrazoizko proportzioan, eta gaztelania kanpoan utzi gabe, nolanahi ere».
Eta hiru: «Banaketa egin arte, gurasoek izango dute hizkuntza hautatzeko modua. Nahi dutena ez badago sare publiko edo itunpekoan, pribatura jo ahalko dute, gastuak administrazioei utzita».
Hiru alor horietatik, ondorioak ere hiru. Bat: euskarazko murgiltze ereduak ezbaian jarri ditu PPk. Bistan da neurri horrek Katalunian izango duela eragin handiena gaur-gaurkoz, baina Hego Euskal Herrian aurrera begirako pausoak baldintza ditzake. Lehen ere egin izan dira saioak —euskara irakats-hizkuntza gisa jarriz Haur Hezkuntzan, esate baterako—, eta badira estilo horretako proposamen gehiago ere; besteak beste, Kontseiluak eginikoa: Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen.
Bi: egungo ereduak eta hiru eleko proposamena kolokan egon litezke. «Oreka» hartu du ahotan Wert ministroak. Ikusteko dago D eredua orekatutzat hartuko ote duen —ikasgai guztiak euskaraz, Gaztelania izan ezik—. Areago, hiru eleko ereduarekin zer gertatuko litzatekeen ere ez dago garbi —euskarak, gaztelaniak eta ingelesak orduen %20, euskarari kasu berezia eginda—; Jaurlaritzako iturriek diote proposamena ikusita ez dutela argi PPk zer jarrera hartuko ote lukeen ereduarekiko.
Eta hiru: adostasunik ezak erabateko ezegonkortasunean sar dezake hizkuntzei buruzko gaia. Zirriborroak dio «hezkuntza administrazioei» dagokiela hizkuntzen banaketa zehaztea; hots, Espainiako Gobernuari, eta Gasteizkoari eta Iruñekoari. Eta adostasunik ez badago? Aurreikusi du hori Wertek; sare publikoan edo itunpekoan ez badute aurkitzen nahi duten ereduko ikastetxerik, sare pribatura jo ahalko dute, gastuak administrazioari pasatuta.
Wertek nabarmendu du neurri horiek ez direla hizkuntza koofizialen aurkakoak. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia ekarri du gogora; Kataluniako murgiltze eredua atzera bota zuen. «Epaiak betetzea da helburua. Ez gara ari katalanari garrantzia kentzen». Esan du gaztelaniak izana behar duela eskoletan, «ez izena soilik».
Irakats hizkuntzei buruzko legeak jartzea erkidegoen eskumena izan da orain arte. Wertek ukatu egin du eskumenak kentzen ari dela. «Diziplina jarri nahi dugu».
CURRICULUMA
Oinarrizkoa, estatuaren esku
Berritasun nagusia hizkuntzei buruzkoa bada ere, Wertek beste urrats bat egin du zentralizazio bidean: iragarri du estatuak bere gain hartuko dituela «enborreko» ikasgaiak. Honakoak: Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Gizarte Zientziak, Natur Zientziak, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia, Filosofia eta Latina. Portzentajeei buruz hitz egin du orain arte Wertek —Madrilek edukien %65 ezartzeaz, orain baino hamar puntu gehiago—; oraingo planean dio estatuari dagokiola «enborreko» ikasgaien edukia ezartzea. Wertek ulertzera eman du Madrilek ezarriko duela eduki oso-osoa.
Zeresana beste ikasgai batzuetan izango dute Hegoaldeko erakundeek eta ikastetxeek, «arinagotzat» jotzen dituzten ikasgaietan: Gorputz Heziketa, Erlijioa edo ordezkoa, Artea, Musika, Teknologia, Kultura Klasikoa, Atzerriko bigarren hizkuntza... Bistakoa da aldea. «Enborreko» ikasgaiek gutxienez orduen erdiak hartuko dituzte; erkidegoen esku daudenek, gehienez ere erdiak.
Eta Euskara ikasgaia? Aipatutako horiek guztiak baino atzerago dago. «Espezialitateko» ikasgaia izango da, zehaztutako hiru irakasgai klaseetan azken postukoa. Ikasleek nahitaez eman beharko dute ikasgaia, hizkuntza ofiziala denez gero, baina bazterrekoa izango da: ez diote gutxieneko ordu kopururik ere zehaztu. Ikasgai horren curriculuma Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku utziko du PPk. Wertek ukatu egin du euskara gutxiestea dela hori. «Antolatzeko era bat da, ez ikasgaien rankinga».
Azterketetan Euskarak zeresanik ez izatea nahi zuen, gainera. «Azterketa nazionaletan» ikasgai horretako edukiak ez sartzea. Ministroak atzera egin du, eta ebaluatuko dituzte. Erkidegoen esku egongo da Euskara proba ezartzea. Espainiak jarriko ditu gainerako guztiak, eta haren menpeko ikasgaiek, «enborrekoek», izango dute toki gehien. Proba gainditzea ezinbestekoa izango da titulua lortzeko. Emaitzak jendaurrera aterako dituzte, eskolaz eskola.
Deigarri da LH Lehen Hezkuntzaren amaierako kasua. Egingo diete azterketa, baina ez da erabakigarria izango DBHra igarotzeko. Ikasleak nola ari diren ebaluatuko dute matematikan, zientzietan eta hizkuntzan. «Ama hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna» aztertuko dute. Ez dute adierazi zer gertatuko den kanpotarrekin.
ERLIJIOA
Ordezko ikasgaia eratuko dute
Hasierako asmoak ikasgai ideologikoetan ere aldatu ditu ministroak. Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaia kenduko zuela iragarri zuen, eta haren ordez Heziketa Zibiko eta Konstituzionala izango zela iragarri zuen. Azkenean, ordea, ez dute horrelakorik ipiniko.
Espainia goraipatzeko ikasgai bat taxutu zuen Wertek, Heziketa Zibiko eta Konstituzionala izenarekin. Eskuineko sektoreek txartzat jotako gaiak kendu —homosexualitateari, parekidetasunari eta horrelakoei buruzkoak—, eta erabat gai politikoak sartu zituen —Espainiaren sinboloak eta legeak, «nazionalismo baztertzailea» eta horrelakoak—. Ordea, ez zuen lortu sektore horien babesa; horrelako ikasgairik ez emateko eskatu zioten, eta jaramon egin die.
Beste alor batean ere bai: Erlijioa ikasgaia aukeratzen ez dutenek derrigor eman beharko dute beste ikasgai bat, eta edukiak ere zehaztu dizkiote. Orain arte, hutsunea izan du legeak alor horretan. Legeak dio: nahi duten ikasleek Erlijioa eman behar dute ikastetxean, eta horrek ezin die kalterik eragin gainerakoekiko. Finean, Erlijioa aukeratzen dutenak eskola horretan daudenean besteak ordua betetzen egoten dira, ez baitute edukirik emateko, eta curriculuma ezin baitezakete landu. Hori bai, joera izan da inork Erlijioa aukeratzen ez badu curriculuma lantzeko erabiltzea orduak.
Elizak maiz salatu du Erlijioan gero eta gutxiagok ematen dutela izena horregatik. Werten soluzioa: Lehen Hezkuntzan Balio Kultural eta Sozialak ikasgaia jartzea; Bigarren Hezkuntzan, Balio Etikoak. Notarako ez dute kontatuko, baina bai mailaz pasatzeko.
Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren erreforma
Euskara «espezialitateko» ikasgai jo, eta gaztelania indartuko du PPk
Murgiltze eredua kolokan utzi du Madrilek: gaztelania «eskolatik at» ezin dela utzi esan du, euskararekin «orekan» egon behar duelaOinarrizko ikasgaien curriculuma bere gain hartuko du Wertek; Historiarena, esaterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu